Irailaren 26an, Tolosaldean euskararen alde lanean aritu diren eta dabiltzan eragile, talde eta norbanako ugariren lana eta lorpenak aitortu eta ospatuko dira Tolosako Leidor aretoan egingo den Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan saioan. 12:00etan hasiko da Galtzaundi Euskara Taldeak antolatutako ekitaldia, eta musika, umorea eta bertsoak uztartuz, eskualdeko hainbat protagonisten testigantzak jasoko dira, beste hainbat sorpresarekin batera. «Tolosaldeko euskalgintzaren ekitaldi berezi bat ospatzera goaz», zioen Mikel Artola Galtzaundiko kideak, goizean egindako ekitaldiaren aurkezpenean.
Hiru helburu izango ditu saioak. Batetik, arestian aipatutako lorpenak aitortzea. Bestetik, udazkenean egingo den Euskaraldiaren abiapuntu izan eta eskualde mailan aurkeztea. Azkenik, Tolosaldeak etorkizunera begira dituen erronken berri eman eta horiek gizarteratzea.
Egun bizi dugun larrialdi egoera kontuan izanda, osasun eta higiene neurriak errespetatuz ospatuko da ekitaldia. «400 ikuslera mugatu behar izan dugu edukiera. Bertaratzeko, beraz, ezinbestekoa izango da gonbidapenak aurrez eskuratzea». Galtzaundiren Tolosako egoitzara gerturatuz (Nafarroa etorbidea 6), 943 65 50 04 zenbakira deituz edota galtzaundi@galtzaundi.eus helbide elektronikora mezua idatziz lortu daiteke.
Aurtengo udaberrian eman zen jakitera iazko kale neurketan jasotako datu historikoa: Ehun urtean lehen aldiz, gaztelania baino euskara gehiago entzun da Tolosako kaleetan. «Lorpen ikaragarria da, hain zuzen, lorpen kolektiboa, eskualdeko eragile, talde eta norbanako ugariren lanaren fruitua», diote Galtzaunditik. «Datuak ikusi genituenean, ospatu behar genuela pentsatu genuen», zioen gaur goizeko aurkezpenean Kike Amonarrizek. «Hala ere, gero COVID-19aren pandemia heldu zen, eta dena geldiarazi zuen».
Joera mantentzeko nahia
1985etik egiten dira kale neurketak Tolosan. «Ziurrenik, Euskal Herrian dagoen erabilerari buruzko datu-serie luzeena da», adierazi du Amonarrizek. Azken urteetan, baina, hobekuntzarako joera ez da lineala izan, eta gorabeherak izan ditu, goranzko joerarekin, hori bai. 1985ean, %29koa zen euskararen erabilera; orain, %49koa. Gorakada, gainera, ezagutzan izan den hobekuntzarekin batera heldu da; hemen ere 20 puntu egin baitu gora.
Tolosakoak dira datu horiek, baina esan beharra dago, eskualdean bestelako joera bat ikusten ari garela. «Tolosan hobetzen ari gara euskararekiko datuetan, baina eskualdean, herririk euskaldunenetan, hau da, arnasguneetan, atzeranzko joera bat dago. Herri gehienetan ezagutzan atzera egin dugu azken urteetan, baita kaleko nahiz etxeko erabileran ere. Batean irabazten ari garena bestean galtzen ari gara. Tolosan irabazten ari garena ere, eskualdeko egoera horri esker irabazi dugu», nabarmendu du Amonarrizek. «Guzti honek, ondorio batera eramaten gaitu: ezinbestekoa dela eskualdeko hizkuntza politika komun bat indartzen jarraitzea».
Aurrera begira Tolosaldean euskararen normalizazioak dituen desafioak ere mahai gainera eraman nahi dituzte Leidorreko saioan. Lorpen hauek mantendu edo galdu daitezkeela pentsatzen dute Galtzaundin. «Gerta liteke baina, joera hau mantentzea, eta iaz gertatutakoa gehiagotan gertatzea nahiko genuke. Ezinbestekoa da entitate, elkarte eta erakunde ezberdinek euskararen aldeko politika eta dinamikekin jarraitzea».
Aipatutako emaitza horiek lortzeko, Tolosako eta Tolosaldeko herritar eta erakunde askok egindako lana azpimarratu nahi izan du Amonarrizek. «Irakaskuntza mundu osoa, aisialdi taldeak, kultur eragileak, euskarari ateak zabaldu dizkioten eskualdeko merkataritza establezimenduak, euskarazko hedabideak, eta euskararen aldeko mugimendu sozialak. Galtzaundiko kideontzat erantzukizun erantsi bat suposatzen du horrek. Euskararen alde lanean jarraitu beharra daukagu, eta Leidorreko ekitaldia motibagarria izatea nahi dugu».
100 entitate baino gehiago
Aldi berean, ate joka den Euskaraldia ariketa sozialaren Tolosaldeko aurkezpena egiteko ere baliatuko da hitzordua. Aurtengo edizioko parte hartzaile berriak diren entitateek hilaren 27ra arte izango dute Euskaraldian izena emateko aukera. «Orain arte, 100dik gora enpresa, talde zein elkartek eman dute izena eskualdean», adierazi du Nagore Arinek. Bestalde, norbanakoen izen ematea sustatzeko ere baliatuko da hilaren 26ko ekitaldia. Aurten ere, Ahobizi edo Belarriprest moduan eman ahalko da izena, hilaren 28tik aurrera. «Testuinguru hori girotzeko eta eskualdeko herritarrak euskararen aldeko pauso bat gehiago ematera animatzeko baliatuko dugu saioa».
Hain zuzen, azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitarte egingo da Euskaraldia. Tolosaldean parte hartze handia izan zen duela bi urteko edizioan, 8.000 pertsona baino gehiagok eman zuten izena. Aurten, eskualdeko 24 herritan daude martxan hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa antolatzeko taldeak. «Orain arte lortutakoari eusteko eta eskualdeak dituen erronkei aurre egiteko lanean jarraitu beharko da. Euskaraldiaren lehen edizioko datuak hobetu nahi ditugu».