WATTARIA

Eskolak (III)

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Landa Medrano 2020ko ira. 21a, 08:58

Iritsi zaigu iraila, udari agur esan eta eskoletara itzultzeko garaia. Aurtengo itzulera berezia izango dela dirudi, baina niri aukera aparta eman dit hilabete honetako testuaren sarreratxoa idazteko. Beraz, Sagardui eta Bildarratzen onespena jasota, has daitezela Wattariaren eskolak!

Aurreko bi eskoletan honako hau ikasi genuen: lehenik eta behin, bateria bakoitzean bi elektrodo daudela eta bata oxidatzean bestea erreduzitzen dela. Hau gertatzean elektroiak askatu egiten dira eta gailu elektronikoek elektroi horiek erabiltzen dituzte lana egin ahal izateko. Bestalde, kapazitatea eta boltajea deskribatu genituen: lehenak bateriaren iraupena adierazten du; eta, bigarrenak, indarra. Bi parametro hauek biderkatuta energia lortzen da. Esate baterako, auto elektrikoak energia handia behar du eta, ondorioz, boltaje eta kapazitate handiak behar ditu.

Litio-ioi bateria solteek (zeldek), gehien jota, 3.7 V-ko boltajea ematen dute. Gure telefonoa elikatzeko nahikoa den arren, oso urrun dago -betiko adibidera itzuliz-, auto elektriko batek behar duen boltajetik. Izan ere, 300 V-tik gora behar dira horrelako kotxe bat mugitzeko. Kapazitateari dagokionez, berdina gertatzen da: zelda batek eman dezakeen kapazitatea ez da nahikoa auto baterako. Nola konpondu arazo hau? Zeldak elkarren artean konektatuta.

Zeldak paraleloan konektatuta, hots, polo positiboak elkarren artean eta polo negatiboak elkarren artean jarrita, bateriaren kapazitatea gehitzen da. Esate baterako, mugikorreko bi bateria elkarren artean paraleloan konektatu eta telefonoa horien bidez elikatuz gero, iraupen bikoitza izango du. Eta zer gertatzen da positiboa negatiboarekin eta negatiboa positiboarekin (seriean) konektatuz gero? Boltajea batuko dela: 3.5 V-eko bi zeldek seriean 7 V emango dituzte, iraupenean eraginik izan gabe.

Zelda batek eman dezakeen kapazitatea ez da nahikoa auto baterako. Nola konpondu arazo hau? Zeldak elkarren artean konektatuta

Seriean edo paraleloan: beharrezkoa al da aukeratzea? Ez! Ohikoena zelda multzo bat osatu eta paraleloan konektatzea da (modulua deitzen zaio talde honi). Ondoren, modulu ezberdinak seriean konektatuta boltajea handitzen da. Konexio hauen diseinuaren arduradunak ingeniari elektrikoak izan ohi dira. Moduluak osatzerakoan, oso garrantzitsua da zeldak modu konpaktu batean biltzea (ingeniari mekanikoen lana). Bestalde, energia handitzen dugun heinean, arriskuak ere handitzen dira: hori dela eta, ingeniari elektronikoek segurtasun sistemak garatzen dituzte tenperatura, boltajea edota beste parametroren batek ezohiko balioak izanez gero, honen berri izan eta segurtasun protokoloa aktibatzeko. Segurtasun protokolo hauek txartel elektronikoetan sartzen dira, eta txartel hauek sentsore ezberdinak izaten dituzte.

Europar Batasuna zelden garapena hona ekartzeko inbertsio handia egiten ari den arren, egungo zelda fabrikatzaile gehienak asiarrak dira

Beharbada ohartuko zinen, irakurle, ingeniari hitza behin baino gehiagotan aipatu dudala. Izan ere, Europar Batasuna zelden garapena hona ekartzeko inbertsio handia egiten ari den arren, egungo zelda fabrikatzaile gehienak asiarrak dira. Mendebaldeko enpresek gehienetan zelda hauek erosi eta ingeniaritza lanaren bidez euren arteko konexioak optimizatzen dituzte. Hori da, hain zuzen, iraila honetan bertan Tolosan abian jarri den Mubil zentroaren ikerketa gaia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!