WATTARIA

Eskolak (II)

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Landa Medrano 2020ko mai. 9a, 18:59

Aurreko atalean baterien funtsezko funtzionamenduaren azalpen (mardula?) egin nuen. Zera nioen: «Bateria bakoitzean bi elektrodo daude, eta haietako batek norabide batean eta besteak kontrakoan erreakzioak egiten dituztenean (hauen izenak oxidazioa eta erreduzkioa dira) elektroiak askatzen dira, gure tresnen elikagai elektrikoa. Batzuetan bateria entxufatu eta erreakzio hauek itzulgarriak izango dira (telefono mugikorren kasuan, adibidez, bateria kargatu daiteke), eta beste kasuetan ez (erlojuko pilak, kasu)».

Oraingo honetan, bateria baten funtzionamendua nola ebaluatu jakiteko argibideak emango ditut. Itzali zure sakelako telefonoa, atera bateria eta eman begiratu bat etiketari. Ziurrenik bi zenbaki agertuko zaizkizu; batak, V izango du alboan (tentsioa edo boltaia da) eta besteak Ah, mAh (kapazitatea, alegia) edo Wh (energia). Kontzeptu hauek zer diren azalduko dizuet. 

Beharbada, azaltzen errazena kapazitatea izango da; eta, alper samarra naizen aldetik, hortik abiatuko naiz. Kapazitatea, finean, bateriak zenbat denboran lan egin dezakeen esan nahi du. Zenbaki handiagoa izateak agortu aurretik denbora luzeagoz lan egin dezakeela esan nahi du. Hala ere, beti bezala, gauzak ez dira horren sinpleak. Telefono baten bateriak, esaterako, 1.000 mAh izan ditzake eta bi egunez lan egin dezake kargatzeko beharrik gabe. Baina horrek esan nahi al du kotxe elektriko batera konektatuz gero kotxea bi egunez ibili ahal izango dela kargatu gabe? Ez, noski. Gu sprint bat egiten edo paseotxo bat ematen denbora berdina irauteko gai ez garen bezala, energia eskaera handiagoek baterien erabilera denbora murrizten dute.

Bigarren parametroa, boltaia edo tentsioa, bateriaren indarraren erakusle da; boltaia handiagoarekin indar handiagoa izango dugu. Pentsa dezagun une batez, gure bateria harri-jasotzaile bat dela. 200 kiloko harria altxatzeko ezinbestekoa izango da tentsio handia! Harria behin eta berriz denbora luzez altxatzeko kapazitate handia beharko du. Zer da hobea, tentsioa ala kapazitatea? Biak! Baina, siestako mantarekin lepoa edo oinak tapatu aukeratu behar izaten dugun bezala, bateriekin ere askotan aukeratu egin behar izaten da. Merezi al du gure telebistako aginteak sekulako indarra izateak? Ez, iraun dezala urte asko eta lan gutxiago emango dit! Nork nahi du, ordea, labea edo ura berotzeko bi ordu itxaron? Aplikazio batzuetarako aproposagoak dira bateria batzuk, eta beste batzuetarako, besteak.

Eta auto elektrikoak? Zein bateria behar dute? Zer da hobea, auto elektriko bat 2 km/h-ko abiaduran 8.000 km egitea edo 200 km/h-ko abiadura 2 segundotan hartu eta 5 minutuz lana egitea? Bat bera ere ez, noski. Autoek biak behar dituzte, hau da: energia (lehen aipatutako Wh horiek). Energia kapazitatea eta potentzia biderkatuz lortzen da (mAh edo Ah bider V). Tentsio handia eta kapazitate handia duen bateria bat da automozio industriak nahi eta etengabe bilatzen duena. Egun aukera dezente daude, aipatutako siestarako manta bezalaxe, batzuk tentsio indartsuagoarekin eta besteak kapazitate luzeagoarekin. Baina beste egun baterako utziko dugu zelda mota bakoitzaren konparaketa, nahikoa baita gaurkoz. Hurrengo eskolan ikusiko dugu elkar!

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!