Wattaria

Eskolak (I)

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Landa Medrano 2020ko ots. 1a, 19:59

Argitaratu dizkidate dagoeneko bi testu, eta oraindik ezer gutxi hitz egin dut baterien inguruan.

Nire buruaren aurkezpenak eta Nobel Sarien banaketak bide eman zidaten une hau atzeratzeko baina, irakurle, iritsi zaizu baterien inguruan zer edo zer ikasteko garaia. Izan ere, etorkizunean baterien albiste eta bitxikerien iruzkina egiteko asmoa badut ere, beharrezkoa iruditzen zait aldez aurretik hainbat kontzeptu azaltzea, etorkizunekoa ulergarriagoa izan dadin. Kirolariek denboraldi-aurrea egiten duten bezala hurrengo hilabeteetan jokoaz gozatzeko, has dadila denboraldi-aurrea elektrokimikoa!

Lehen eginbeharra, beharbada, bateria bat definitzea litzateke. Funtsean honako hau da: energia kimikoa energia elektriko bihurtzeko gai den gailua (hortik elektro... kimika). Denok uler dezagun: bateriek osagai batzuk dituzte, egitura kimiko jakin bat dutena. Erabiltzerakoan, hots, gailu bat konektatzerakoan, egitura hori pixkanaka aldatuz joango da, A egituratik B egitura pasako da. Prozesu honetan elektroiak (partikula txiki-txikiak, karga negatiboa dutenak) askatuko dira, eta elektroi hauek gure gailuak (telefonoa, ordenagailua…) elikatuko dituzte, euren erabilera ahalbidetuz. Dena den, iritsiko da une bat non A guztia agortu eta B bakarrik izango dugun. Akabo elektroi jarioa! Itzali zaigu telefonoa! Bi aukera daude orduan, esku artean daukagun bateria motaren arabera. Alde batetik, berriz karga dezakegu: entxufe batera konektatu eta apurka elektroiak jango ditu gure bateriak, B guztia atzera A bihurtuz (energia elektrikoa berriz ere energia kimiko bihurtuz). Kasu honetan, bateria sekundarioa edo itzulgarria izango dugu. Dena den, badaude pila bezala ezagutzen direnak ere (bateria primarioak); hauen kasuan alperrik da korronte elektrikora konektatzea, ezinezkoa baita B-tik A-ra atzera egitea!

Orain azalpena pixka bat zailtzeko garaia da. Izan ere, ez da soilik A-tik B-rako erreakzio bat gertatzen. Agian entzungo zenuen noizbait elektrodo hitza: bateria bakoitzak hauetako bi dauzka. Funtsean, hauetako bakoitzean erreakzio bat gertatzen da: hauetako batean C-tik D-ra pasako gara, eta bestean F-tik E-ra. Argi, hau garrantzitsua baita! Elektrodoek valsbat dantzatzen dute: batek aurrerapausoa emandakoan (C-tik D-ra, oxidazio erreakzioa) besteak, halabeharrez, atzerapausoa eman beharko du (F-tik E-ra, erreduzkio erreakzioa). Bateria kargatzerakoan, ordea, lehen elektrodoa D-tik C-ra pasatzen denean (erredukzioa, atzerapausoa), bigarrena E-tik F-ra itzuliko da (oxidazioa, aurrerapausoa).

Eta aski da gaurkoz! Informazio gehiegi agian, baina laburbilduz gero agian hobeto ulertuko dena: bateria bakoitzean bi elektrodo daude, eta haietako batek norabide batean eta besteak kontrakoan erreakzioak egiten dituztenean (erreakzio hauen izenak oxidazioa eta erreduzkioa dira) elektroiak sortzen dira, gure tresnen elikagai elektrikoa. Kasu batzuetan bateria entxufatu eta erreakzio hauek itzulgarriak izango dira (telefono mugikorren kasuan, adibidez, bateria kargatu daiteke), eta beste batzuetan ez (erlojuko pilak, kasu).

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!