Mugikortasun berrian, Gipuzkoa nazioarteko erreferente bihurtzeko

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko ira. 2a, 16:59

Zenbait ordezkari politiko gaur goizean Tolosako Usabal Industriaguneko egoitzara egindako bisitan. JOSU ARTUTXA

Urte amaierarako irekiko ditu ateak Tolosan kokatuko den Mubil enpresaren behin-behineko egoitzak. 2.300 metro karratu izango ditu eraikinak, hiru solairutan banatuta.

Donostiako Eskuzaitzeta industriagunera lekualdatu aurretik, Tolosako Usabalen kokatuko da Mubil Gipuzkoako Elektromugikortasun Zentroaren behin-behineko egoitza. Jada martxan dira obrak, eta urte amaierarako aurreikusten dute irekiera. «Lurraldearentzat albiste oso garrantzitsua» dela adierazi du Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak; «mugikortasun berrietan Gipuzkoa nazioarteko erreferente bihurtzea da proiektuaren helburua» gehitu du.

Gaur goizean Tolosako egoitzara egindako bisitan hartu du parte Olanok. Berarekin batera izan dira, besteak beste, Ane Insausti Mubileko zuzendaria, Olatz Peon Tolosako alkatea eta Eneko Goia Donostiako alkatea. Olanok eskerrak eman dizkio Peoni, Tolosako Udalak uneoro erakutsitako elkarlanerako borondateagatik eta egindako ahaleginagatik; «onuragarria izango da Tolosarentzat, eta eskualde osoarentzat».

Etorkizuna Eraikiz programaren testuinguruan jaio zen Mubil, pasa den urteko apirilean. «Lan lerroetako bat Gipuzkoaren espezializazio adimentsua indartzea da. Lurraldearen etorkizuneko erronkak identifikatzen ari gara, gaurtik hasita, biharko Gipuzkoa eraikitzeko», gogoratu du Olanok. Insaustik, berriz, Mubilek «lau norabideko apustua» egiten duela adierazi du: «azpiegitura teknologiko indartsua garatzea, ekintzailetasuna sustatzea, ezagutza sortu eta kudeatzea eta esperimentazioaren bitartez Gipuzkoa oso laborategi erraldoia bihurtzea».

Kokapen estrategikoa

Olanoren esanetan, «urrats garrantzitsua» eman da behin-behineko egoitza kokatzearekin batera, «hemen egongo baita proiektuaren muina». 2.300 metro karratu ditu eraikinak. Beheko solairuan sarrera eta 90 metro karratuko showroom bat kokatuko dira. Lehen solairuko 500 metro karratuetan bulegoak eta formakuntza gela. Azkenik, bigarren solairuan, 1.400 metro karratuetan, energia biltegiratzearen arloko laborategi aurreratua egongo da, CIDETEC enpresak kudeatuko duena. «Europa mailan punta-puntako ekipamendua izango du, eta lurraldeko enpresa guztiek izango dute aukera bertan prototipo eta produktuen probak egiteko», adierazi du Olanok. Horrela, azpiegitura ezagutu eta erabiltzen hasteko gonbita luzatzen die Gipuzkoako konpainiei.

Egungo testuinguruan, erakunde publikoetatik berrikuntzaren eta elektromugikortasunaren alde apustua egitea «ezinbestekoa» dela nabarmendu du Peonek. Hori dela eta, eskerrak eman dizkio Aldundiari, Tolosaren aldeko apustua egiteagatik. «Ez da kasualitatea hemen kokatu izana, eskualdearen izaera industrialagatik eta kokapen estrategikoa dela eta». Zentroak aukera berriak sortuko dituela ere esan du, epe motz eta ertainera zein luzera begira. «Enpresen lehiakortasun eta nazioartekotzerako lagungarri izango da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!