Ostegun Gizena 2015

Zezenaren aurrean ere dantzan

Maier Ugartemendia 2015eko otsailaren 12a

Eguraldiak lagunduta, jendez lepo bete da Tolosako zezen plaza. Giro bikaina jarri dute txarangek, barruan nahiz kanpoan.

Zezen plaza lepo bete da, zezenak eta zezenzaleak ikusteko. Eguraldi ederra izan da, eta plazaren erdiak eguzkia pare-parean izan du. Giroak zalantzarik gabe plaza betetzen lagundu du. Txarangari jarraituz iritsi dira gehienak zezen plazara, eta plazaren barruan salto eta pote ibili dira; betiere zezena atera aurretik. Izan ere, txarangaren danbor soinua jotzen hasterako, gehienak ikusleen artean eserita zeuden.

Txarangen doinuek eserita zeudenen hankak mugitu dituzte. Txikienek, berriz, serpentinak eta konfetiak botatzen igaro dute arratsaldearen zati handi bat.

Zezen plazaren barruan, aldiz, urtero ikusi ohi ditugun zezenzaleak ziren, baina aurtengoan zezenzaleen kopuruak gora egin duela dirudi. Ugariak izan zezenaren aurrean jartzera ausartu direnak, eta zenbaitek egindako salto eta lasterketek ikusleen txalo zaparradak jaso dituzte.

Ikuskizun polita eskaini dute bertan izan diren zezenzaleek, baina ikuskizun politena ikusleek eskaini dute; zezen plazan giro bikaina jarri baitute.

Ernaieko solidarioak ere izan dira, zezen plazara preso eta iheslarien etxeratzea eskatzeko aldarrikapena eramanaz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!