Ostegun Gizena 2015

Hasi dira #inauteriak15!

Ataria 2015eko otsailaren 12a

Hasi dira Tolosako Inauteriak. Eguraldi bikainak lagunduta, jendez lepo egon da Plaza Zaharra. Ikusi Ostegun Gizeneko argazki galeriak eta bideoak hemen.

Mozorroa prestatzen baino, zerura begira igaro ohi dira tolosarren egunak, Ostegun Gizena iritsi aurretik. Interneten aro moderno honetan, gainera, hamaika dira festarik ederrenetarako iragarpen posibleak. Gaur, ordea, goizean goizetik eguraldia opari bat izan da inauterizaleentzat, eta barneko pozaren pareko zeruaz esnatu da Tolosa.

12:00etako hitzordua betiko erritmoan iritsi da, hori baitute inauteriek: betikoa beti, baina beti desberdin. Eta aurten Joakin Izagirre izan da berritasun horren protagonista. Inauterizale Kuttun, Kabi Alai Kuttun eta inauterizale zoriontsu. Ohorezko izendatzeaz harago, udaletxeko balkoitik Gora inauteriak! oihukatzeko zortea inork gutxik du, eta ederki bete du bere lana Joakinek, begira zeuden ikus-entzule guztiak zinez hunkituz. Oilo-ipurdi sentikorrenetik txarangen atzeko hunkidurarekin jarraitu du omenduak, egunak eskatu bezala.

Irribarreak kale kantoietan

Ikusi egiten da, sumatu, ia usaindu ere bai, Ostegun Gizenak tolosarrari dakarkion poza. Kale izkina guztiei lapur dakieke irribarreren bat edo beste, eta Pintxana eta Kabi Alaitarren inguruan biltzen dira ia denak, On Ostegun Gizenen laguntzaz.

Eta irribarre are zabalagoak sortzeko arrazoirik ere bada, azken urteotan plaza emakumez betetzen hasia baita, pixkana. Emakume, gizon, mutil, neska, tolosar nahiz kanpotar, oasiak epe mugatua izaten du, eta epe horretan, festak mugarik ez. Biharko ajeek ireki diezaiotela, beraz, kolorearen erakusleihoari bidea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!