Tolosako San Joan jaiak, 2014

Maskota eta guzti atera dira gaur Tolosako koadrilak kalera

Maier Ugartemendia 2014ko ekainaren 21a

Larunbatean Kuadrillen eguna izan bazen ere, bestelako hainbat ekitaldi ere izaten ari dira San Joan jaien barruan. Irudi galeria albistearen barruan ikus daiteke.

 

Ostiralean Mikel Arruabarrenak txupinazoarekin Tolosako sanjoanei hasiera eman bazien ere, hurrengo egunean, larunbatean, Tolosako kuadrillak izan ziren beste txupinazo bat botatzeko ardura izan zutenak. Izan ere, larunbata Kuadrillen eguna izan zen Tolosan, eta kuadrilla ezberdinetako kamisetek kolorez jantzi zituzten Tolosako kaleak. Aurten, gainera, kuadrilla bakoitzak maskota bat atera behar zuen kalera, eta mota guztietako maskotak ikusi ahal izan ziren: izurdeak, katuak, hartzak...

Behin txupinazoaren ostean Bonberenea txarangaren atzetik abiatu ziren gazte guztiak kalejiran, bazkal aurreko poteoa egitera. Herri-bazkarian 1.400 pertsonatik gora bildu ziren Euskal Herri plazan, eta bazkal ondoren kuadrilla guztiak dantzan jarri zituen Zesuma taldeak. Egun guztian dantzan jarraitzeko aukera ere izango zuten bai Mulambo perkusio taldearekin edo baita gaueko Humus eta Zea Mays taldeen kontzertuarekin ere.

Esan bezala, larunbateko protagonistak koadrilak baziren ere bestelako ekitaldiak ere antolatu zituzten Tolosan. Goizean, esate baterako, Urtzi Gurrutxagaren omenezko futbol-txapelketa egin zuten Berazubin, eta bertan ere jende asko bildu zen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!