Tradizioa eta berrikuntza uztartzen dituen jaitzat ditu, sanjoanak, Ibai Iriarte Tolosako alkateak. Egitarau ofiziala aurkeztu berri dute Zerkausiko terrazan, eta nabarmentzekoa da jaien ataria epeltzeko asteburu honetan Tolosan izango den festa-giroa.
Gizarte eragileen ordezkari Nekane Berriotxoa, kuadrilla eguneko antolatzaile Elena Minaya eta Ioana Alijostes eta kultura zinegotzi Igor Ezenarro izan dira agerraldian, alkatearekin batera, norbere jarduna azalduz. Horrela, argi geratu da azken urteotako gorakadari eutsi eta are gorago irits daitezkeela aurtengo sanjoanak. Bide horretan, larunbatean bertan, Udalerri Euskaldunen Eguneko egitarauak musika, gastronomia, dantza eta festa ekarriko ditu herrira, eta baita iluntzeko gizarte eragileen jaiak ere; 19:30ean hasita, kalejira, Plaza Berriko emanaldiak eta topa egingo dituzte, sagardo kupelaz lagunduta.
San Joan jaiak, dena den, ekainaren 20an hasiko dira urteroko txupinazoarekin, eta Mikel Arruabarrena futbol jokalariak izango du, aurten, suziria jaurtitzeko ohorea: "Urteroko lanaz eta esfortzuaz ametsak bete daitezkeela adierazten du, Eibar taldearekin lortutakoa ikusita, eta polita iruditu zaigu festak abiaraziko dituen herritarra bera izatea", azaldu du Ibai Iriartek.
Horrela, kuadrila eguna hurrengo egunan izango da eta, aspaldi plazaratu zuten moduan, Maskota hartu dute gaitzat; animalia bizidunak emateko debekuaz ohartarazi nahi izan dituzte parte-hartzaileak, eta baita Tolosako Udalaren edalontziak Euskal Herria plazako irteeretara itzultzeko beharraz ere. Ondoren, egitaraua hizpide izan dute eta, urteroko moduan, kalejira nahiz konztertuz betea dator eguna.
San Joan jaietako egitarau osoa hemen ikusgai: