Jai parekideagoak izateko irizpideak adostu zituen lan-talde batek, iaz. Zein izan ziren zehaztutako ildo nagusi horiek?
Tolosako jaien, tradizioaren eta ohituren inguruan kezka bera zuten herritarrekin taldetxo bat osatu genuen eta, egitaraua hartuta, jai parekideagoak lortzeko bidean, indargune eta ahulguneak zeintzuk ziren aztertzeari eta aldaketarako proposamenak lantzeari ekin genion.
Ondorio nagusi bat marraztu al zenuten?
San Joan jaiak tradizio eta erritu asko dituzten jaiak dira, eta egokitzen joan dira denboran barrena. Tradizioak sortu egiten dira, eta, gaur egun, eskopetarien konpainietan emakumeak ateratzea normaltasunez ikusi eta betikotzat jotzen badugu ere, hori ez da horrela; duela 30 urte zenbait emakumek emandako pauso handi bati esker da. Ohiturak eta errituak, beraz, ez dira berezkoak, hori da ondorioa: gauza biziak dira, jarduera bat behin eta berriro errepikatzearen ondorioz sortuak. Iazko sanjoanetan, lehenengo aldiz, 6 neska bordondantzariz ere atera ziren; aurrez aipatu bezala, orduan apurtzaile eta berritzailea izan zena, hemendik 10 urtera, Tolosako sanjoanetako tradizioaren parte bezala ikusiko dugu. Horregatik, jai parekideago edo irekiagoen alde orain emandako pauso eta aldaketak, errepikatzearen ondorioz, ohitura bihurtuko dira etorkizunean. Eta horixe da, hain zuzen, lortu nahi duguna.
Hori abiapuntutzat hartuz, aurten herri osoari zabaldu nahi izan diozue hausnartzeko aukera. Zein izango da lanerako dinamika?
Herritar guztiek hausnarketa hori egitea nahi dugu, eta festak era kontzientean bizitzea. Horregatik, nahi duen orok parte har dezake. Horretarako, tailertxoetan zenbait jai aztertuko ditugu, eta horrek lagunduko digu gure herriko jaien inguruko ikuspegi kritikoagoa izaten, hutsuneez ohartzeko, askotan ez baititugu ikusten.
Beste jaiei begira ere lan egiteko asmoa duzue?
Sanjoanen ondoren balorazioa egingo dugu eta, handik aurrera, hurrengo jaiak aztertzen hasiko gara, inauteriak alegia. Gauza bera egingo dugu, hutsuneak topatzeko eta horiek aldatzeko.
Jai-ereduen inguruan hausnartu egin behar dela diozue. Herritarrek kontzientzia hori badutela uste duzu? Alegia, horren beharra ikusten al du herritarren gehiengoak?
Ez. Herritarrok, oro har, ez gara horren inguruan hausnartzen hasten. Gauzak beti horrela egin izan direla uste dugu eta, ez, gehienetan, ez dugu pentsatzen horrela egiten jarraitzeko arrazoirik ba ote dagoen edo ez; besterik gabe, hori da ohikoena.
Aisian eta bizitza publikoan gizonezko gehiago ikustea ohikotzat du gizarteak, beraz.
Emakumeek jaietan duten presentzia murritza ez dugu ikusten, eta, presentzia dutenetan ere, zein paper jokatzen duten eta abar ez dugu begiratzen. Dena den, iaz egindako lanketarekin ohartu ginen gazte-jendeak antolatzen dituen jardueretan nahiz kirol arlokoetan parekidetasuna bermatzen dela; adibidez, kuadrillen egunean edo arraun eta sakibaloian. Tradizio luzeagokoetan, ordea, ez da gauza bera gertatzen, oro har.
Gizartearen isla dira jaiak, zuen arabera. Gizartearen poz eta dohain handienetakoak jaietara eramaten diren bezalaxe, gizarteko hutsune edo gaixotasunak ere halaxe eramaten dira, ezta?
Bai, hala da. Urtean zehar, jendartean, gizon-emakumeek dituzten rolak errepikatu egiten dira jaietan ere. Horregatik, aldaketa eta hausnarketa nagusia egunerokoan egin behar da, horrek, ondoren, jaietan izango baitu eragina. Gure egunerako ohiturak, etxe barruko nahiz lagunarteko tradizio txikiak aldatzen hasi beharra daukagu, ondoren, herri oso baten ohituretan eta jaietan eragina izan dezan.
Prozesu honen helburua jaietako errituei begirakoa da soilik, hala parranda-giroan sarri areagotzen diren parekidetasun-ezak ere hizpide izango dituzue?
Lanketaren helburu nagusia jai eta ospakizun parekideagoak izatea da. Horrek, dudarik gabe, ekarriko du zenbait erritu eta ospakizun aztertu eta aldatzea, baina guztia egungo garai eta egoeretara egokitu nahi dugu; jaiak egungo bizimoduaren isla izan daitezen lortu behar dugu. Horrekin batera, bai inauterietan, bai sanjoanetan, kanpaina bat martxan jartzen jarraituko dugu Joka Sano lelopean, tamalez, oraindik ere gertatzen diren sexu erasoak gerta ez daitezen.