Uema Eguna Udalerri Euskaldunen Eguna izango da, aurten, lehen aldiz. Zergatik aldaketa hori?
1991. urtetik hona Uema eguna antolatu izan du urtero mankomunitateak eta, bertan, Uemako udal ordezkariak eta herritarrak biltzen ginen. Horrela, euskararen normalizazioan udalerri euskaldunetatik egin dezakegun ekarpenak elkarlanerako eremu zabalagoa behar duela iritzita, mankomunitateak Uema Egunetik Udalerri Euskaldunen Eguna antolatzeko jauzia eman du. Euskararen arnasguneak sendotzeko instituzio, eragile eta herritarren arteko elkarlana bultzatu nahi dugu, eta Udalerri Euskaldunen Eguna antolatzeko erabakia asmo horri lotuta hartu genuen.
Euskararen arnasguneei garrantzi handia eman diozue. Aipaturiko arnasgune horiek, normalean, herri txikiak izaten dira, baina, Tolosa izan liteke arnasgune handienetako bat?
Biztanleen %70ak baino gehiagok euskaraz dakiten udalerriak biltzen ditugu Ueman. Izan ere, euskararen ezagutza-maila horretara iristen diren udalerrietan hizkuntza-politika aurrerakoiak egiteko baldintzak daudela uste dugu. Horrek, ordea, ez du esan nahi Uemako udalerri guztiak euskararen arnasgune direnik. Arnasguneak euskararen erabilera handiko eremuak dira, euskara nagusi den eremuak, alegia. Eta, horretan, aitortu behar dugu, Uemako zenbait udalerrik ere hutsuneak badituztela. Tolosari dagokionez, argi dago euskararen arnasgune handienetako bat izateko baldintzak betetzen dituen herria dela. Eskualdeburu izanda eta arnasgune diren herriez inguratua dagoela jakinda, gainera, garrantzi berezia du Tolosak, hizkuntzaren ikuspegitik. Horregatik, Tolosa euskararen arnasgune izatea lortzeko, bidea egin behar da erakundeen arteko elkarlanetik abiatuta, euskalgintza eta gizarte eragileekin elkarlanean eta herritarrak ahalmenduz.
Zenbait lekutan euskararen ezagutza asko igo den arren, erabileraren bidea ez da bera. Uemak, erakunde moduan, zer egin dezake ahozkoari eragite horretan?
Uemak ez dauka soluzio magikorik euskararen erabilerak gora egin dezan. Argi dago, herritar bakoitzaren erabakitik abiatuta, ekarpen ezin hobea egin dakiokeela euskararen erabilerari. Baina, sarri, herritarren bizkar gainean jarri izan da euskararen erabileran ditugun hutsuneen zama, eta gu horretan ez gaude ados. Izan ere, euskara jakite hutsak ez du balio, berau erabiltzeko eremurik ez bada. Euskararen erabilera bermatzeko, norbere erabakitik harago ere, bestelako baldintzak behar dira. Eremu bakoitzeko hizkuntza-ohiturak, hegemoniak nahiz beste zenbait faktorek eragin ikaragarria dute edozein hizkuntzaren erabileran. Eta, euskarari dagokionez ere, herritarren ahalmentzeaz harago, euskararen aldeko baldintzak sortu behar dira euskararen erabilera sustatzeko. Baldintza horiek, noski, ez dira bakarrik sortzen; gune horietan hizkuntza-politika berezi eta aurrerakoiak egitea sustatu behar du Uemak, eragile, erakunde eta herritarren arteko elkarlana bultzatzeaz gain.
Zuen sarea handitzea ere oso baliagarria izango da horretarako, eta, hain zuzen, ekainaren 14an, Berastegi ere Uemako kide izatera pasako da. Zein aldaketa ekarriko dizkie horrek berastegiarrei?
Batetik, Uemak Berastegiri egin diezaiokeen ekarpena dago, eta, bestetik, Berastegik euskararen arnasguneak sendotzeko egin dezakeena. Berastegiko Udalak Ueman sartzeko erabakia hartu du, eta horrek erakusten du, udaletik abiatuta, badagoela euskara sustatzeko konpromiso bat. Berastegiko Udalarekin elkarlanean eta urratsez urrats, berastegiarrek beren bizitza publiko zein pribatua euskaraz egin dezaten saiatuko gara. Kontuan izan behar da asko direla udalerri euskaldunetan eragiten duten kanpo-faktoreak: goi-administrazioak eskaintzen dituen hainbat zerbitzu, herriz gaindiko hirigintza planak... Herritik kanpo hartzen dituzten erabaki horiek guztiek, ordea, eragin zuzena dute herri euskaldunetako egoera soziolinguistikoan. Horregatik, garrantzitsua da udalerri euskaldunek beren indarrak batu eta erabaki horietan eragiten saiatzea. Berastegirekin batera Markina-Xemein ere sartuko da Ueman, eta beste batzuk ere bidean dira; pixkana udalerri euskaldunen arteko sarea zabalduz doa. Gero eta indar handiagoa du, bai Uemak, eta baita euskararen arnasguneak sendotzeko aldarriak ere.
Tolosako neurketen arabera, azken urteotan joera positiboa nabari da, izan ere, haur eta gazteek euskaraz izaten dituzte kaleko harreman gehienak. Horiek, hazterakoan, helduen erdal joera nagusi horri buelta emango liokete. Euskal Herrian ere halakorik nabari al da?
Ez da joera orokorra, zoritxarrez. Euskararen ezagutzak gora egin du eremu erdaldunetan, egia da; baina, eremurik euskaldunenetan euskararen ezagutzak behera egiten du, bereziki euskaldunenetan. Eta horrek erabileran zuzen-zuzeneko eragina du. Izan ere, euskaldun gehiago dago euskaraz egiteko gune naturalik ez den lekuetan, eta, aldiz, euskaraz natural eta normaltasun osoz egiten denetan, erdaldun elebakarren proportzioak gora egiten du; horregatik, euskaraz egiteko aukerak murriztu egiten dira. Ez da hori, noski, erabilerak eremu euskaldun askotan behera egitearen arrazoi bakarra, baina bai arrazoietako bat. Udalerriaren arabera ere asko aldatzen dira kontuak. Oraintxe udalerri euskaldunetako bilakaera soziolinguistikoa, sozioekonomikoa eta soziokulturala aztertzen ari gara Uematik, eta, hortik abiatuta, aurrera egiteko gakoak ateratzea espero dugu. Argi daukagun gauza bakarra zera da: udalerri euskaldunak garrantzitsuak direla onartu arren, ez dela gune horiek zaintzeko politika berezirik egin, eta horrek horien egoera soziolinguistikoan kaltea ekarri duela. Oraindik garaiz gaude atzerakada horri aurre egiteko, eta horixe izango da gure erronka!
Bukatzeko, jai egunari begiratu behar. Larunbat goizean Uemako ordezkarion bilera izango duzue; balorazio eta aurreikuspen batzarra izaten al da? Gero, festa eta euskara uztartuko dituzte ordezkari horiek guztiek.
Bai, orain arte ere ohikoa izan da, Uema Egunean, Uemaren batzar nagusia egitea, eta ohitura horri eustea erabaki genuen. Batzar horretan, urte amaierara arteko egitasmoen laburpena egiteaz gain, orain arte egin dugunaren berri ere emango diegu ordezkariei. Baina, noski, garrantzitsuena Berastegi eta Markina-Xemein Ueman onartzeko erabakia izango da. Ondoren, udal ordezkariek aukera polita izango dute eguna Tolosan pasatzeko, eta dagoeneko ari zaizkigu bazkarirako konfirmazioak iristen.