Aitzol Udal Euskaltegia, Banaiz Bagara elkartea, Kontseilua, Euskara Batzordea, Galtzaundi euskara elkartea eta Hirukide, Laskorain, Orixe, Samaniego eta Inmakulada ikastetxeetako ordezkariek larunbatean Tolosan ospatuko den festan parte hartzeko deia egin dute. "Larunbatero Tolosan egiten den azokaz gainera, euskararen aldeko konpromisoak berritu eta elkarrekin dantza egin eta kantuan aritzeko aukera izango dugu".
Udalerri Euskaldunen Eguneko jai egunean parte hartzeko deia egitearekin batera, Tolosako kale erabilera neurketako datuak izan dituzte hizpide. Iñaki Azaldegi Tolosako Udaleko euskara teknikaria pozik azaldu da azken urteetan Tolosan euskararen erabilerak gora egin duela-eta: "Iraultza linguistikoa gertatu da". Izan ere, 1981ean, orotara, %16,4k erabiltzen zuen euskara, eta iazko datuen arabera, %47k. Batik bat, gazteen artean egin duela gora azpimarratu du.
Hala ere, lozorroan ez gelditzeko deia egin du, eta Tolosak euskararen arnasgune izateko erronka duela gogoratu du. "Horretarako, erabilera datuak %70era igo beharko luke".
Bestalde, datorren asteartean Leidorren 'Fenix11*23' filma botako dutela iragarri dute. Izan ere, herenegun ezin izan zen ikusi, hainbat arazo tekniko medio. Arratsaldeko 20:00etan izango da emanaldia, doan.
EHE
Euskal Herrian Euskarazetik agertu dutenez, Udalerri Euskaldunen Egunean parte hartzea oso garrantzitsua da, "izan ere, lehen egunetik UEMArekin bat, EHEk ere lau haizetara nahi du zabaldu udalerri euskaldunek euskararen orainean eta geroan jokatzen duten ezinbesteko papera. Udalerri euskaldunak arnasgune baitira: euskararen, euskaldunon, herri euskaldunaren arnasgune".