Udalerri Euskaldunen Eguna

Atzo bezala, etzi ere euskaraz bizitzeko deia

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko mai. 30a, 13:00

Koldo Mitxelena kulturunean egin dute aurkezpena, Donostian.
Datorren ekainaren 14an Tolosan ospatuko duten Udalerri Euskaldunen Eguna aurkeztu berri dute Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Egun horren harira, hainbat ekitaldi daude eskualdean eta horietako bat da David Anaut Euskal Filologoak eskainiko duen 'Euskararen kate hautsiak' hitzaldia. Datorren asteazkenean, ekainak 4, izango da Tolosako kultur etxean, 19:30ean, baina gaur bertan hitzaldiko funtsa aurreratu du Ataria Irratiko Solasaldiaren tartean.

Eltzetik eta altzotik, euskaraz gara! leloaren aterkiaz bidlu dituzte, gaur, Udalerri Euskaldunen Egunarekin Tolosan uztartuko dituzten elementu guztiak. Donostiako Koldo Mitxelenan aurkeztu dute festa eta aldarrikapen eguna eta, agerraldian, Malen Belastegi UEMAko lehendakaria, Ibai Iriarte Tolosako alkatea, Amets Arzallur kantuaren hitzen egilea, Eneko Longarte Emon musika taldeko kidea, Tolosako Galtzaundi euskara elkarteko ordezkaria, Irrien Lagunak klubeko Ane Pirata, Tolosa Kantariko ordezkaria, Udaberri dantza taldeko ordezkaria eta Ibarrako Gaztetxeko ordezkaria izan dira.

Besteak beste, euskararen garrantzia zabaltzea, herritarrak sentsiblizatzea eta hori guztia kanpoan sustatzearen garrantzia azpimarratu du Malen Belastegik: "Hori guztia lortzeko osatu dugu aurten, lehenengoz, Udalerri Euskaldunen Eguna".

Bide beretik, ekainaren 14ean abiarazi nahi dute, UEMAko kideek, herritarren arnasguneak zaindu eta sendotzeko kanpaina. Horrela, beraz, festa Tolosan ospatzea "ohorea" izango dela azaldu du Ibai Iriarte alkateak: "Gure ama hizkuntza den horretan, garen gizakion egiten gaituen horretan, festa eta aldarrikapena uztartu nahi ditugu. Horretarako, egitarau oparoa osatzen saiatu gara haur, gazte nahiz helduei begira. Eragile askok parte hartuko dute guztia aurrera eramateko, eta eskerrak eman nahi dizkiegu".

Kultura, gastronomia, jolas nahiz parrandarako txokoak elkartuko dituen Udalerri Euskaldunen Egunak abesti berezi bat ere izango du. Emon taldeak jarri dio doinua, eta Eneko Longarte kidea izan da agerraldian: "Hizkuntzarekko konpromisoa izan dugu beti eta erronka handia izan da guretzat doinu hau sortzea". Kantu alai bat sortu nahi zutela argi izan zuten hasieratik, eta gustora azaldu dira emaitzarekin, batez ere, Amets Arzallusen hitzek emandako koloreagatik.

Euskaraz eta euskararen inguruko arazoez askotan kantatu izan du Amets Arzallusen, nabarmendu duenez. UEMAko ordezkariek kantuari hitzak jartzeko deitu ziotenean arnasguneen inguruko datuak eman zizkiotela aitortu du, baina gero bere ildoei jarraitu ziela: "Atera zitzaidanari heldu nion, eltzetik altzora, bi hitz horien inguruan jolasten. Ideian bila hasitakoan, berriz, euskara niri nondik datorkidan, gogo horiek nondik pizten zaizkidan eta halakoak erabili nituen kanturako".

Horrela, euskararen iragana kontuan izan eta etorkizuna euskaraz eraikitzeko deia ere zabaldu nahi izan du bertsolariak, kantuan: "Atzo eta etzi darabiltzat. Atzo, atzeko milaka urtetatik baitator euskara, baina, etzitik ere zerbait behar du euskarak, aurrera begiratu behar dugulako".

Bukatzeko, euskararen inguruan egin daitekeen onena hitz egitea dela ere azpimarratu nahi izan du Amets Arzallusek, Lazkao Txikiri keinu bat eginez: "Aitak sarri kontatzen zidan Lazkao Txikiri behin galdetu ziotena. Euskararen alde zer egin behar ote zen galdetuta, 'Zer egin beharko da, bada? Hitza egin!' erantzun zuen, eta egia da. Horregatik errepikatzen da kantuan, hainbestetan, hitz egitearena".

Horrenbestez, Tolosaldeko nahiz Euskal Herriko herritar guztiei ekainaren 14an Tolosara bertaratzeko deia eginez amaitu dute aurkezpena.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!