Tolosako hondakin bilketa sistema

Datorren astean hasiko dira Tolosako birziklatze tailerrak

Tolosaldeko Ataria 2014ko eka. 4a, 15:24
Gaur goizean egin dute aurkezpena, Hondakinen Informazio Bulegoan
Tolosako Udalak herrirako onartutako hondakin bilketa sistema berria iragarri ostean, auzoz auzoko bilerak egin dituzte. Bileretan 450 bat pertsonak hartu dute parte, eta hori dela eta udalak oso balorazio positiboa egiten duela dio. Bilerak egin eta gero atera duten ondorio nagusia da "jendeak birziklatzeko gogoz eta prest dagoela, baina birziklatzearen beraren inguruko kezkak dituztela, zenbait gai ez dakitela nola sailkatu behar diren". Zalantza hauek ikusita udalaren ustez oso baliagarriak izango dira datorren astean hasiko diren birziklatze tailerrak. Lehena ekainaren 11n izango da, Uzturre zentroko Iturriza elkartearen egoitzan.

Maiatzaren 13an egindako Ezohiko Osoko Bilkuran onartu zuten Tolosako hondakin bilketarako sistema berria, eta ordutik auzoz auzoko bilerak egin dituzte. Lehenik sortzaile bereziak direnekin bildu ziren, eta ondoren herritarrekin. Bilera hauen balorazio positiboa egin du udalak eta orain birziklatze tailerren txanda dela esan. Bileretan zenbait pertsonak hondakinak nola sailkatu behar diren argi ez dutela ondorioztatu dute, eta baita "bide ezberdinetatik jasotako informazioak" nahasmena sortu duela, eta batzuk ez zutela argi zein sistema ezarriko den.

Birziklatze tailerrak datorren astean hasiko dira eta helburua jendeak hondakinak ondo sailkatzen ikastea, zalantzak argitzea eta beldurrak uxatzea dela esan du udalak. Tailerrak irekiak dira eta lehenengoa ekainaren 11n, asteazkena, izango da 19:00etan, Uzturre zentroan dagoen Iturriza elkartearen egoitzan. Ekainaren 16an, astelehena, Emeterio Arrese eraikinean, Harizpe elkartearen egoitzan, elkartuko dira 19:00etan. Eta ekainaren 19an, osteguna, 18:30ean eta 20:00etan, kultur etxean.

Edukiontzien kokalekuen proposamanak

Tolosaldeko Udaleko eta Mankomunitateko teknikoek egin dituzte jada, errefusaren eta hondakin organikoen edukiontziak kokatzeko proposamenak, baina hauek, orain, herritarrek onartu behar dituzte. Proposamenak etxez etxe, ezkaratzeetan, jarriko dituzte eta bizilagunek ados dauden edo ez erabaki behar dute. Hilaren 20a arte egin ahal dute aldaketa proposamanak, eta horretarako bizilagunak ados daudela agertzen duen agiri bat prestatu beharko dute eta Pablo Gorosabel eraikinean, Musika Eskolan, dagoen Hondakinen Informazio Bulegoan aurkeztu.

Informazio bulegoa astelehen, asteazken eta ostiraletan 15:30etik 19:30era dago zabalik, eta astearte eta ostegunetan 10:00etatik 14:00etara. 661 559 736 telefono zenbakira ere deitu daiteke edo tolosa@tolosaldea.org helbidera idatzi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!