Tolosako hondakin bilketa sistema

"Sinisten dut zifra onetara iritsiko garela eta ez dugula sistemaz aldatu beharko"

Ataria 2014ko api. 14a, 13:32

Ibai Iriarte, Tolosako alkateak, tolosarrei egokitutako sistema dela azaldu du, eta adostasuna defendatu ondoren, sistema berria baztertzea ulertuko ez lukeela dio.

Ibai Iriarte, Tolosako alkatea, Ataria Irratiko estudioan izan da, ostiralean aurkeztu zuten hondakin bilketa sistema berriaren inguruan argibide gehiago emateko asmoz. "Tolosako herritarrei egokitutako sistema malgua" bezala definitu du Iriartek, eragile politiko eta sozial guztiek ezarritako marra gorriak errespetatzen dituena.

Modu honetan, adostasuna bilatu nahi izan dutela nabarmendu du Iriartek: "Denen minimoak mantentzeko esfortzu handia egin dugu eta ez nuke adostasun eza ulertuko. EAJ eta Tolosa Txukun birziklatzeko derrigortasunean ados zeuden, eta horrek edukiontzi berdea kentzea esan nahi zuen. Kutsatzea aukera bat izan da orain arte. Baina gure buruarekiko errespetuz, ez da aukera izango. Etika kontua da".

Atez-atekoa jartzera ausartu ez dela diotenei zer erantzungo lieken galdetuta, berriro ere adostasunari heldu dio Iriartek: "Kudeaketan zaudenean gauza ez da ausartu edo ez ausartu. Politika 'ni zu baino gehiago naiz' edo 'irabaziko zaitut'-ean onarritu da, eta hori astakeria da".

Halaber, herritarrak gai honekin "nekatuta" daudela dio, eta sistema berri hau gatazka horien guztien irtenbidea dela azaldu du. Hala ere, modu egokian birziklatzeko erantzukizuna herritarrena dela azpimarratu du, eta udala horretan bidelagun izango dute. Izan ere, Aste Santuko oporretatik bueltan, auzoz auzo bilduko da herritarrei sistema berria nola ondo egin azaltzeko: "Udalak bitarteko guztiak jarriko ditu jendeak ondo birziklatzen ikas dezan. Beldurrak kendu egin behar dira. Egoki birziklatzen bada, harrituta geratuko da jendea, benetan errefusa zein frakzio txikia den".

Iriartek ez du birziklapen tasari zifra zehatz bat jarri nahi izan, eta esan du bere nahia "toperaino" joatea dela. Dena den, ez du ezkutatu %60a "azkar" pasatzearen helburua. Eta hortik aurrera zer? galdetuta, argi eta garbi esan du ez duela horretan pentsatzen: "Sinisten dut zifra onetara iritsiko garela eta ez dugula sistemaz aldatu beharko".

Helburuak beteko balira, udalak ekonomikoki konpentsazio ona jasoko lukeela azalduko du: "Zabortegira botatako tona bakoitzako 142 ordaintzen ditu udalak, eta horri garraio eta bestelako gastuak gehitu behar zaizkio. Ondo birziklatuko bagenu, faktura horiek gutxituko lirateke". Horrela balitz, une honetan garrantzitsuagoak diren gaietan inbertitzeko aukera handituko litzakeela azaldu du.

Era berean, helburu horietara iristeko beharrezkoak diren kontrol sistema guztiak abiaraziko ditu udalak, eta momentuz, isunak jartzea baztertu du. Hala ere, eta "abisuak pasa ondoren", gaizki egiten jarraituko balitz, isunak jartzea ez du begi txarrez ikusten. "Azken aukera litzateke hori".

Hondakinen mahaiaz ere hitz egin du Iriartek, eta ibilbidea gazi-gozoa izan dela nabarmendu du: "Lehen fase batean teknikarien iritziak bildu genituen. Bigarren fasean adostasuna bilatzea zen helburua, baina ez zen lortu. Mahaia egoteak informazioa helaraztea eragin du, baina beste helburu nagusi batzuk ez dira lortu".

Bestalde, auzokonposta gehiago sustatzearen aldekoa da Tolosako alkatea. "Tolosako leku askotan egiten da, eta hedatu nahi dugu. Hor daude Alde Zaharra eta zentroa, esaterako".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!