Pasa de ostiralean Tolosako Udal Gobernuak hondakin bilketarako sistema berria aurkeztu zuenez geroztik, hitzetik hortzera dabil auzia herrian. Horrela, herenegun EAJko udal taldeak eskainitako prentsaurrekoaren ondotik, PSE-EEk prentsa ohar bidez azaldu nahi izan du sistema berriarekiko gaitzespena. Besteak beste, bosgarren edukiontziaren aldeko aldarria egin du Jose Ignacio Asensiok oharrean.
Bildu eta Aralarren Udal Gobernua «nahastearen zeremonia ospatzen» ari direla dio Asensiok, eta ostiralean bertan azaldu zuen bezala, «inprobisaziotzat» du udalak aukeratutako sistema. Halaber, atez atekoa jartzeko «arriskua» ikusten du oraindik.
Bide horretan, PSE-EEko ordezkariaren ustez «estrategia hutsa» da Udal Gobernuarena, eta «atzean atez atekoa ezkutatuta dute» bere arabera: «Erabakia hauteskunde kanpainari begirakoa da guztiz eta atez atekoa jartzera ausartzen ez direnez, zatika jartzea erabaki dute».
Finean, edukiontzi txikiak aukeratu izana ere gaitzestearekin batera, «bosgarren edukiontzia ezartzeko konpromisoa» azaldu du oharrean, «sozialistek indar nahikoa lortuz gero».
Tolosa Txukun «gustora»
Tolosa Txukun plataformako bozeramale Patxi Amantegi «gustora» azaldu da, atez ateko sistema ezarri ez dutelako.
Bere iritziz, «alkatea konturatu da herriaren nahiaz», baina aurkeztutako sistemak «zehaztasunik ez» duela nabarmendu du: «Zehaztasunik ez dago, informazio asko falta da: edukiontzi txikiak zergatik jarri dituzten, organikoa lau aldiz bakarrik zergatik bilduko duten,...».