Tolosako hondakin bilketa sistema

"Atez atekoa ez jarri izanaz harro", Tolosa Txukunek "hutsuneak" ikusten ditu bilketa-sistema berrian

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko eka. 3a, 11:25
Tolosako Udalak aurkeztutako 300.000 euroko aurrekontua "baxuegia" dela azaldu du Patxi Amantegi bozeramaleak; bestelako gastuak "mankomunitatearen bitartez ezkutatu" nahi dituztenaren susmoa azaldu dute.

Tolosako Udalak irailetik aurrera martxan jarriko duten hondakin bilketa-sistema aurkeztu eta ia bi hilabetera, bere iritzia plazaratu nahi izan du atez ateko sistemaren aurkako Tolosa Txukun plataformak. Hondakinen bilketarako kontenedoreak erabiltzen jarraituko dutelako "poza" azaldu duten arren, hainbat hutsune hizpide izan dituzte egindako agerraldian.

Patxi Amantegik "harrotasuna" azaldu du, "Tolosa izango baita atez atekoa inposatzea lortu ez duten eskualdeko herri bakarra"; halaber, txip bidezko kontrola ere onartu dute. Dena den, informazio falta salatzearekin batera, zenbait keza azaldu dituzte sistema berriarekiko. Batetik, gaur egungo kontenedoreak aldatzeak "gehiegizko gastua" ekarriko duela uste dute eta, baita, bide beretik, kontenedoreak txip-sistema horretara egokitzeak ere: "Gainera, bilketa ere zaildu eta garestituko dute edukiontzi berriek, ez baita gauza bera kontenedoreak era automatikoan jasotzea edo eskuz jasoztea", dio Amantegik.

Tolosa Txukuni, gainera, "ulertezina" suertatu zaio errefusa bi zatitan banatzea: horrela, ez diote zentzurik ikusten, azaldu dutenez, konpresa eta pixoihalen edukiontzia egunero ireki ahal izateari, eta errefusa orokorrarena egun zehatz batzuetan bakarrik ireki ahal izateari. Halaber, lurperatuta daduen edukiontziak bat-batean kentzearen aurka azaldu dira: "Badakigu zergatik kendu nahi dituzten. Atez atekoa duten inguruko herrietan kamioi txikiagoak erabiltzen dituzte, eta lurperatutako edukiontzirik ez balego, Tolosan ere kamioi berberak erabili ahal izango lirateke. Beraz, hori justifikatzeko egin dute".

Azkenik, Tolosako Udalak birziklatzeko sistema berriaren inguruan merkatari eta ostalariekin egindako informazio bilerak ere gaitzetsi nahi izan ditu plataformak: "Merkatari batzuekin hitz egin ondoren, eurei atez atekoa jarriko dietenaren sentipena dute, gaika eta egun zehatzetan hondakinak atera beharko dituztelako".

Horrela, beraz, Tolosako Udalak aurreikusitako aurrekontua salatzea izan da agerraldiko azken aldarria: 300.000 euroko aurrekontua aurkeztu du udalak, eta Tolosa Txukunen ustez "gutxiegi" da hori, sistema oso bat berritzeko. "Posible da udalak beste gastu guztiak mankomunitatearen bitartez ezkutatu nahi izatea, eta ez dakigu mankomunitatearen egoera ekonomikoa zein den", dio Amantegik.

Horrela, beraz, eta beren helburu nagusia bete dutela azaldu duten arren, "orain fiskalitatearen inguruan lanean" hasiko direla azaldu dute, balkoietatik zabor-poltsak kentzeko deia eginez. Horrela, zenbait informazio bilera antolatzeko asmoa ere azaldu dute, "herritarrak hondakinen kudeaketan hezteko asmoz".

Eskualdeko herritarren "sufrimendua"

Agerraldiko azken zatian, Anoetako, Irurako eta Alegiako herritar banak hitza hartu zuten, azken urtebeteko beren bizipenak kontatze aldera, Besteak beste, haserrea azaldu zuten: "Bigarren mailako herritarrak al gara, gure herrian atez atekoa jarri eta Tolosan ez jartzeko?".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!