Tolosa, Espainiako bandera

"Inork ez digu nortasuna lapurtuko"

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko maiatzaren 31

Tolosako Udalak omenaldia egin dio ikurrinari, Espainiako bandera jartzeko behin betiko aginduaren harira. Ekitaldian bertsolari nahiz dantzariak ere izan dira, eta "herri honetan hainbeste lan egin duten" Beltza eta Maritxuri keinu egin nahi izan diote, ikurrina zortzi metrotara igotzeko ohorea haiei utziz.

Tolosako alkate Ibai Iriartek nortasuna izan du hizpide hitzaldia eta, nortasun horrekin lotuta, norberak bere ikurrak aukeratzeko askatasuna ere nabarmendu du. Bide horretan, "ikurrina sentitu eta ulertzeko hamaika modu" daudela dio: "Baina guzti-guztiek nortasuna partekatzen dute. Ikurrina guztiok elkartzen gaituen ikurra da, eta inork ez digu nortasuna lapurtuko.

"Lehenago edo beranduago" Espainiako bandera Tolosako udaletxetik kenduko duten eguna iritsiko dela aldarrikatu dute eta, jarraian, ikurrina igo dute Plaza Zaharrean jarritako zortzi metroko makilara. Udaberri dantza taldeko dantzariek agurra eginez omendu dute ikurra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!