Tolosa, Espainiako bandera

Espainiako bandera gutunazal batean sartu dute, Urkijorentzat

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko maiatzaren 31

Ikurrinaren aldeko elkarretaratzea egin du, Tolosako EH Bilduk, epaitegi aurrean.

Espainiako bandera jartzeko agindua behin betikoa dela eta, epaitegi aurrean elkarretaratzea egin du Tolosako EH Bilduk. Besteak beste, Espainiako bandera gutunazal batean sartu dute, Carlos Urkijori bidaltzeko.

Hasier De los Riosek Espainiako bandera jartzea "inposaketa" dela azpimarratu du, "Euskal Herria gure aberri bakarra" dela aldarrikatuz. Horrela, egungo Euskal Herria Nafarroako estatu zaharra dela azpimarratuz, norberak bere ikurrak aukeratzeko deia egin dute: "Gaur Espainiako bandera itzuli nahi diegu, espainiar izatea askatasunean erabaki eta hala maite dutenen sinbolo izan dadin, ez inposizioaren ikur. Gure errespetu eta begirune osoz itzuli nahi diegu, baina ez dugu sekula onartuko, Euskal Herriari egindako inposaketa modura".

Norbere ikurrak aukeratzeko eskubidearekin batera, erabakitzeko eskubidea ere hizpide izan dute ekitaldia, Gure Esku Dago giza-katearen harira: "Astebete barru, ekainaren 8an, Euskal Herri osoko herritarrok osatuko dugun giza-kate erraldoian azalduko dugu, herri honek bere esku izan nahi duela erabakitzeko eskubidea. Hori baita demokraziaren aitortzarik zintzoena, eta ez inposizioaren eskutik datorkigun indarrezko ezartzea".

Horrenbestez, eta Espainiako bandera barruan zuen gutunazala epaitegira eraman ondoren, kalejira egin dute Plaza Zaharreraino.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!