Agian bakarren bati ahaztu egingo zitzaion 1983an gertaturikoa, ni EAJko alkate nintzela, San Joan festen bezperatan ezker abertzaleak ikurrina bakarrik jartzeko asmoa lau haizetara zabaltzeko eta udaletxean zegoen espainiar bandera Madrilera bidaltzeko asmoz aurkeztu zuen mozioa.
Eta hori garai haietan bai Tolosan bai ingurutan festak zirenean ikurrina soilik jartzea normala zela jakinik. Mozioa ikusi ondoren, alkatetzatik ezker abertzaleari mozioa bertan behera uztea eskatu zitzaion, lortuko zen gauza bakarra arazorik ez zegoen tokian talka sortzea baitzen, honek zekarzkien ondorio juridikoak barne. Ezker abertzaleak muzin egin zion eskaera horri eta mozioa udalbatzak onartu zuen.
Horrela, zegokidan bezala, udalak onartutakoa egin nuen eta izan genuen lehen ondorioa: Plaza Zaharra Goardia Zibilak hartu zuela ikustea izan zen. Egoera honen aurrean ez zen ezker abertzaleko kiderik agertu, aurpegia eman genuen zinegotzi bakarrak EAJkoak izan ginelarik. “Banderen Gerra” izendatu zutenaren hasiera izan zen. Mozioaren onarpenak epaitua izatera ere eraman ninduen, jasan nezakeen gaitasungabetzeak ez zuen ezker abertzalea ezertarako kezkatu. Aurrekari hau ezagututa, deigarria egiten zait orain, ezker abertzalea boterean dagoen unean espainiar bandera jartzea tokatu denean, ezker abertzaleak sententzi hau onartzea zein naturaltasunez egiten duen ikustea. Ez dezagun ahaztu ere, duela ez denbora asko, ezker abertzaletik biraoak botatzen zitzaizkiola beraiek orain egin behar dutena egiteagatik, hau da, sententzi baten ondorioak onartuz espainiar bandera jarri. Hau bai koherentzia, noski. Ez naiz ni izango oraingo alkateari sententzia ez betetzearen ondorioak onartzea eskatuko diona, baina ez daitezela etorri orain beraiek sekulan eman ez duten laguntza eske.
Mirentxu Etxeberria Arrue, Tolosako alkatea 1983-1987