Espainiako bandera jartzeko aginduaren erantzun moduan, atzo egin zuten maiatzeko ohiko batzarrean, ikurriñaren aldeko mozioa onartu zuten. Mozio horrek dioenez, herriak aukeratzen ditu bere ikurrak, bereak egiten ditu eta horregatik dira herriaren ikur. «Aldiz, legearen indarrez inposatutakoak badira, inposizioaren ikur bihurtzen dira».
Desadostasuna agertzeko, berriz, larunbat eguerdian Plaza Zaharrean ikurriñaren aldeko ekitaldia antolatu du udalak, eta herritarrak gonbidatu parte hartzera. Bertan, haga bat jarriko dute, eta ikurrina zabalduko da, «herri honen benetako nahiaren adierazle moduan». Ekitaldian parte hartzearekin batera, udalak tolosar guztiei dei egin die euren etxeetako leiho zein balkoietan «inposizio honek dirauen bitartean» ikurriñak zintzilikatzera.
Elkarretaratzea epaitegian
Bestalde, EH Bilduk esan duenez, «euskaldun guztiok batzen gaituen ikurra» soilik udaletxeetan ikustea «onargaitza» egiten zaio Espainiako Gobernuari, eta horregatik, «epaitegi arrotzek Espainiako bandera inposatu dute mehatxupean». EH BIlduk gogoratu duenez, ez da gisa bereko saiakerak egiten diren lehen aldia: «diktaduraren garaian ikurrina Santa Maria elizatik tiroz kendu zuten, edota 80 hamarkadan, Banderen gerra izen xelebrearekin ezagutu ziren gertakizun eta istiluak». Era berean, Espainiako Gobernua banderekin egiten ari dena ez dela gauza isolatu bat uste dute: «euskararen aurkako jarrerek, euskal selekzioaren aurkako boikotak edota Kataluniako prozesu soberanistaren aurka hartutako neurriak, besteak beste, estatuaren parte izatera behartuta gauden herriekiko duen mespretxu jarrera argi erakusten du, bere izaera antidemokratikoaren beste sintoma bat izanik».
Koalizioaren arabera, «eraso» berri horien jatorrria 2011ko udal hauteskudeentan kokatzen da, «EH Bilduk lortutako emaitza paregabeetan, euskal herritarrok gure etorkizuna gure kabuz eraikitzeko eginiko hautuak, benetan mindu baitzuen estatua».
Hala, Bilduren ustez, «gure nazio izaera» goraipatuz erantzun behar da: «Espainiako bandera inposatze dutela, ba gure herriko balkoiak ikurrinez josiko ditugu, euskara gutxiesten dutela, ba euskara gehiago hitz eginez erantzungo dugu, eraso bakoitzari erantzun eraikitzaile bat emanez gure nazioa eraikitzen joango gara».
Larunbaterako Tolosako Udalak antolatu duen ikurrinaren aldeko ekitaldian izango dela iragarri du EH Bilduk, eta horren aurretik, euren erantzun moduan, elkarretaratzera deitu ditu herritarrak, «Espainiako banderaren inposizioaren aurka», 11:30ean epaitegiaren aurrean.