Tolosa, Espainiako bandera

Gutuna: Geurea ikurrina da

Ataria 2014ko mai. 30a, 11:18

Espainiako Estatuak Tolosako Udala behartu du Espainiako bandera udaletxean jartzera eta Bilduk naturaltasun osoz onartu du inposaketa hau, bai Tolosan eta baita Gipuzkoako beste zenbait udalerri eta Foru Aldundian ere, ia protestarik egin gabe, gainera. Honen aurrean, Tolosako EAJ-PNVk honako adierazpena egin nahi du.

Erabat arbuiatzen dugu gure erabakitze eskubidearen aurka eta gure udaletxea osatzen duten alderdi politikoen aurka doan inposaketa hau.

Herri bakoitzak bere ikurrak aukeratzeko eskubidea du, eta Espainiako bandera inposatutako ikurra da eta ez du tolosarren gehiengoa ordezkatzen. Horregatik, aldarrikatu eta azpimarratu nahi dugu EAJ-PNVren bandera bakarra ikurrina izan dela eta hala izaten jarraituko duela. Sabino Aranak, 1894an gure Alderdia fundatu ondoren sortu zuen ikurrina, eta 1936an, lehenengo Eusko Jaurlaritzak bere ikurrin ofizialtzat hartu zuen berbera.

Zenbaitek perspektiba historikoa galdu egiten duenez, Tolosako EAJ-PNVk, belaunaldietan gure ikurrinaren inguruan gertatutakoak gogora ekarri nahi ditu. Gerra zibilean gudari askok eman zuten bizia ikurrina eta Euskal Herriaren alde. Horren eredu izan zen Tolosako Batzokian sortu zen Euzko Pizkundea deritzon mugimendua. Ez ziren garai errazak izan, familia ugarik espetxeak, mehatxuak eta bortxaketak, jasan behar izan zituzten ikurrina eta askatasuna defendatu eta espainiar bandera arbuiatzeagatik. Tolosako EAJ-PNVk omenaldirik sentikorrena egin nahi die ikurrinaren benetako defentsan aritu ziren tolosar guztiei.

Tolosa “Banderen Gerra” izendatu zutenaren sorleku izan zen. Ezker Abertzaleak ikurrina bakarrik jartzeko mozioa aurkeztu eta onartu zuen, arazorik ez zegoen tokian, liskarra sortuz. Garaiko EAJ-PNVko alkate zen Mirentxu Etxeberria epaitegira eraman zuten udalbatzan onartutakoarekin koherente izan eta erabakitakoa errespetatzeagatik. Baina, goardia zibilak etortzean, ezker abertzalekoek ez zuten ez Miren ez beren mozioa babestu, koldarki desagertu eta EAJ-PNVko kideek eman behar izan zuten aurpegia.

Orain zuek zaudete boterean eta gobernuan eta zuek bete duzue Madrilgo mandatua, herritarren nahiaren aurkakoa dena eta gure autonomiaren galera eragiten duena. Gure galdera da: non dago orain ezker abertzalearen desobedientzia zibila? Orain ezker abertzalea gobernuan dagoelako ez al da tokatzen? Diputazioan ere Bilduk, Espainiako banderaren inposaketa gogoratzen zuen plaka kendu du eta gure aurka urteetan aritu diren “ekintzaile” guztiak isilik? “Lotsak estaltzeko” beste alderdion babes eske datoz orain, baina espainiar bandera Tolosako udalean jartzeagatik historia egingo duena Bilduren gobernua izango da. Bilduk Madrilgo mandatua beteko du.


EAJ-PNVk ez ditu Tolosako udalak antolatu dituen ekitaldiak babestuko ez dugulako ikurrinaren erabilerarik onartzen eta beraz, ez dugu parte hartuko antzezpen horretan. EAJ-PNVk, inposaketa honen aurrean, Tolosak Espainiako bandera arbuiatzen duela eta gurea ikurrina dela agerian utziko duen plaka bat jartzea aldarrikatzen du.

Geurea ikurriña da.
Gora Euskadi Askatuta.

Tolosako EAJ-PNV

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!