Tolosako hondakin bilketa sistema

Komunitate-edukiontziak irailean hasiko dira hondakinak biltzen

Tolosaldeko Ataria 2014ko mai. 14a, 09:35
Aurkako bozkekin onartu dute udal gobernuaren hondakin bilketa-sistema

Azken urteotako osoko bilkura jendetsuena izan zen asteartekoa. Pasa den apirilaren 11n Tolosako udal gobernuak hondakinen bilketaren inguruan hartutako erabakia plazaratu zuenez geroztik, iritzi-sorta eta hika-mika nagusi izan da herrian, eta auzia bereziki jorratzeko jarri zuten maiatzaren 13ko hitzordua, ezohiko plenora deituz. Horrela, eta espero zen bezalaxe, Bilduk eta Aralarrek proposatutako bilketa-sistema martxan jarriko dute irailean bertan, komunitate-edukiontziak erabiliz.

Batzar aretoan esertzeko lekurik ere ez zen geratu herenegun, izan ere, herritarrekin batera, hondakinen aferaren inguruan lanean aritu diren bi koordinakundeetako ordezkariak ere bertaratu ziren; Tolosa Zero Zaborrek eta Tolosa Txukunek hitza hartu zuten, beraz, saioa amaitu aurretik.

Hiru puntuko gai-zerrenda zuen batzarrak, eta Tolosa Txukunek eta Udal Gobernuak aurkeztutako mozioak izan ziren bi lehenak. Horiexek irakurri eta eztabaidatzearekin batera, bozketara pasarazi zituen idazkariak. Hirugarren eta azken gaiarekin biribildu zuten, beraz, ezohiko bilkura, hondakin bilketa-sistema berria onartuz.

Bi urteotako iritzien plaza

Tolosa Txukunen mozioak, besteak beste, «sistema desegokia» dela nabarmendu zuen, eta «gatazka konpontzea» bilatzen duela, «hondakinen arazoa konpondu beharrean». Horrekin batera, jada badiren baliabide eta azpiegiturak erabiltzea eskatu zuten plenoan. Azkenik, organikoa egun batzuetara mugatzea ez dute ulertzen eta bosgarren edukiontziaren aldeko aldarria berretsi zuten.

Tolosa Zero Zaborrek helburua mantentzea baloratu zuen, batetik, baina atez atekoa eraginkorragotzat jo zuten: «Garrantzitsua %80ra iristea da, eta ez kuboen neurria».

Publikoan zegoen Pello Atxukarrori ere hitza eman zion Ibai Iriarte alkateak, eta PPko ordezkari moduan kontsulta egitekoa eskaera errepikatu zuen Atxukarrok. Bide beretik, edukiontzien neurria txikiegitzat du.

Aralar alderdiaren izenean hitz egin zuen Inaki Irazabalbeitiak, azken hiru urteotako ibilbidea errepasatuz. Hondakinen auziko lehen talkak, mahaia sortzea nahiz bi plataformek hartutako konpromisoak hizpide izan zituen, eta Tolosa Txukunen mozioari begira jarri zen jarraian: «Sistema plazaratu eta segituan Patxi Amantegik egindako adierazpenak entzunda, ez dugu beren mozioa ulertzen».

Azkenik, adostasunak lortzeko «hasierako posiziotik mugitu» egin behar dela azpimarratu zuen: «Aralar mugitu da eta Bildu izan da jarrera gehien aldatu duena».

PSE-EEko Jose Ignacio Asensiok hartu zuen hitza, azken urteotan «koherentzia mantendu» dutela esanez: «Beti egin izan dugu bosgarren edukiontziaren alde eta, beraz, Tolosa Txukunen mozioaren alde egingo dut». Dena den, plataformak bildutako sinadurak aipatu ondoren, «herritarrak adinez helduak» direla esan zuen, eta «ez zaiela errieta egin behar». Horrez gain, «oraindik ere atez ateko bilketa-sistema Tolosan ezartzeko arriskuaz» ohartarazi nahi izan zuen Asensiok.

Beren aldetik, jarrera bertsua azaldu zuten jeltzaleek ere, Olatz Peon bozeramalearen bitartez. Tolosa Txukun zoriondu zuten, hasteko, eta udal gobernuari kritika zorrotzak egin zizkioten, sistemaren inguruan. Besteak beste, pixoihal eta konpresak bilduko dituzten edukiontzien pribatutasun eza salatu zuen Peonek, eta aldebakarreko erabakiak nahiz hondakinen fiskalitatea ere gaitzetsi zuen EAJk: «Efikaziaz eta efizientziaz gain, egokitasuna ere begiratu behar da».

Iritzien erronda Ibai Iriarte alkateak amaitu zuen bozketa egin aurretik, eta «bizikidetzaz hitz egin beharra» azpimarratu zuen. Tolosako hondakin mahaian Gipuzkoako lehena izan zela gogora ekarriz, bilketa-tasak %60ra iristea adostu egin zutela nabarmendu zuen. Sistema berria «fruitua lortzeko azken saiakera» izan da alkatearen arabera, eta «denak eroso egotea ahalbidetu behar zuen».

Horrekin batera, errefusaren zirkulua itxi beharra ere garrantzitsutzat jo zuen alkateak: «Beste leku batzuetan guk baino gehiago birziklatuko dute atez atekoarekin, baina guk adostasuna lehenetsi genuen». Dena den, hori baino gai garrantzitsuagoak badirela uste du Iriartek.

Bukatzeko, gainerako alderdiek «beldurraren diskurtsoa eta ahultze politikoa» erabili izana gaitzetsi nahi izan zuen udal gobernuak: «Etengabe entzun dugu gauza bera, hiru urtetan, eta badirudi gezur bat mila aldiz errepikatuz, egia bilakatzen dela. Ez da atez atekorik ezarriko, eta ohiturak aldatu beharko dituztenak lehen ere birziklatzen ez zutenak izango dira».

 

 

Bilerak herritarrekin


Tolosako Udalak sistema berria abiarazi aurretik herritarrekin biltzeko nahia ere azaldu du eta horretarako auzoz auzo eta etxez etxeko bilerak egingo ditu.

Hala, datorren astean, sitemaren eta plangintzaren inguruko informazio guztia biltzen duen eskuorri bat banatuko dute etxez etxe. Eta ondoren, eredu berria azal­duko dute auzoz auzoko bile­retan herritarrei beharrezko informazio guztia eskaintzeko asmoz, eta baita herritarren ekarpen eta proposamenak jasotzeko.

Bilera hauen amaieran, birziklapen tailer bat ere egingo dute, egu­nerokoan sortu daitezkeen zalantzak argitzeko. Hitzordu haue­tara etorri ezin dutenek, bertan emango den informazio guztia eskuratzeko aukera izango dute informazio bulegoan. Izan ere, hilaren 19an Musika Eskolako eraikineko (Pablo Gorosabel, kalea) behe solairuan irekiko da Hondakinen Informazio Bulegoa. Bulegoa astelehen, asteazken eta ostiraletan 15:30etik 19:30era egongo da zabalik, eta astearte eta ostegunetan 10:00etatik 14:00etara. 661 559 736 telefono zenbakian eta tolosa@tolosaldea.org helbidean ere jaso ahalko da informazioa.

Herritarrekin auzokako bileretan elkartzeaz gain, herriko sektore desberdinekin ere bilduko da udala. Komertzio, edaritegi, jatetxe eta bestelako sortzaile bereziei berriz, bi­sita pertsonalizatuak egingo dizkiete.

AUZOZ AUZO BILERAK:
  • Izaskun auzoa: Maiatzak 19 astelehena, 19:00etan HHI-EPA. 
  • Erdigunea: Maiatzak 20 asteartea, 18:30ean kultur etxean.
  • Alde Zaharra: Maiatzak 20 asteartea, 20:00etan kultur etxean.
  • Amarotz auzoa:  Maiatzak 21 asteazkena, 19:00etan Auzo Etxen.
  • San Esteban auzoa: Maiatzak 22 osteguna, 19:00etan auzo elkartean.
  • Larramendi auzoa: Maiatzak 26 astelehena,  19:00etan Arkauteko auzo elkartean.
  • Berazubi auzoa: Maiatzak 29 osteguna, 19:00etan Paper Eskolako areto nagusian.
    (Herritarrek, nahi edo ahal duten bileretara joateko aukera izango dute)

LANDA EREMUA:

Hondakinen kudeaketaren egokitzapen lanak eginak daude. Dagoeneko errefusaren fluxua kontrolpean dago, eta materia organikoaren kudeaketa, etxeetako konpostajearen bidez egiten da. Bestetik, hondakinak gaika sailkatzeko edukiontzien osaketak ere eginak daudela esan du udalak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!