Titirijai

Lurrak emandako barazkiak, amets egiteko

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko azaroaren 23a

Titirijai nazioarteko txotxongilo jaialdia gaur inauguratuko dute, eta goizean hasi dira, jada, hainbat ekitaldi eta tailer. Tartean, Zerkausian barazkiekin antolatu dutena.

Nazioarteko txotxongilo jaialdia 31. aldiz ospatuko dute, aurten, Tolosan, eta arratsaldean izango da inaugurazio ofiziala. Asteburuarekin bat eginez, ordea, haur, gaztetxo eta gurasoak sartu dira jada panpinen unibertsoan.

Izan ere, Zerkausian tailer berezia izan da gaur, azokarekin bat eginez: Tolomendirekin elkarlanean, Tolosako Ekinbide Etxeak Plazako produktuekin txotxongiloak eraiki saioa prestatu du, eta haur asko erakarri ditu postuak. Lurrak emandako produktuek, jateaz gain, istorioak sortu eta amets egiteko ere balio dutela ikasi dute, eta norberak eraikitako txotxongiloa etxera eraman dute haurrek.

Arratsaldean, bi saio izango dira Tolosan. Batetik, 18:00etan, La Canela talde argentinarrak emanaldia eskainiko du, Basilisa izenburupean, Topic-en. Bigarren saioa, berriz, leku berean izango da, 20:00etan; Classic ikusizuna eskainiko dute Titelles Verges kataluniarrek.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!