Titirijai

Enkarni Genua: «Txotxongiloen ohiko estilotik irtetea gustatzen zaigu»

Iñigo Terradillos 2013ko aza. 21a, 13:14
Enkarni Genua eta Manolo Gomez.
Txotxongiloari lotuta eman du bizi osoa Enkarni Genuak. Tolosako Titirijai jaialdiaren sorreran parte hartu zuen, antolaketa taldean jarraitzen du, eta Topic zentroaren aholkulari taldeko kidea da.

Urteko sasoi berezietako bat izango da zuretzat azaroa, ezta?
Bai. Urtean zehar txotxongiloak izaten dira Tolosan, Topic-en, baina, azaroa desberdina da. Titirijain mundu guztietako taldeak izaten ditugu gure artean, eta mugimendu oso interesgarria sortzen da.

Gertutik bizi izan duzu beti txotxongilo jaialdia.
Tolosan Nazioarteko jaialdia hasi zenean guk 10 urte generamatzan txotxongilo antzerkia egiten. Une hartan talde bakarra ginen Euskal Herrian. Tolosatik gurekin harremanetan jarri ziren proiektuari ekiten laguntzeko, eta hor izan gara gaur egunera arte.

13 txotxongilo konpainiak hartuko dute parte. Nolako taldeak dira?
Goi mailako taldeak dira. Horrez gain, saiatzen gara gauza desberdinak ekartzen. Aurten, esaterako, Afrikatik, Kenyatik, talde bat dator, eta Mexikotik ere oso talde abangoardista izango dugu. Ez dugu soilik txotxongiloen betiko estiloa jorratu nahi, denetarik ezagutu, ikusi eta dastatzea izaten da gure helburua. Gogotsu nago emanaldi berezi horiez gozatu, eta jendearen erreakzioa ikusteko.

Euskal Herritik, berriz, bi talde izango dira.
Nafarroatik etorriko dira. Bata, Gus Marionetas, beti oso lan polita eskaintzen duen taldea da, eta gainera estreinaldi modukoa egingo du Tolosan. Bestea, Colectivo Humo izango da, oso lan politarekin datorrena.

Emanaldiez gain, tailerrak eta hitzaldiak ere izango dira.
Jende helduentzat tailerra egingo da estreinakoz. Irakasleak, artistak, dantzariak... finean artearekiko zaletasuna duen ororentzat zuzenduriko tailerra da. Goi mailako txotxongilolari batek, Roberto Whitek emango du gorputz txotxongiloen tailerra, eta oso interesgarria da.  Pasa den urtean Titirijaiko sarietako bat eskuratu zuen, eta Topic-en azken asteetan bere lana prestatzen izan eta gero, iragan asteburuan eskaini zuen, eta ikusleei asko gustatu zitzaien. Haurrentzat ere izango dira, eta solasaldiak ere bai. Jaialdia baliatzen dugu kanpotik etortzen diren txotxongilolari eta zaleekin solasean aritzeko, eta asko ikasten dugu.

Titirijaiko lehendakari izandako Migel Arretxeren omenezko ekitaldia izango da hilaren 26an.
Udalak egingo dio omenaldia. Txotxongilolari batzuk hartuko dute parte, eta ikus-entzunezko bat ere izango da. Migel Arretxeri agurra eman eta esker ona adierazteko modua izango da. Hasiera hasieratik egon da Migel txotxongilo jaialdian, Topic proiektua aurrera ateratzeko elementu garrantzitsuenetakoa izan zen. Bere lana oso estimatua eta garrantzitsua izan da, beraz, une egokia da, jaialdiaren barruan omenalditxoa egiteko.

Ikusi Titirijairen egitaraua Agenda atalean

 

Erlazionatuak

Omenaldi hunkigarria Migel Arretxeri

Iñigo Terradillos 2013 aza 28 Tolosa

Lurrak emandako barazkiak, amets egiteko

Itzea Urkizu Arsuaga 2013 aza 23 Tolosa

Titirijaik 54 emanaldi hartuko ditu aurten

Itzea Urkizu Arsuaga 2013 aza 15 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!