Titirijai

Omenaldi hunkigarria Migel Arretxeri

Iñigo Terradillos 2013ko aza. 28a, 13:57
Tolosako Udalak omenaldia egin dio hilberria den eta Titirijai jaialdiko sortzaile izan zenari.

Omenaldi xume eta hunkigarria jaso zuen herenegun Migel Arretxe Titirijai jaialdiko sortzaile izandakoak. Bere bizitzan kulturaren, eta batez ere, txotxongiloen alde eginiko lana eta utzi duen ondarea nabarmendu zuten guztiek, denen artean zaindu behar dela azpimarratuz.
Tolosako Udalak antolaturiko ekitaldira udaleko egungo eta aurreko agintaldietako ordezkariez gain, kultur munduko aurpegi ezagunak gerturatu ziren, hala nola, Frantxi Lopez Landatxe Aldundiko Kultura Sustapen eta Hedapeneko zerbitzuburua, Xanti Eraso Donostia 2016 ekimeneko zuzendaria, Rafa Gorrotxategi gozogilea eta Nisa Goiburu margolaria. Halaber, txotxongiloen munduko ordezkari ugari izan ziren, Txotxongilo taldeko Enkarni Genua eta Manolo Gomez, esaterako, eta bertan ez egonagatik ere, Txotxongiloen Nazioarteko Batasunak (UNIMA) ere parte hartu nahi izan zuen, Migel Arretxeren omenezko mezua bidaliz: «Ez dugu ahaztuko txotxongiloengatik egin zuen lana».
«Berari gustatuko litzaiokeen moduan», beraz, txotxongiloek ez zuten hutsik egin bere omenaldian. Ekitaldira sartzean txotxongilo ikusgarri batek egin zien harrera parte hartzaileei, eta Binefarko txotxongilolariek Txanogorritxu-ren istorio berezia jarri zuten eszenatokian, Arretxeren ilobak protagonista bilakatuz. Txotxongilolariek «ondratu» sentitzen direla Arretxeren omenezko ekitaldian parte hartzeagatik adierazi zuten, eta «txotxongiloen alde egindako lan eskerga» azpimarratu zuten.
Elene Arandiaren ahotsak eta Ander Zubillagaren gitarra doinuek jarri zioten musika emanaldiari. Kantatzeko aukeratu zuten abestien artean, Galtzaundi zegoen, Arretxeren Inauteriekiko zaletasunarengatik.
Ibai Iriarte Tolosako alkateak «Migelek egindako lan handia» eskertu zuen, eta bere heriotza Tolosarentzat ezezik txotxongiloaren munduarentzat «galera handia» izan dela nabarmendu zuen. «Migelek argi zuen baloreen transmisioan tresna zirela txotxongiloak, umeak eta ez hain umeak hezteko», esan zuen. Hala, bere oinordetzak bertan jarraitzen duela adierazi zuen Tolosako alkateak: «Migelek asko egin eta erein zuen, eta ondorioz, asko utzi du. Fruitu hori da bera gogoratzeko modurik hoberena».
Ana Arretxek «pertsona ona»  izan zela, eta «gauza asko» erakutsi zizkiela nabarmendu nahi izan zuen. Halaber, Tolosarentzat, txotxongiloentzat, eta kulturarentzat, orokorrean, «lan handia» egin zuela esan zuen. Migel Arretxeren alabak eskerrak eman nahi izan zizkien bere bizitzan bidelagun izan ziren eta maitatu zuten guztiei. «Bere ondareak eta proiektuek, Topic kasu, bertan jarraitzen dute, eta lanean jarraitu behar dugu, guztion babesarekin, mantendu nahi baditugu», adierazi zuen.
Migel Arretxeren emaztea eta alabak eszenatoki gainean zirela oroigarriak eman zizkien Ibai Iriartek, Tolosako Udalaren izenean, eta txalo zaparrada jaso ostean, Hodei abesbatzako kideak sartu ziren Topic zentroko aretora. Beraiek abesturiko kantekin amaitu zuten Migel Arretxeren omenezko ekitaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!