Titirijai

Titirijaik 54 emanaldi hartuko ditu aurten

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko aza. 15a, 19:49
Migel Arretxe jaialdiaren sortzailea izan zen, eta haren omenezko ekitaldia antolatu du udalak, "herriari eman dion guztiagatik"; azaroaren 26an izango da, 19:00etan.

31. Titirijai aurkeztu dute, eta iazkoaren moduan, "krisiak gogor jota" dator aurtengo agitaraua. Guztira, Tolosan eta Euskal Herriko hainbat txokotan 54 saio eskainiko dituzte, Nazioarteko Txotxongilo jaialdian parte hartuko duten 13 konpainiek, eta kantitatea jaitsi den arren, "kalitatea mantendu" dutela diote antolatzaileek.

Eusko Jaurlaritzako kultura saileko Clara Montero, TEEko lehendakari Elena Basagoitia, Tolosako alkate Ibai Iriarte eta Titirijaiko lehendakari Idoia Otegi izan dira aurkezpenean. Guztiek gogoan izan dute zendu berria den Migel Arretxe, Abesbatza Lehiaketako aurkezpenean bezalaxe, eta alkateak omenaldi bat egingo diotela jakinarazi du: "Berezia izango da aurtengo Titirijai, Migel Arretxe gabe egingo den lehena izango baita. Udalak omenaldi xume bat egitea erabaki du, herriari asko eman diolako". Horrela, datorren azaroaren 26an izango da Migel Arretxeren omenezko saioa, 19:00etan, Topic zentroan bertan.

Krisia irribarrez jantzi nahian

Txotxongiloek heldu eta haurrei irribarreak sortzeko dohaina dutela dio Ibai Iriartek, eta 31. Titirijaiko saioetan ere horretan saiatuko dira, jaialdiak ekonomikoki jasan duen beherakadaren gainetik.

Duela bi urte lau aretotan banatu zituzten emanaldiak, eta iaz hirutan; aurten, berriz, bi aretotan eskainiko dituzte Titirijaiko saio guztiak, eta 2011. urteko 84 emanaldien parean, aurten 54 saio izango dira guztira; 4.100 neska-mutil inguruk parte hartuko dute, gainera, jaialdian. Titirijairen nazioartekotasuna ere mantenduko dute, eta konpainiak Argentinatik, Kenyatik, Mexikotik, Portugaldik, Italiatik eta Frantziatik etorriko dira Tolosara. Espainiako konpainiei dagokienez, andaluziarrak eta madrildarrak izango dira. Herrialde Katalanetako bi talde ariko dira, eta Euskal Herrikoei dagokienez, Nafarroako beste bi taldek parte hartuko dute 2013ko Titirijain.

"Erakunde publikoei esker maila mantenduko dugu, eta 13 konpainiak parte hartuko dute ikuskizunetan. Horrez gain, solasaldiak eta heldu nahiz haurrentzako tailerrak ere antolatu ditugu", azaldu du Elena Basagoitiak.

Azken hau berrikuntza izango da, eta besteak bestek, iaz Titirijaiko sarietako bat jaso zuen Roberto Whitek masterclass bat eskainiko du helduentzat: "Bere ikuskizun berria Topic-en prestatzen ari da, eta hori aprobetxatuz, saioa eskainiko die arlo honetako profesionalei, edo ikasketak egiten ari dienei. Gorputz antzerkiari buruzko saioa izango da, eta azaroaren 22 eta 23an egingo dute", azaldu du Idoia Otegik.

Horrez gain, haurrentzako bi tailer ere izango dira. Lehenengoa, azaroaren 23an izango da, eta Zerkausian egingo dute, Tolomendiren eskutik. 10:30etik 13:30era bitarte, Zerkausiko postuetako barazkiekin txotxongiloak eraikiko dituzte gaztetxoek. Era berean, Elduaien hizkuntza akademiaren eskutik txotxongiloak eginez ingelesa ikasteko tailerra ere prestatu dute. Hiru tailerrak doakoak diren arren, azken honetan 40 haurren muga jarri dute. Informazio gehiagorako, 943 65 04 14 telefonora dei daiteke, edo cit@cittolosa.com helbidera idatzi.

Azkenik, txotxongilo munduari loturiko urteroko solasaldiak hilaren 26tik 28ra izango dira: Portugaleko txotxongilo munduari buruzkoa izango da bat, eta Taiwanen haurrekin martxan jarri duten egitasmo baten ingurukoa bestea. Azkena, Rutas de Polichinela liburuaren aurkezpena izango da, munduko txotxongiloei buruz; aipatzekoa da, gaur egun Topic zentroan dagoen erakusketa horri buruzkoa dela.

Jarraian ikus daitezke Titirijai egitarauak Tolosan eskainiko dituen emanaldiak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!