«Teknikariak etorri dira ikustera, eta gaur egun dugun etxola kendu eta berria jartzea erabaki dute», azaldu du Leire Gordo gurasoak. Hain justu, eskolak duen «leku falta handia» da duten arazoetako bat, eta horregatik, etxola handiago bat jarriko dute datorren ikasturterako, bi solairukoa. «Gaur egun balioanitzeko gela eskolatik nahi urrun dago, eta bertara joateko errepidea gurutzatu beharra izaten dute haurrek egunero, beraz, eskola berria eraiki bitartean agian arazo hori behintzat ekidin dezakegu», adierazi du Gordok.
«Ikusi arte ez dugu sinetsiko»
Dena den, Lizartzako eskolako gurasoek ez dute alde batera utzi nahi euren benetako eskaera, hau da, «eskola berria egitea». «Egoera gazi-gozoan gaude, izan ere, onartu dute eskola berria egitea, eta hori bere horretan pozgarria da, baina, 2007an egitea erabaki dute, eta hori berandu da, orain behar dugulako», dio Itziar Saenz de Ojer gurasoak. Euren ustez, etxola berria jartzea «ondo» dago, «hobekuntza» delako, baina, aldi berean, «petatxua» da, eta argi dute herrian eraikin berria ikusi bitarte zein izango den euren jarrera: «Eskola berria eraikitzen hasten diren arte ez dugu sinetsiko, eta hori gertatu arte ez gara geratuko».