Lizartzako eskola

Eskola berria egiteko eskatu dute Lizartzan

Iñigo Terradillos 2014ko martxoaren 21a

Lizartzako eskolako haurrak, euren gurasoak eta irakasleak eskolaren atarian elkartu dira, eta ozen aldarrikatu dute herrian eskola berria behar dutela.

Egun 81 ikasle hartzen ditu Lizartzako eskolak. 2000. urtean 27 haur zituen, beraz, igoera nabarmena izan da, baina, adierazi dutenez, hainbeste haur hartzeko ez dago egokituta eskola. Hala, hainbat obra egin dituzte azken urteetan, "baina horiekin ez dute arazoa konpondu". Hala, esaterako, eskolaren kanpoaldean aurrefabrikaturiko gela bat jarri zuten duela sei urte, eta oraindik hori erabiltzen jarraitzen dute, temperaturagatik, hezetasunagatik edota akustikagatik "desegokia" izan arren. Horrez gain, "espazio falta handia" du eskolak. Irakasleen gela, adibidez, "oso txikia" da, eta bertan egin beharra izaten dituzte bilerak eta euren lana 12 irakaslek. "Materiala sarteko ez dute lekurik, eta nonahi utzi beharra izaten dute, liburutegia ez dago behar bezala egokituta, gurasoekin-eta bilerak egiteko ez dago lekurik, eta horrela zerrenda luze bat egin arte", azaldu dute gurasoek.

Segurtasuna ere bada gurasoak nahiz irakasleak kezkatzen dituen eskolaren beste puntuetako bat: "Irakasgai batzuetarako eskolako eraikina utzi eta beste eraikin batera joan beharra izaten dugu, eskolan ez baitago lekurik horiek emateko, eta horretarako bi aldiz gurutzatu beharra izaten dute errepidea, horrek duen arriskuarekin". Eskaileren segurtasun eza edota itxiturarik gabeko patioa izatea ere salatu dute.

Bada, eskola berriaren proiektuarekin lehenbailehen has daitezela da euren nahia, eta horregatik hasi dira guraso eta irakasleak euren aldarrikapena gizarteratzen. Era berean, sinadura bilketa ere abiarazi dute, change.org atarian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!