Lizartzako eskola

Eusko Jaurlaritzak Lizartzako eskola 2017an eraikiko duela agindu du

Iñigo Terradillos 2014ko mai. 21a, 16:59

Eskola txiki geratu zaie lizartzarrei
«Ezer gutxi» aldatu da egoera Lizartzan, eskola berria eraikitzeko eskatuz, martxoan aldarrikapena kalera atera zutenetik. Eusko Jaurlaritzak 2017. urtean eskola berria eraikiko duela onartu du, baina lizartzarrek ez dute hori horrela izango denaren «erabateko ziurtasuna». Itziar Saenz de Ojer gurasoak egin dio Atariari Hezkuntza sailarekin izandako bileraren balorazioa.

Eskolako langileek nahiz gurasoek behin eta berriro salatu dutenez, «eskola ez dago gaur egungo beharretara egokitua, ez ditu segurtasun neurriak betetzen, eta leku arazo handiak ditu». Hain justu toki arazo horiek konpontze aldera eskolaren kanpoaldean aurre fabrikaturiko etxola bat jarri zuten, baina, euren ustez hori ez da konponbidea, bertan «ez direlako baldintzarik egokienak betetzen» eskolak emateko.


Bada, martxoan hasitako protestaldiaren ostean, eskolako gurasoak Eusko Jaurlaritzako hezkuntza sailarekin bildu ziren. Apirilaren 19an izan zuten bilera, eta bertan esan zitzaienez, 2017 urteko aurrekontuetan onartuta dago Lizartzan eskola berria eraikitzea. 1,5 milioi euro izango lukete aurreikusita horretarako.


Berri hori ez zuten poztasun handiz hartu gurasoek, Leire Gordok azaldu duen moduan, «onartuta egon arren, ez baita ziurra egingo dutela». Izan ere, berak esan bezala, «zaila da jakitea hemendik hiru urtera, legealdi aldaketa tarteko, zer gertatuko den».
Lehentasunen zerrendari jarraituta utzi dute Lizartzako eskolaren proiektua 2017 urterako. Beraz, horrek zekarren zalantza eta proposamena ere luzatu zieten Jaurlaritzarekin eginiko bileran: «Benetan data horretan egingo badute horrek esan nahi du beste hiru urte itxaron beharko ditugula eskola berria eraikitzeko, beraz, hori ailegatu bitarte oinarrizko aldaketa batzuk emateko eskatu genuen, aurre fabrikaturiko etxolarena eta ratioarena konpontzea, alegia».


Hilabeteko epean teknikariak eskolara gerturatzeko konpromisoa hartu zuten, batez ere, etxolarekin dagoen arazoari irtenbidea emateko helburuz. Ratioari dagokionez, Leire Gordok esan duenez, «legedia Jaurlaritzak jartzen duen heinean, berari dagokio betearaztea». Ratioari lotuta dagoen gaia da segurtasuna, eta eskolaren inguruan 2007an eta 2011n txostenak daudela eginda eta eskola berria lehenbailehen eraikitzea gomendatzen dela gogoratu zuten bileran: «Asko harritu gintuen txosten horiek ez zituztela ezagutzen esan zigutenean», azaldu du Gordok.


Hilabeteko epean, beraz, eman beharko lituzkete pausoak Jaurlaritzatik, eraikin berria egin bitarte egoera zertxobait konpontzeko. Gurasoek argi dute hori ez badute betetzen protestekin jarraituko dutela.

Alkizan ere espazio falta salatu dute

Alkizako eskolaren egoera ere salatu dute herritarrek azken urteetan, «zaharkitua egoteaz gain, espazio falta handia duelako». Egoera hori, neurri batean behintzat, konpondu dute, eskolaren aldamenean gela bat egokituz. Gela hori 1-2 urteko haurrek erabiltzen dute, eta tutoreak esan duenez, bertako egoera bestelakoa da: «Hor gaudenak oso ondo gaude, baina, gainerakoak berdin jarraitzen du».

Datorren ikasturteari begira, leku falta handia izango dutela aurreikusten dute: «Guztira 2-3 urte bitarteko 17 haur egongo dira, 10 haur matrikulatu baitira, beraz, larri ibiliko gara». Bost gela dituzte orotara Alkizako eskolan, eta azpimarratzen dituzten arazoen artean, leku faltarekin batera, bulegoa 2-3 urte bitarteko gelaren barruan izatea, eta komunak elkarbanatu behar izatea leudeke.


Eskola berria eraikitzea litzateke eurentzat irtenbide egokiena, eta hori eskatzen jarraitzen dute. Hain zuzen, Alkizako Udalak Eusko Jaurlaritzarekin negoziaketan jarraitzen du eskolaren inguruan, baina, oraindik ez dute ezer adosterik lortu.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!