Eskolako langileek nahiz gurasoek behin eta berriro salatu dutenez, «eskola ez dago gaur egungo beharretara egokitua, ez ditu segurtasun neurriak betetzen, eta leku arazo handiak ditu». Hain justu toki arazo horiek konpontze aldera eskolaren kanpoaldean aurre fabrikaturiko etxola bat jarri zuten, baina, euren ustez hori ez da konponbidea, bertan «ez direlako baldintzarik egokienak betetzen» eskolak emateko.
Bada, martxoan hasitako protestaldiaren ostean, eskolako gurasoak Eusko Jaurlaritzako hezkuntza sailarekin bildu ziren. Apirilaren 19an izan zuten bilera, eta bertan esan zitzaienez, 2017 urteko aurrekontuetan onartuta dago Lizartzan eskola berria eraikitzea. 1,5 milioi euro izango lukete aurreikusita horretarako.
Berri hori ez zuten poztasun handiz hartu gurasoek, Leire Gordok azaldu duen moduan, «onartuta egon arren, ez baita ziurra egingo dutela». Izan ere, berak esan bezala, «zaila da jakitea hemendik hiru urtera, legealdi aldaketa tarteko, zer gertatuko den».
Lehentasunen zerrendari jarraituta utzi dute Lizartzako eskolaren proiektua 2017 urterako. Beraz, horrek zekarren zalantza eta proposamena ere luzatu zieten Jaurlaritzarekin eginiko bileran: «Benetan data horretan egingo badute horrek esan nahi du beste hiru urte itxaron beharko ditugula eskola berria eraikitzeko, beraz, hori ailegatu bitarte oinarrizko aldaketa batzuk emateko eskatu genuen, aurre fabrikaturiko etxolarena eta ratioarena konpontzea, alegia».
Hilabeteko epean teknikariak eskolara gerturatzeko konpromisoa hartu zuten, batez ere, etxolarekin dagoen arazoari irtenbidea emateko helburuz. Ratioari dagokionez, Leire Gordok esan duenez, «legedia Jaurlaritzak jartzen duen heinean, berari dagokio betearaztea». Ratioari lotuta dagoen gaia da segurtasuna, eta eskolaren inguruan 2007an eta 2011n txostenak daudela eginda eta eskola berria lehenbailehen eraikitzea gomendatzen dela gogoratu zuten bileran: «Asko harritu gintuen txosten horiek ez zituztela ezagutzen esan zigutenean», azaldu du Gordok.
Hilabeteko epean, beraz, eman beharko lituzkete pausoak Jaurlaritzatik, eraikin berria egin bitarte egoera zertxobait konpontzeko. Gurasoek argi dute hori ez badute betetzen protestekin jarraituko dutela.
Alkizan ere espazio falta salatu dute
Alkizako eskolaren egoera ere salatu dute herritarrek azken urteetan, «zaharkitua egoteaz gain, espazio falta handia duelako». Egoera hori, neurri batean behintzat, konpondu dute, eskolaren aldamenean gela bat egokituz. Gela hori 1-2 urteko haurrek erabiltzen dute, eta tutoreak esan duenez, bertako egoera bestelakoa da: «Hor gaudenak oso ondo gaude, baina, gainerakoak berdin jarraitzen du».
Datorren ikasturteari begira, leku falta handia izango dutela aurreikusten dute: «Guztira 2-3 urte bitarteko 17 haur egongo dira, 10 haur matrikulatu baitira, beraz, larri ibiliko gara». Bost gela dituzte orotara Alkizako eskolan, eta azpimarratzen dituzten arazoen artean, leku faltarekin batera, bulegoa 2-3 urte bitarteko gelaren barruan izatea, eta komunak elkarbanatu behar izatea leudeke.
Eskola berria eraikitzea litzateke eurentzat irtenbide egokiena, eta hori eskatzen jarraitzen dute. Hain zuzen, Alkizako Udalak Eusko Jaurlaritzarekin negoziaketan jarraitzen du eskolaren inguruan, baina, oraindik ez dute ezer adosterik lortu.