Lizartzako eskola

Etxola berria izango dute lizartzarrek datorren ikasturtean

Iñigo Terradillos 2014ko eka. 5a, 16:51

Lizartzako guraso elkarteko kideak iragan apirilaren 19an bildu ziren Eusko Jaurlaritzako hezkuntza sailarekin, eskola berria eraikitzeaz hitz egitera. Bilera hartan jaurlaritzak adierazi zien 2017 urteko aurrekontuetan onartuta dagoela Lizartzan eskola berria eraikitzea, eta 1,5 milioi euro aurreikusi dituztela proiektua egiteko. Gurasoek ez dute erabateko poztasunez hartu berria, «ez dagoelako erabateko ziurtasuna eskola berria egingo dela, oraindik hiru urte geratzen baitira data horretarako». Horregatik, bitartean oinarrizko aldaketa batzuk emateko eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari, eta neurri horiek hilabeteko epean erabakitzea adostu zuten. Bada, oinarrizko eskaera horietako bat aurrera eramatea onartu du jaurlaritzak, eta datorren ikasturtean aurre fabrikaturiko etxola berria izango dute eskolako haurrek.

«Teknikariak etorri dira ikustera, eta gaur egun dugun etxola kendu eta berria jartzea erabaki dute», azaldu du Leire Gordo gurasoak. Hain justu, eskolak duen «leku falta  handia» da duten arazoetako bat, eta horregatik, etxola handiago bat jarriko dute datorren ikasturterako, bi solairukoa. «Gaur egun balioanitzeko gela eskolatik nahi urrun dago, eta bertara joateko errepidea gurutzatu beharra izaten dute haurrek egunero, beraz, eskola berria eraiki bitartean agian arazo hori behintzat ekidin dezakegu», adierazi du Gordok.
«Ikusi arte ez dugu sinetsiko»
Dena den, Lizartzako eskolako gurasoek ez dute alde batera utzi nahi euren benetako eskaera, hau da, «eskola berria egitea». «Egoera gazi-gozoan gaude, izan ere, onartu dute eskola berria egitea, eta hori bere horretan pozgarria da, baina, 2007an egitea erabaki dute, eta hori berandu da, orain behar dugulako», dio Itziar Saenz de Ojer gurasoak. Euren ustez, etxola berria jartzea «ondo» dago, «hobekuntza» delako, baina, aldi berean, «petatxua» da, eta argi dute herrian eraikin berria ikusi bitarte zein izango den euren jarrera: «Eskola berria eraikitzen hasten diren arte ez dugu sinetsiko, eta hori gertatu arte ez gara geratuko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!