Ez da Martikorenarekin abesten duten lehen aldia; iaz, Orendaingo elizan abestu zuten bertako Udalaren ekimenez, herriko festetan. Orduko esperientzia aberatsa eta baikorra izan zen, eta hori dela eta, Alegiako abeslariek emanaldia errepikatzea erabaki dute, baina kasu honetan Alegian antolatu dute kontzertua, jai egitarauaren barnean.
Emanaldia Elizpe zine aretoan izango da eta Garbiñe Orbegozok zuzenduko du. Mariaje Rekondo herritarra izango du pianoan laguntzaile abesbatzak abesti batzuetan.
Txintxarri abesbatzak emango dio hasiera kontzertuari. Lehen abestiak abesbatzak bakarrik abestuko ditu. Bernat Etxepareren izen bereko bertsoak oinarri dituen “Kontrapas” kantu ezaguna eskainiko dute lehendabizi. Segidan, estiloz erabat aldatu eta Françoise Hardy abeslari frantsesaren kantu ezagun bat abestuko dute euskaraz, “Tous les garçons et les filles”; abesti honek sekulako zalaparta sortu zuen 60ko hamarkadaren hasieran. Segidan, “Maiteak galde egin zautan” doinu herrikoia eskainiko dute. Xabier Letek konposatutako “Nafarroa arragoa” kantatuko dute ondoren, eta Ken Zazpi taldearen “Itsasoa gara” abestiarekin amaituko da lehen zatia.
Emanaldiaren bigarren zatian Erramun Martikorenak bakarrik abestuko du Joxe Angel Elizalde akordeoi-jotzailearekin. Eta emanaldiaren amaieran abesbatzako abeslariak hurbilduko zaizkio eta beste lau abesti eskainiko dituzte elkarrekin: “Herribera”, “Xalbadorren heriotzean”, “Gaztedi berria” eta “Nerea izango zen”.
Emanaldia doan izango da, baina areto ingurura garaiz joatea komeni da, eserlekua ziurtatzeko txartela eskuratzeko.
SALBEA ETA KARMEN EGUNEKO MEZA
Urteroko ohiturari eutsiko dio Txintxarri abesbatzak, eta Karmen bezperan, 17:45etan, Pedro Joxe Iguain alegiarrak konposatutako “Salve regina” abestuko du Joan Bataiatzailea Deunaren elizan.
Horrez gain, Karmen eguneko meza nagusian abestuko du abesbatzak goizeko 11:15etik aurrera. Besteak beste, Alegian hainbat urtez apaiz egon zen Lukas Guridi azpeitiarraren “Flos Carmeli” mezatik” Gloria” abestuko du.