Iritsi dira Alegiako jaiak eta igandera bitarte egitarau zabalak izango dira. Jai Batzordeak antolatutako Karmen jaiak bihar hasiko dira, eta txupinazoa orain 50 urte sortu zen ikastolaren bultzatzaileek botako dute. Gaztetxeak antolatutako Bibalabirjen jaiak, berriz, gaur bertan jarriko dira martxan.
Aurreko urteetako antzeko egitaraua izango da Jai Batzordekoen eskutik. Nabarmentzeko ekitaldietako bat Erramun Martikorenak eta Txintxarri Abesbatzak larunbatean eskainiko duten emanaldia da. Aipatzeko beste ikuskizuna Oinkari dantza taldeak eta Hika Teatroren Sagartu izenekoa izango da, igande eguerdirako. Ostiraleko kontzertuan Hesian eta Passepartout taldeak izango dira agertokiaren gainean.
Bestalde, aurten bigarrengo aldiz Goitibehera Jaitsiera egingo da, iazko arrakastaren ondoren. Nati Murua zinegotziak nabarmendu duenez, herriko gaztetxoak parte hartzen ari dira antolakuntzan eta hori «poztekoa» dela dio. Sutarri dantza taldeak iaz emanaldia ostegun gauera aurreratu zuen, igande goizean egin ordez, eta aurten ere errepikatuko dute. Bestalde, ohi denez, zahagi ardoa izango da egunero. Larunbatean ere ez du huts egingo sagardo dastaketak eta sardina jateak.
Mikel eta Iñaki Artola anaia alegiarrak ere izango dira egitarauan. Mikelek bertso saioan parte hartuko du eta Iñakik profesionalen pilota partidan, Urretabizkaia ikaztegietarrarekin bikote eginez, eta Victor eta Erasun zizurkildarraren aurka.
Kirolean aurten ere jokoan izango da Harri-jasotzaileen XII. Txintxarri Saria, Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa ere izango dena.
Eta festak amaitzeko aurten berriro ere Txintxarria erreko da. Azken urteotan agurtu egiten zen dantzarien saioarekin eta herritarrek eragindako txintxarrien soinuekin, baina Jai Batzordetik azaldu dute herritarrek eskatu dutela erretzearen ekitaldia berreskuratzea, eta aurten horrela egingo dute. Hori bai, Jai Batzordekoek eskatu dute txintxarriak eramateko.
Bibalabirjen jaiek ere ez dute aldaketa handirik izango egitarauan, baina berritasun batzuk izango dira. Horietako bat ostiraleko herri bazkariaren ondoren kuadrillen arteko jokoak egingo direla izango da. Bestea, igande arratsaldean kontzertu bat antolatu dutela; aurten Lorratzak taldekoak ariko dira. Horren aurretik, haurrentzako jolasak antolatu dituzte. Ping-pong eta partxis txapelketa iaz egin zuten lehen aldiz, eta aurten ere errepikatuko dute; bihar da ekitaldia.
Bestela, bulebarreko gunean ez da faltako kontzerturik, gaur bertatik hasita. Ostiralean, musika Gaztetxera igaroko da, eta bertan hainbat disko jartzaile ariko dira gau guztian, eta baita hurrengo goizean ere.