Ikaztegietako bienal arrakastatsua

Naiara Roldan de Aranguiz 2023ko api. 22a, 13:53

Bi urtez behineko hitzordua izaten da Ikaztegietako Euskal Azoka eta gaurkoan ez du hutsik egin; era guztietako artisauak bildu dira elizaren bueltan eta baita ikus-erosleak ere.

Zortzigarrenez antolatu dute Ikaztegietan Euskal Azoka. 10:00etarako hasteko intentzioa bazuten ere, boluntarioak 08:00ak alderako bildu dira, prestatu beharrekoak atontzeko. Goizean goiz, eguraldia ez zuten aldeko eta zalantzak ere izan dituzte azokaren kokalekuaren inguruan, baina azkenik arriskatu eta elizaren bueltan kokatzea erabaki dute, baita asmatu ere. Jendea gerturatzen hasi denerako ostarteak zabaldu baitira Ikaztegietan.

Aurtengoan, 25 bat postu jarri dituzte Euskal Azokan. Antolatzaileen esanetan, urtetik urtera jende berria erakartzen saiatzen dira, eskaintza askotarikoa bultzatuz. Eta postuz postu joanez, gaurkoan, horrela antzeman zitekeen jan-edanak, osagarriak, arropak, eskulanak, pilotak, jostailuak... denetariko produktuak.

Artisau asko eskualde bueltakoak (Hyle belarritakoak, Balardipeko erleak, Oreka ogia, Larreta esnekiak, Izpiliku kosmetika, Felix Munduan, Otero pilotak...), baina baita kanpokoak ere (argitaletxeak, oinetakoak...).

Gaztetxoenei begira

Pako Belea konpartsa herrian zehar ibili da goizean zehar, etxeko txikienen gozamenerako. Baina honakoa ez da gazteenek jolaserako izan duten aukera bakarra. Egurrezko jostailuak izan dituzte gela balioanitzaren bueltan. Musika tresnak, abilezia tresnak... guztiak probatzeko aukera izan dituzte bertaratutako neska-mutilek.

Artisauez gain, herriko ikasleek ikas-bidaiarako dirua biltzeko postua jarri dute. Elizaren arkupean kokatu dute euren postua eta bertan gaziak eta gozoak salgai izan dituzte goiz osoan zehar.

Arratsaldean festa

Balerdipeko Inaxio Arinen eta Mattin Jauregiren eskutik, bazkaria dastatuko dute ikaztegietarrek. 70 bat pertsona bilduko dira eskualdeko sukaldea dastatuz. Eta festak, oraindik orain jarraipena izango du. Izan ere, 18:00etan Distopia elektrotxarangaren doinuak eta Basaberen garagardo dastaketa izango baitira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!