ELKARRIZKETA

«Garrantzitsua da gure azalari zer ematen diogun jakitea»

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko ira. 3a, 07:57
Naiara Lizarribar eta Amaia Garmendia ama-alabak aritzen dira Izpiliku xaboi naturalak ekoizten. E. MAIZ

Amaia Garmendia eta Naiara Lizarribar ama-alabek azaleko arazoak tarteko sortutako afizioa ofizio bilakatu dute; duela urtebetetik Izpiliku izeneko xaboi eta xanpu naturalak ekoizten dituzte.

Ama-alabak dira Amaia Garmendia eta Naiara Lizarribar orendaindarrak. Duela urtebetetik erronka berri bati ekin diote eta xaboi naturalak eginez bizi ahal izatea dute helburu. Osagai naturalak baino ez dituzte erabiltzen ekoizteko, eta etxeko landareak ere erabiltzen dituzte horretarako. Sortu eta egiteko ideiak ez zaizkiela falta aitortu dute. Horrez gain, garbigailurako eta ontzi-garbigailurako xaboiak egiten ikasteko tailerrak eskaintzen dituzte, eta baita haurrentzako tailerra ere.

Xaboi naturalak egiten dituzue. Nolatan?

Amaia Garmendia. Bederatzi-hamar urte izango dira xaboiak egiten hasi nintzela. Gehienbat azaleko arazoak nituelako hasi nintzen, eta batik bat niretzako eta nire familiarentzako egiten nituen. Pixkana-pixkana jendea eskatzen ere hasi zitzaidan eta hasiera hartan guztia oparitu egiten nuen. Arazoak nituelako hasi, afizio bihurtu zen eta horri tiraka hemendik bizi ahal izateko asmoari ekin diogu.

Zer dela eta erabaki duzue pauso hori ematea?

Naiara Lizarribar. Ama aritzen zen batik bat, eta gauzak nola egiten diren erakusten zizkidan eta ni saltsan ibiltzen nintzen. Geroz eta eskaera handiagoa genuela ikusten genuen. Hasieran familiakoak ziren, gero bizilagunak, horiek oparitarako ere nahi zituztela... Koronabirusa tarteko, ama tarte batean lanik gabe geratu zen, eta orain edo inoiz ez izan zen kontua. Beste pauso bat eman genuen, eta serioago hartzen hasi ginen eta orduan sartu nintzen ni.

Ama hasi zenetik aritu izan zara saltsan?

Lizarribar. Beti ikusi dut ama bideoak ikusten eta irakurtzen, baina horrek ez zidan atentziorik deitzen. Aldiz, sukaldean gauzak egiten ikusten nuenean hor bai sartzen nintzen eta gustatzen zitzaidan saltsan aritzea. Eta ikustetik gauzak egitera pasa nintzen, eta pixkanaka ikasten joan naiz.

Etxetik aparte egin behar izan duzue lantegia.

Lizarribar. Bai. Jada urtebete izango da. Lekua prestatu dugu lanerako, eta Izpiliku izena ere jarri diogu proiektuari. Hasieran Amaiaren xaboiak edo Orendaingo xaboiak bezala ezagutzen zituen jendeak.

Bilakaerarik antzeman duzue, hau da, jendeak garrantzia ematen dio xaboiak naturalak izateari?

Lizarribar.

Bai. Azoketan konturatu naiz jende asko etortzen zaigula azaleko arazoekin; dermatitis, psoriasi... geroz eta jende gehiago dago azaleko arazoekin. Eta hainbeste produktu erabili ostean, naturalak probatu nahi izaten dituzte. Gure esperientziarekin guri honek funtzionatu digu, eta ez dakigu beste batzuei balioko dien, baina garrantzitsua da gure azalari zer ematen diogun jakitea. Jatekoari begiratzen diogun moduan, jendeak geroz eta gehiago begiratzen dio bere azalari zer ematen dion.

Azalerako eta ilerako xaboi mota ezberdinak egiten dituzue. Nolakoa izan da ikasketa prozesua?

Garmendia. Asko irakurriz, ikastaroetan ikasiz, eta propietateak-eta direla eta, froga asko eta asko eginez. Familiakoak probatzaile moduan asko erabili ditut. Probaketa asko egon dira, eta beti hobetzen saiatzen aritu naiz. Formula bat ateratzen nuen, eta gero batekin edo bestearekin gehiago hobetzen ote den begiratuz ibili naiz. Baina azken batean azal mota guztiak ezberdinak dira, eta bati ondo egiten dionak beste bati ez dio egiten. Asko probatu behar da. Belarrena ere mundu bat da, eta ikastaroak ere jaso ditut eta ikasten joan naiz. Formulatzen ikasi behar duzu.

Azala eta ilea. Oinarri bera dute?

Garmendia. Ez, ez. Gorputzean eta buru-azalean ez dugu pH bera, eta gorputzeko atal ezberdinetan ere pH ezberdina dugu. Hori kontuan izan behar da. Aurpegirako edo gorputzerako xaboi bat edo beste erabiltzea egokiagoa da, eta esaterako buztin arrosaren xaboia suabeagoa denez egokiago da aurpegirako. Eta buru-azalekoak beste mota batzuk dira. Kokotik deribatutako produktuekin eginak dira edo buztin zuriarekin; oso egokiak dira buru-azalerako, eta koipeak gehitzen dizkiegu hidratatuta egoteko. Hori bai, guztiak solidoak dira.

Nagusiki zein osagai natural erabiltzen dituzue?

Lizarribar. Xanpuak egiteko kokotik deribatuak direnak, SCS eta SCY izena dutenak. Horrela zerbait kimikoa eta arraroa dela ematen du, baina kokotik deribatutako produktu naturalak dira.

Garmendia. Horiei grasak gehitzen zaizkie, olioak, manteka, kakaoa edo karitea. Hidratatzaile oso onak direlako.

Lizarribar. Olioarekin etxean oleatoak egiten ditugu; adibidez, kalendula, hiperiko edo erromeroarena.

Garmendia. Olioan landare bat sartzen duzu, eta landarearen propietate guztiak olio horretan geratzen dira; hori da oleato bat. Olio horiek xaboi edo xanpuetarako erabiltzen ditugu. Xaboietan gehien bat oliba olioa erabiltzen dugu. Gehiengoa olibarena da eta gero beharrezkoa du kokoaren olioa, eta aparte kakaoa, karitea... Gorputza hidratatzeko dira.

Azal eta ile mota ezberdinetarako zehaztuta dituzue xaboiak.

Lizarribar. Hori pixka bat orokorrean ulertu behar da. Azal mota batentzat dela jartzen dugu, baina koipedun azalen kasuan, guztiok ere ez dugu azal bera. Guk beti esaten dugu ez geratzeko bakarra probatuta. Zure azalarentzat egokiena aurkitu arte, onena probatzen joatea da.

Garmendia. Etxean ere gertatzen zaigu. Azal mota antzekoa dugu, baina Naiarak gustukoena duena, niretzat ez da gustukoena. Gure dutxan denetarik dago.

Zenbat mota ezberdin dituzue?

Lizarribar. Bururako zazpi ditugu, eta gorputzerako, berriz, bederatzi, baina beti ez dauzkagu guztiak; baten bat falta izaten da.

Garmendia. Jada urte batzuk badira ile-egokitzaile solidoa ere egiten dugula, eta hidratatzailearekin ere jendea oso gustura dago. Hori bai, guztiak dira solidoak eta plastikorik gabeak. Jendeak uste dut kasu honetan ere gero eta kontzientzia handiago duela eta solidoa erabiltzen eta plastiko gutxiago sortzen ahalegintzen dela. Azken batean etxeetan sortzen den plastiko pila hori ere gutxitzen duzu.

Guztiak solidoak izanda jendea animatzen da?

Lizarribar. Hasieran jendea harritzen da, eta atzera bezala egiten du eta xanpu solidoarekin jendea ez da ausartzen, baina gero benetan probatzen dutenek erosoagoa dela ikusten dute. Behar duzun kantitatea baino ez duzu erabiltzen. Askotan ontzia hartu eta xaboi gehiegi erabiltzen duzu. Lehorrean mantentzen baduzu oso ondo mantentzen da.

Gakoa lehorrean mantentzea da?

Lizarribar. Hori da. Uretan uzten baduzu bera bakarrik kontsumituko da. Ondo lehortzen bada asko irauten du.

Zer da gehien eskatzen dena?

Lizarribar. Boladak izaten dira. Azoka batean bat asko saldu zelako asko hartuta joaten zara beste azoka batera eta ez da saltzen. Ikatz aktibatuaren xaboiarekin gertatu zitzaigun hori. Hasieran ez zen batere saltzen, baina azoka batera joan eta dena saldu genuen. Agian gehiena ezagutzen delako-edo, gehien eskatzen direnak kalendula eta aloe-verarena dira. Ziurrenik jendeak horien propietateak jada ezagutzen dituelako izango da. Jendeak zein azal mota duen esaten digu eta gomendioak ere eskatzen dizkigute.

Ikusgarriak edo politak dira egiten dituzuen xaboiak.



Garmendia. Horretan saiatzen gara. Normalean jende guztiak koloreari eta usainari begiratzen dio lehenengo. Usaina egiten diete denek, baina garrantzitsuagoa litzateke osagaiak begiratzea. Kolore pixka bat ematen hasi ginen, beti ere, kosmetika naturalean erabili daitezkeen materialekin.

Lizarribar. Koloreekin askoz ere bisualagoak dira, eta balio izan digu jendeak jakiteko zein xaboi erosi duen. Askotan ez zuten jakiten zein erosi zuten azkena, eta kolorea galdetuta badakigu. Berez koloreak ez du ezer, baina guztia begietatik saltzen da.

Denbora eskatzen du xaboi bat egiteak?

Garmendia. Dagoeneko formulak eginak ditut, eta hor daude Naiarak erabiltzeko prest [Barreak]. Prestatzen denbora gehiago pasatzen duzu, gero egiten baino. Maionesa bat egingo bazenu bezala da, osagaiak nahastea da. Berotu beharrekoak berotu behar dira, eta besteak hotzak botatzen dituzu, eta moldeetan jartzea da. Baina gero molde horietan bertan lehortu egin behar dute 24-48 ordutan. Orduan hasten da xaboia egiten, eta hortik ateratzean moztu egin behar dira, eta lehortzeko prozesua hasten da. Hasieran pH oso altua izaten du eta ezin da erabili, eta jaisteko 40 bat egun pasatzen dira. Hori da prozesu luzeena. Berez, zenbat eta denbora gehiago eduki lehortzen askoz ere hobea da. Gogortasun gehiago izaten dute eta apar gehiago ateratzen dute.

Lizarribar. Hori xaboiarekin bakarrik, xanpuen kasuen ez. Masa egin, moldeetan jarri eta pare bat egunekin lehortzen da. Prozesua motzagoa da.

Eta ile-egokitzailea?

Garmendia. Manteka du, eta moldeetan jarri eta hozten direnean atera, eta listo.

Aurrez prest izatea eskatzen du, beraz, xaboiak?

Lizarribar. Biltegian dezente jasota izaten ahalegintzen gara azoketara joan ahal izateko edo norbaitek eskatzen digunean edukitzeko. Agian ez etiketatuta, baina bai xaboia prest.

Garmendia. Batzuetan eskaera handiak izaten dira eta eduki behar izaten ditugu. Azken batean, iraungitze data ere jarri egin behar izaten diogu horrela eskatzen dutelako, baina xaboi bat ez da iraungitzen. Usaina galduko du, baina propietate guztia hor daude.

Momentuz ez zarete lan honetatik bizi, posible da?

Garmendia. Bai. Bideragarritasun plana egin ziguten, eta posible da bertatik bizitzea. Momentuz beste lan batzuk ditugu, baina gustatuko litzaiguke bertatik bizi ahal izatea. Ea pixkana-pixkana lortzen joaten garen.

Lizarribar. Soldata bat ateratzeko beste edukiko bagenu, gu gustura. Momentuz paper kontu asko ditugu, osasungintza aldetik ere gauza asko, eta ez da erraza. Momentuz azoketan, denda gutxi batzuetan gaude edota Zizurkilgo kontsumo taldean. Bestela Instagrameko kontutik mezu zuzen bidez edo WhatsApp bidez saltzen ditugu. Noizbait lortuko dugu. Webgunea ere egitekotan gara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!