ELKARRIZKETA

«Buztina mahai gainean jarri eta libreki jolasten dut formak sortzen»

Irati Saizar Artola 2022ko ira. 16a, 19:58
Irune Agirrezabala Segurola artista tolosarra. I.S.A.

Hylé markaren atzean dagoen artista da Irune Agirrezabala Segurola (Tolosa, 1994). Ilustratzaile moduan, Caramelo de menta ezizenarekin egin zen ezagun urte batzuk atzera, eta eskuekin jarraitu du lanean orain, beste norabide batean. Buztinarekin belarritakoak eta beste hainbat osagarri egiten ditu.

Era betara edo bestera, eskuak zikintzea betidanik gustatu izan zaio Agirrezabalari; azken boladan, buztinez eta pinturaz zipriztintzen ditu.

Ilustratzailea, sortzailea, artisaua... nola aurkeztuko zenuke zeure burua?

Tolosako neska bat gehiago bezala aurkeztuko nuke. Nire bizitza hemen egiten dut, nire proiektu guztiak hemendik sortu dira, eta gainerako etiketak bigarren mailan kokatuko nituzke, nire luzapen moduko bat izan daitezke.

Eskuekin egiten duzu lan. Trebetasun hori betidanik izan duzu?

Txikitatik datorkidan zerbait da. Bi urte inguru nituenetik beti izan dut lapitz bat edo errotuladore bat eskuetan. Futbolean ere aritu nintzen, beraz, baloia izaten nuen hanketan. Txikitatik ahal dudan gauza gehien egiten saiatu izan naiz, eta sorkuntza izan da horietako bat; hori mantendu egin dut azken urteetan.

Eta zeure kabuz egin duzu bide hori? Ala ikastaroren batean parte hartu izan duzu?

Gehienbat nire erara aritu naiz. Noizbait hartu izan dut klaseren bat edo beste, baina hobeto ikasten dut neure kabuz. Deskubritzen, ikertzen, probatzen aritu izan naiz. Gero, ikasketak egin eta Ilustrazio Profesionaleko masterra egin nuen, baina nahiago dut neure erara.

'Caramelo de menta' ezizenaren atzean egon zinen urte batzuk atzera, eta orain Hylé markaren atzean zaude. Non geratu da 'Caramelo de menta'?

Atzean geratu den proiektu bat izan da, baina, hala ere, egia da, oraindik, zenbaitek Irune deitu beharrean Caramelo de menta bezala hots egiten didatela. Presente dagoen zerbait da oraindik; nire pertsonalitatearen aspektu bat baitzen, umorea presente zegoena eta orain ere presente daukat umore hori. Profesionalki proiektua atzean utzi dut, baina nire bizitzan nolabait jarraitzen du.

Betidanik izan duzu umore hori?

Bai, familiatik datorkidan zerbait da. Nire amak eta biok antza handia dugu zentzu horretan, baina aitzindaria nire aitona izan zela esango nuke, bere umoreagatik. Familian umorea asko erabiltzen dugu, oso bromazaleak gara.



Nola gertatu zen proiektu batetik besterako jauzia?

Saltsan hasi nintzelako izan zen. Arropa, osagarriak... betidanik gustatu izan zaizkit, eta belarritakoek zertxobait liluratzen ninduten. Belarritako handi xamarrak eraman izan ditut beti, baina karga ere handia zutenak. Caramelo de menta-rekin nenbilela, 3Dn belarritakoak egiten dituen neska bat ezagutu nuen, Maria Romero Laspiur, eta berak egindakoek ez zuten pisurik. Oso saltseroa izan naiz beti, eta belarritakoak egiteko grina piztu zitzaidan, gero neronek erabiltzeko. Materiala bilatzen hasi nintzen, eta pixkana belarritakoak egiten joan nintzen, eta janzten gero. Buztinezkoak ziren eta ikusi nuen oso arinak zirela. Lagunei eta familiakoei asko gustatu zitzaizkien eta animatu egin ninduten zerbait egiten hastera. Salto hori ematera ausartu nintzen eta lehen bilduma diseinatu nuen.

«Nirea bezalako marka txiki bat izanda Instagram konturik ez badaukazu, ia ez zara existitzen»


Eta buztinarekin jarraitzen duzu.

Bai, laberik behar ez duen buztina mota bat erabiltzen dut. Material atsegina da eskuekin lantzeko, lasaigarria zait oso eskuekin buztina lantzea. Musika jarrita egiten dut lan, patxadan, koloreekin jolasten dut eta saiatzen naiz nire gustuak eta nire pertzepzioa islatzen. Azken batean, gustuak pertsonalak dira, baina zerbait diseinatu eta gauzatzen duzunean, eta ikustean jendeari gustatzen zaiola, feedback itzela da.

Zuretzako egiten hastetik merkatura begira lan egitea desberdina izango da.

Bai, eta horretarako nire intentzioa marka bat sortzea izan zen. Ikusi nuen asko disfrutatzen nuela buztina lantzen. Pixka bat serioago hartzea erabaki nuen eta nire marka zer zen pentsatzen hasi nintzen: zer naizen, zer nahi dudan erakutsi, nola nahi dudan salmenta prozesua abiatu... Bilduma batekin hastea bururatu zitzaidan, eta bildumak koloreen bidezko lotura izan zezala nahi nuen, formak desberdinak direlako. Konexioa koloreen bidez lortzen dut, eta gustatzen zitzaidan zerbait zen hori; modan, esaterako, lehen piezak hamargarrenarekin lotura bat izan behar du, eta nire intentzioa ere horixe izan da.



Bildumaren sortze prozesua nolakoa izan da?

Neure buruari begira jarri nintzen, ea nik zer jantzi nezakeen pentsatu nuen, bai forma aldetik eta bai koloreei begira. Oso argi nuen zenbait kolore hautatuko nituela: okrea, beltza edota zuria, adibidez. Eta azken koloreak ikertzen aritu nintzen, proba asko egin nituen bai koloreekin eta baita formekin ere. Nire intuizioarekin lan asko egiten dut, beraz, askotan, buztina mahai gainean zabaltzen dut eta libreki jolasten dut formak sortzen. Geometrikoak diren piezentzat moldeak erabiltzen ditut, baina bestela asko fidatzen naiz nire trazuaz, nire eskuez. Bigarren bilduma bat prestatzen ari naiz, eta guztia izango da eskuz, molderik gabe. Bozeto bat paper gainean egingo banu bezala, buztinaren gainean ari naiz egiten.

Laberik behar ez duen buztina erabiltzen duzula esan duzu.

Buztin berezia da. Argi nuen buztin polimerikoa ez nuela erabili nahi; jolasteko beste aukera batzuk eskaintzen ditu horrek, baina ezin nituen pintatu, kolorea berak ekartzen duelako. Niri pintzela hartzea, koloreak probatzea, pintatzea, eskuak zikintzea gustatzen zait, eta horregatik aukeratu nuen buztin mota hau. Bakarrik lehortzen da, eta gero pintatzen ditut.

Bi belarritako berdin ezin topatu daitezke zure bilduman hortaz?

Ez, hala da. Buztina lehortzen denean, bere erara lehortzen da. Agian belarritako bat bestea baino lauagoa aterako da, edo beste batek okerdura izan dezake, nahiz eta forma mantentzen den. Eta pintatzeko orduan ere, trazuaren arabera ezberdinak ateratzen dira gehienak.

Pisu gutxi duten piezak dira?

Bai, hala saiatzen naiz. Buztina manipulatzerako orduan urarekin nahastuta egoten da, baina lehortzean ura galdu eta buztina gogortu egiten da eta arintasuna irabazten du. Nire belarritakoak, nahiz eta handiak izan, 4 eta 10 gramo artean pisatzen dute. Azoketara noanean jendeak eskuan hartzen ditu, eta asko harritzen da zein pisu gutxi duten ikusita.

Beste zenbait osagarri ere egiten dituzu.

Hori beranduago etorri zen. Lehenik belarritakoen bilduma egin nuen, eta bestelako osagarriak ere gustuko ditudanez, animatu egin nintzen. Lepokoak egiten hasi nintzen, eta ilerako pintzak edota eraztunak ere egin nitzakeela ikusi nuen.

Markaren izena, Hylé, nondik dator?

Estetika eta historia aldetik betidanik gustatu izan zait grekoa, erromatarra... Izen grekoei begira jarri nintzen eta Hylé izena aurkitu nuen. Materia esan nahi du. Nire lanari, bereziki buztinari, garrantzia emateko aproposa izan zitekeela ikusi nuen. Eta gero, sortzen dudan modelo bakoitzari ere izen grekoak jartzen dizkiet.

Instagrameko kontuan erakusten duzu egiten duzuna. Gaur egun, sortzaile gazte askok zaintzen duzue sare sozialen esparrua.

Hala da, baina esan behar dut pixka bat erretzen nauen gauza bat ere badela. Nirea bezalako marka txiki bat izanda Instagram konturik ez badaukazu, ia ez zara existitzen. Ahoz ahokoak funtzionatzen du oraindik ere, baina puntu batera arte, gero ez. Azoketan ere egoten naiz, baina azoken berri, askotan, Instagram bidez izaten dugu. Oso garrantzitsua da horrelako proiektu batentzat Instagram eguneratuta izatea, eta ni kontu horrekin borrokan aritzen naiz, zeren, geroz eta gutxiago gustatzen zaizkit sare sozialak. Are gehiago, momenturen batean kentzea ere gustatuko litzaidake, baina ikusten dut, gaur-gaurkoz, ez dela posible. Gainera, orain ez da bakarrik argazki bat atera eta noizean behin igotzea, orain bideoak egin behar dira, reels-ak grabatu ere bai... lan asko da.



Azoketan ere bazabiltza. Nahiago duzu aurrez aurreko hori?

Bai, asko gustatzen zait jendearekin harremana izatea. Donostiako bikini denda batean egiten dut lan diseinatzaile moduan, eta asko ikasi dut bezeroekin harremanak izaten. Instagram eta Facebook hor daude, eta hor egoten naiz norbaitek zerbait galdetzen badit erantzuteko, baina aurrez aurreko tratua nahiago dut, aberatsagoa da, bereziagoa, gertukoa, eta jendeak baloratu egiten du hori. Marka ikusten duzu, eta horrez gain, marka horren atzean dagoen pertsona ezagutzeko aukera ere badago.



Sare sozialek eta web orriek askotan horixe ezkutatzen dute, atzekoa. Mesedegarria da marka batentzat atzean dagoen pertsona aurrean jartzea?

Nik uste dut baietz, bestela despertsonalizatu egiten da. Online sartzen zarenean arroparen bat erosten duzu, baina ez dakizu nork egin duen zehazki, zein herrialdetan, zein baldintzatan. Nik uste dut geroz eta kontzientzia gehiago dagoela kontsumo eredu horretan, eta garrantzitsua dela atzean nor dagoen erakustea, gehienbat proiektua pertsonala dela erakusteko. Azken batean, zure ilusio guztia jartzen duzu, maitasun osoa, zure eskuak jartzen dituzu, eta hori defendatzea tokatzen zaigu.

Bigarren bilduma prestatzear, proiektua hazten doa. Jarraitzeko gogoz?

Nire pertsona ez dut ikusten nire marka Hylé gabe. Hemendik 10 urtera markarekin jarraitzea espero dut, eta ondo joatea. Nire lanbidea izatea asko gustatuko litzaidake. Kontziente naiz ordea nik jorratu behar dudan bidea dela, borrokatu egin behar dudala nire lanagatik. Hasiera zaila izaten da, mundura ateratzen zara, inork ez zaitu ezagutzen eta pixkana hazten zoaz. Eta hor egotea da kontua eta lanean jarraitzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!