ELKARRIZKETA

«Umorera bideratutako sare sozial baten bidez sortutako proiektua da»

Leyre Carrasco 2023ko api. 20a, 07:59

Urki Galarragak, Sara Agirrek eta Maider Agirrek osatutako hirukoteak 'Felix Munduan' proiektua eraberritu du. Momentuz, jertseak bakarrik saltzen dituzte, baina eskaintza zabaltzeko asmoarekin daude.

Umoreari tiraka, Urki Galarraga amasarrarekin batera egiten zituen abenturak kontatzeko, 2017an sare sozialetan kanala sortu zuen Fermin Kaminos berastegiarrak. Lagunartean hasi zen kontu hura, pixkana handitzen hasi zen; pegatinak ez ezik, jertseak eta biserak saltzen hasi ziren. Iaz Kaminosek izandako istripuaren ostean, marka eustea erabaki du Galarragak, Sara Agirre eta Maider Agirre altzotarrekin batera.

Noiz eta nola sortu zen 'Felix Munduan'?

Urki Galarraga. 2017an hasi genuen proiektua. Nik furgoneta bat ekarri nuen eta Ximon izena jarri nion. Ferminekin batera furgonetaz ibiltzen hasi nintzen. Izan ere, Fermin eta biok arrauna utzi genuen, eta piraguan ibiltzera joaten ginen, besteak beste. Ondoren, Ferminek bere furgoneta erosi zuen, eta berak Felix izena jarri zion. Sare sozialetan orri bat sortzeko leihatila agertu zitzaion Fermini, eta kuriosoa suertatu zitzaionez, bertan orri bat sortzea erabaki zuen. Bere furgonetak Felix izena zuenez, Felix Munduan izena jarri zion. Orri horren administratzaile izendatu ninduen, eta argitalpenak egiten hasi ginen.

Beraz, zuen abenturen kanalaren bitartez hasi zen dena.

Galarraga. Sare sozial baten bitartez hasitako proiektua izan zen, baina umorera bideratuta. Adibidez, piraguan ondo ibiltzen den jendearekin konparatuta, guk egiten genituen gauzak txikikeriak ziren. Gure abenturak umorera bideratu genituen.

Nola zabaldu zen proiektua?

Galarraga. Gertuko jendea gure sare soziala hasi zen jarraitzen, familiakoak eta lagunak. Fermin herri txiki batekoa zen, Berastegikoa, eta bertan gertuagokoak direnez, herriko ezagunak ere hori jarraitzen hasi ziren.

Sara Agirre. Niri logoa egiteko eskatu zidaten. Bertan, beraiei gehien egitea gustatzen zitzaiena marrazteko eskatu zidaten, eta ondoren, Urkik logo horrekin egindako jertseak oparitu zizkigun Fermini eta niri.

Galarraga. Serigrafia tailer batera joan nintzen. Bizkarrean logoa estanpatzeko eskatu nien, eta aurrean Felix Munduan esaldia jartzeko. Hiru jertse egin nituen, bat Sararentzat, bestea Ferminentzat eta bestea niretzat. Sare soziala jarraitzen hasi ziren ezagunek jertsea ikusi eta beraiek ere eskatzen hasi ziren. Inongo helbururik gabe sortu zen proiektua, baina eskaerak ikusita, lortzen genuen diruarekin bidaia bat egitea pentsatu genuen.

 

Sara Agirre: «Nik uste logo zaharra hor uztea Ferminen presentzia izateko modu bat izan dela, horrekin hasi baitzen dena»

 

Zer dela eta erabaki zenuten marka eraberritzea?

Agirre. Ferminen istripuaren ostean, jendea jertseak eskatzen hasi zen. Horietako asko guk ezagutzen ez genuen jendea zen.

Galarraga. Izan ere, Felix Munduan jertsea jantzita zuen pertsona bat ikustean, gurekin harreman bat izatea zen gure hasierako asmoa. Gurekin lotura bat izatea nahi genuen, baina Ferminen heriotzaren ostean, hori zabaldu egin zen, eta hor autokritikarako momentua iritsi zen.

Agirre. Udara aurretik izan genuen horretarako ideia. Beñat Iraola Zatzaizkit markaren sortzaileari laguntza eskatu genion. Bere estudiora joan ginen, eta serigrafia egiten irakatsi zigun. Maider nire ahizpa da, eta moda argazkilaritza ikasi zuenez, proiektuko argazkilari izendatu genuen. Makinak erosi eta gure etxean jarri dugu estudioa.

Galarraga. Bidaia egiteko asmorik ez zegoenez, horretarako aurreztuta genuen diruarekin erabaki genuen makinaria erostea.

Zein beste aldaketa izan ditu markak?

Galarraga. Estetikoki, esango nuke, logoa ez dela jantzi askotan agertzen. Lehen jertseetan, kamisetetan eta biseretan ere agertzen zen. Eraberritze prozesuan, berriz, logoa jantzi askotan ez agertzea erabaki dugu. Izan ere, oso logo konplikatua da eta informazio gehiegi dauka. Beraz, sinpletasun puntu horrek markari aldaketa bat eman dio.

Agirre. Hala ere, betiko jertsea eskatzeko aukera ere egongo da. Horrekin hasi zen dena, eta hori ezin genuen hala nola kendu.

Gertukoek nola hartu dute aldaketa?

Agirre. Jendeak ikusi zuenean berak (Ferminek) hasi zuen proiektuari jarraipena emango geniola, oso ondo hartu zuen. Gainera, guk, gure kabuz egiten dugun zerbait da.

Ferminen hutsunea sumatzen duzue?

Galarraga. Bai, azkenean, berak sortu zuen proiektu bat da. Egia da hasieratik gurekin batera eraman duen proiektua izan dela, baina berez, Ferminek hasi zuen dena. Askotan izaten dugu berak zer pentsatuko ote lukeenaren edo zer egingo zuenaren zalantza. Izan ere, proiektu batean ideia asko daude. Orain hiru buru gaude, eta buru bakoitzak ideia desberdinak ditu. Beraz, hutsune hori noski nabaritzen dela.

Zer zen 'Felix Munduan' Ferminentzat?

Galarraga. Nik uste jende askok Felix bezala zuela Fermin. Gu bion kasuan, adibidez, gure proiektua izango balitz bezala ikusten zen, baina Ferminen kasuan, proiektua bera izango balitz bezala hartzen zen. Hor agertzen zen umorea oso berea zen, eta agian bere gertukoek horregatik deitzen zioten Felix.

Proiektu berrian bere esentzia hori sartzen saiatu zarete?

Agirre. Nik uste logo zaharra hor uztea bere presentzia izateko modu bat izan dela, horrekin hasi baitzen dena.

Galarraga. Nik uste proiektua hasieratik jarraitu duen jendeak beti lotuko duela Ferminekin. Proiektua orain jarraitzen hasi den jende berri horrentzat, berriz, ez da horrela izango. Ez gara hori plasmatzen ari. Proiektua eraberritu egin dugu, eta gure modura ari gara lanean.

 

Urki Galarraga: «Eraberritze prozesuan, berriz, logoa jantzi askotan ez agertzea erabaki dugu. Izan ere, oso logo konplikatua da eta informazio gehiegi dauka. Beraz, sinpletasun puntu horrek markari aldaketa bat eman dio»

 

Jertseak bakarrik saltzen dituzue. Etorkizun batean eskaintza zabaltzeko asmoa duzue?

Agirre. Bai, horretarako asmoa dugu. Hasiberriak gara, eta pixkana eskaintza handituko dugu. Ekainean kamisetak ateratzeko asmoa dugu.

Non erosi daiteke?

Galarraga. Aurrerago webgunea egitea pentsatu dugu, baina momentuz, instagramera idatziz (@felix.munduan) egin daitezke eskaerak, baita guregana gerturatuta ere.

Agirre. Azokaz azoka ibiltzeko asmoa ere badugu, eta Ikaztegietako ferian izango gara larunbat honetan. Gure lehen azoka izango da, eta oso pozik gaude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!