Herria gaztetzea dute helburu

Jon Miranda Labaien 2022ko abe. 1a, 07:57

Hernialden bizi direnen %37ak 60 urte baino gehiago ditu, 20 urtetik azpikoak berriz, %20 inguru dira. Datu hauei buelta eman nahian dabil bertako udala, besteak beste etxebizitza berriak sustatuz.

Hernialden 17 urtetik 25era bitarteko 10 bat gazte daude. Haiengan esperantza jarrita daukate udal ordezkariek eta legealdia amaitu baino lehen bilera bat egin nahiko luke herriko gazteekin haien asmoak zeintzuk diren jakiteko. Luis Arana (Hernialde, 1977) zinegotzia da eta udaletik sustatzen ari diren etxebizitza politikaz hitz egin du. Herri sarreran egiten ari diren urbanizazio berrian 10 etxebizitza berri egingo dira eta hurrengo udaberrirako amaituta egotea espero dute. "Hamar etxebizitza horietako lau herritarrek hartu dituzte, garai batean bertan bizitzen geratzeko aukerarik ez, kanpora joan, eta itzuli direnak". Beste 10 etxebizitza daude proiektatuta urbanizazio horren bigarren faserako eta martxan jarri aurretik hitz egin nahi dute gazteekin.

 

Esperantza dute Hernialdeko udal ordezkariek, oraintsu arte herrian salgai zeuden etxebizitza guztiak saldu direlako eta jende gaztea delako bertara etorri dena. "Nahiko genuke kanpotik etorri diren horiek hemen irautea, gertatu izan delako beste herri handiago batetik etorri, desengainua hartu, eta handik gutxira alde egitea. Horregatik, hemen jaio diren horiengan jarri nahi dugu arreta. Haiek badakite zer den hemen bizitzea, zeintzuk diren Hernialden bizitzearen abantailak eta desabantailak". Urrun baina aldi berean gertu dagoen herria dela dio Aranak eta ingurune natural ederra eskaintzen duela.

Ingurune hori zaintzeko, ordea, baserriaren beharra dagoela nabarmendu du Patxi Imaz (Hernialde, 1947) herritarrak. "Baserriko martxan erreleborik ez da ikusten, gazte jendeak kanpora joan nahi izaten du. Hemen lanik ez badago, nahiago dute lantokitik bertarago bizi. Gauza normala da hori". Etxebizitza faltan jarri du azpimarra Imazek eta Hernialde bezalako herri txikietan, baserriak birmoldatu eta egokitzeko erraztasun gehiago eman beharko liratekeela uste du: "Legeek, ordea, ez dute hori baimentzen, herri txikiontzat arauak gaizki jarrita daude". Bat dator Arana ere: "Asko jota bitan zatitu daitezke baserriak. Izugarrizko eraikinak dira eta erraztasunak emango balituzkete, gazteentzako irisgarriagoak izango lirateke. Baina nola sartuko da gazte bat horrelako etxetzar bat berritzen bera bakarrik?". Udal ordezkariek nabarmendu dute Hernialden 60 urtetik gorakoen kopurua altua izanik, arriskua dagoela baserri handietan edadetuak bakarrik geratzeko. "Sukaldea behean eta logelak goran, mugikortasun arazoak dituenarentzat ere ez da egiturarik erosoena", dio zinegotziak.

Herri txikiak "abandonatzen" ari direlako kezka agertu du Imazek, baina kontrara, argi izpi bat jarri nahi izan du Aranak. "Gauzak poliki doaz, guk nahi baino gehiago, baina lorpen batzuk ere izan ditugu azkeneko urteetan. Haur eskola zabaldu dugu aurten eta nahiko genuke eskola txikia edo behintzat gela desplazatuaren aitortza lortzea hemendik gutxira". Herriko jendea herrian geratzeko apustu horri eutsi nahi diote Hernialdeko udalean, eta Aranak azpimarratu duenez, herri giroa sustatzeko neurriak hartzen segituko dute aurrerantzean ere.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!