2011n joan zen Gaztelura bizitzera Edurne Gartzia Azurmendi (Tolosa, 1974). Aurretik zinegotzi eta 2019tik alkate lanetan dabil.
Gaztelun biztanleri mugimendu handia dagoenaren pertzepzioa al duzu?
Ez bereziki. Herri txikia da Gaztelu eta nahikoa da pertsona pare bat edo familia batek herria uztea, portzentajeetan koska handiak eragiteko. Azkenaldian erorita zeuden baserri zahar batzuk berritzen ari dira eta duela gutxi familia pare bat etorri zaigu baserri horietako batera. Bi familia jarri dira bertan eta euren seme-alabak izan dituzte.
Azkeneko urteetan sumatzen da mugimendu gehien zuen herrian. Zein izan liteke arrazoia?
Bai. Ni neu bizi naizen Osingoien eraikina, berritu eta sei etxebizitza egin ziren bertan. 2010ean etorri ginen gu bertara. Hori izan liteke arrazoietako bat datu horiek azaltzeko. Hurrengo urteetan ere etorri izan da jendea Gaztelura bizitzera. Baserri zaharrak berritu eta egokitu dituzte horretarako.
Etxebizitza berriak egiteko asmorik ba al duzue Gaztelun?
Alde horretatik begiratuta badugu muga bat. Herriko lurraren zatirik handiena landa eremua da eta etxebizitzak eraikitzeko eremua oso txikia da. Eraikigarriak diren lur horietan proiektuak sustatzen saiatzen gara. Erbian Errekako proiektuan, adibidez, hiru etxebizitza eraikitzeko aukera dago eta orain arte bakarra eginda dago, beste bi egiteko aukera dago. Lurra prezio eskuragarrian saltzen du udalak, gure asmoa ez baita lur horiekin espekulatzea. Zerbitzu guztiak bertaraino sartuta daude eta inork etxea bertan egin nahiko balu aukera izango luke. Zazpi bat interesatu gerturatu dira, baina oraingoz ez da asmorik atera aurrera.
Beste lurrik badu Gazteluk etxebizitzak eraikitzeko?
Udaletxe parean badaude horretarako baimena duten lur batzuk. Dena den, guretzako garrantzitsua da herriaren fisionomia mantentzea. Ez ditugu etxetzar batzuk egin nahi. Horregatik gure apustua dagoeneko eginda dauden baserriak egokitzea da. Baserri handiak dira eta gaur egun pertsona bakarra edo pare bat bizi dira horietan. Gastu handia da horrelako eraikin handi bat mantentzea. Iruditzen zaigu baserri horiek berritu eta etxebizitza bat baino gehiago egin daitezkeela bertan. Horretarako Hiri Antolamendurako Plan Orokorra aldatu beharra daukagu, oraingoak ez duelako horrelakorik baimentzen. Hurrengo legealdian onartu nahi genuke plan berria dagoeneko aldaketa hori txertatuta.
Herri gaztea da?
Bai. Nahikoa gaztea da. Bizitzera etorritako bikoteok umeak izan ditugu. 15 bat ume egongo dira herrian. Gazte horiek heldu bihurtuko dira eta herrian bertan bizitzen geratzeko aukera bermatu nahi genieke. Dena den, orain gaztetxo diren horiekin hitz egin izan dugunean, denek ez digute adierazi bertan geratzeko gogoa. Batzuk nahiko lukete handitan Gaztelun bizi, baino beste batzuk adierazi digute kanpoan bizi nahi dutela. Denetariko jendea dago, bagaude kanpoan jaio eta bertara lasaitasun bila etorri garenak, baina badira bertan betidanik bizi eta esperientzi ezberdin baten bila hiri handiagoetara joan nahi dutenak.
Badute gaztetxoek herri sentimendua?
Baietz esango nuke. Txikienek bai. Gehienak Samaniegora joaten dira hemendik autobusez eta txikitatik egiten dute harremana elkarrekin. Haur eskolarik edo eskola txikirik ez dugu herrian. Egin izan dugu saiakeraren bat baina zaila da horrelako zerbitzuren bat herrirako lortzea. Egia da, sega eskolarekin lortu dugula halako kohesio bat herrian. Gaztetxoak aritzen dira segan, baina gurasoak inplikatu gara talde horretan eta esango nuke lortu dugula eskola arautu baten faltak suposatzen duen hutsune hori betetzen. Zerbaiten parte sentitzen gara.
Nerabeentzako ezer pentsatu al duzue?
Koskortzen joan ahala zintzilik geratzen dira gazteak eta galdu egiten da umetatik elkarrekin duten harremana. Haientzako espazio edo gune bat nola atondu pentsatzen ari gara udaletik. Gaur egun ludoteka gisa erabiltzen dugun gune hori egokitzeko aukera daukagu buruan. Baina, hala eta guztiz ere, gaztetxoek topatzen dute elkarrekin egoteko modua. Legealdi honetan umeentzako parkea egin genuen Gaztelun. Haurrek erabiltzen dute, baino maizago sumatzen ditugu zuhaitzetara igota edo basoan gordeta. Gugandik ihesi. Eta hori da naturala, umeek helduengandik ezkutuan egin nahi izaten dituzte euren kontuak. Eurentzat azpiegiturak egokitzen segituko dugu, hala ere, eta elkarrekin egoteko tokiak eskaintzeaz gainera, elkarrekin egoteko okasioak sortzen saiatuko gara.
Eta adinekoak. Asko al dira herrian?
Bai, adineko dezente daude herrian eta haien artean harremanak nola estutu ari gara pentsatzen. Egia da aurten ireki dugun ostatuak lagundu duela horretan. Sumatzen ditut nola etortzen diren erretiratuak bertara kafetxo bat hartu edo kontutan aritzera.
Zer da Gaztelu bezalako herri batek bertara bizitzera datorrenari eskaintzen diona?
Gazteluk eskaintzen du lasaitasuna. Ingurune naturala daukazu oso gertu. Oxigenoa. Paraje osasuntsua. Horrekin batera, onerako eta txarrerako, harremanak estuagoak dira hemen. Nire esperientziaren arabera guztiz positiboa izan da hona bizitzera etortzea. Bizilagunekin harreman polita sortu dugu eta badakit Tolosan biziko banintz ez nukeela horrelakorik edukiko. Gurasoen artean ere harreman estuak egin ditugu. Umeak ere elkarrekin hezten ditugunaren sentsazioa dut. Sare bat osatu dugula uste dut. Tolosatik gora eta behera ibiltzeko, adibidez, elkarrekin antolatzen gara eta kotxe bakarrean igotzen ditugu seme-alabak. Umerik ez duten bikoteek ere hartzen dute parte hazkuntza horretan eta gure haurrak hartu eta zinemara joaten dira edozein garaitan. Oso erlazio onak eman dizkit niri Gazteluk.
Elkarrekin topatzeko gune asko dauzkazue?
Ostatua ireki denez geroztik badugu topagune bat. Topagune fisikoa da hori, baina aurretik ere saiakera handia egin dugu kultur ekitaldiak antolatzen. Elkarrekin harremanetan jartzeko toki bat izaten dira antzerki, kontzertu, tailer eta ikastaroak. Kalitatez elkarrekin egoteko modu bat eskaintzen digu kulturak.
Gazteluarrek herriko dinamikan parte hartzen dutela iruditzen zaizu?
Bai, pixkanaka ohitura horiek berreskuratzen ari dira, aspalditik datozen zauriak itxi ahala. Ni neu hona etorri nintzenean herriko kultur taldera gerturatu nintzen nire ekarpentxoa egin nahian, eta begira, alkate bukatu dut azkenean. Nahi duenak, behintzat, badu aukera herriaren parte izateko eta herria hobetzeko aletxoa jartzeko.
Eta zein izan liteke Gaztelu bezalako herri batetik alde egiteko arrazoia?
Lehen aipatu dudan kontu beragatik, akaso. Harremanak hemen estuagoak dira, onerako bezainbat txarrerako. Hala ere, orain arte behintzat ez zait tokatu inor arrazoi horrengatik alde egin duenik, edo hala adierazi duenik behintzat. Ez dut esan nahi kontrol soziala dagoenik, baina hain jende gutxi bizi garenez herrian, oharkabean pasatzea zailagoa da. Egon daiteke jendea beste esperientzia batzuk probatu nahi dituena eta hiri handiago batek ematen duen anonimatu bila dabilena. Seguruena aniztasun gehiago ere topatu daiteke hiri batean eta norbera bizitzan segun eta zein momentutan dagoen Gazteluk eskaintzen ez dituen zenbait gauza topatu ditzake hemendik kanpo.
Hainbesteko lasaitasunik ez behintzat.
Hori da. Pandemiaren ondoren jakin badakigu Gaztelura bizitzera etorri izan dela jendea, hiri handiagoetatik ihesi. Itxialdia, pisu txiki batean pasa edo hemengo etxe handiago batean pasa aldea dago. Esan izan digute hiri handietako giroa itogarria egin zaiela pandemian eta hori ekidin nahian etorri direla hona. Bi etxebizitza, egun batetik bestera saldu ziren pandemia bukatu berritan.
Gero, etorri dira zenbait bikote behin umea eduki eta gero, konturatu baitira Gaztelu bezalako herriek umeak hazteko beste aukera bat eskaintzen dutela. Haurrak beste modura hezten dira. Naturarekin harremanetan eta beste erritmo batean. Pausatuagoa da hemengo bizimodua. Ni hona bizitzera etorri nintzenean ez nuen umerik, eta gustura nengoen. Behin umea edukita are gusturago. Adin ezberdineko umeak elkartzen dira gainera, eta hori ohikoan hiri handiagoetan ez da gertatzen. Uste dut bizitzan trebatzeko irakaspen bat ere jaso dezaketela hortik, umetatik ezberdinen artean moldatzen ikasi behar dutelako gurea bezalako herri txiki batean. Beste abilidade batzuk eskuratzen dituzte umeek.
Zerbitzu faltak jendea atzeratu dezakeela uste duzu?
Egia da, adibidez, komunikabideak ez direla errazak. Ez gaude hain urrun, Tolosatik berehala iristen gara bertara, baina zenbait zerbitzu jasotzeko behera jaitsi beharra daukagu. Garraiobide publikoak ongi funtzionatzea ez da erraza, baina horren kontrara moldatzen gara buelta uhoriek gure artean antolatzen, auzolanean bezala. Horrek ere laguntzen du harremanak estutzen.