Bittor Madina Alzola Berrobiko irakasle ohia hil da

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko abuztuaren 6a

Bittor Madina, 2021ean, Berrobin. PEDRAM YAZDANI

Atzo hil zen 82 urterekin Berrobin bizi zen oñatiarra. 1978an iritsi zen Berrobira, eta urte askoan irakasle izan zen bertan; lan handia egin zuen eskola publikoan D eredua txertatzeko, baita Berrobin bertan euskararen alde ere.

1944an Oñatin jaio zen Bittor Madina Alzola. Irakaslea, eragilea, euskaltzalea eta irakurle amorratua izan zen. Oinarrizko ikasketak erdaraz egin zituen. Abade ikasketak Haron eta Oñatin egin ondoren, lau urte Erroman pasatu zituen. 1967an itzuli zen Oñatira, eta irakasle hasi zen agustinotan. Ikastola sortu berria zen eta Bittor euskararen aldeko lanetan hasi zen, gau eskolan irakasle eta metodologia berriak ikasteko tailerrak egiten, besteak beste.

Gasteizen irakasle-ikasketak ikasi ondoren, eskola publikoan hasi zen lanean. Lan handia egin zuen eskola publikoak euskalduntzen eta metodologia modernoa aplikatzen, D ereduaren aldeko borrokan. Egoera politikoa pil-pilean zegoen garai haietan, batzuentzako oraindik frankismoaren kiratsa zuen eskola hura irauli eta gaur egun ezagutzen dugun Euskal Eskola Publikoaren oinarrian lehen harriak jarri zituen. Oñatin lau urte egin ondoren, eta oposizioak gainditu eta gero, Berrobira joatea egokitu zitzaion.

1978an iritsi zen Berrobira, eta urte askoan irakasle izan zen bertan, erretiroa hartu zuen arte. Lan handia egin zuen herrian euskararen alde. Berrobiko ikasleei mundua euskaraz uler zitekeela erakutsi zien eta grisa zen irakaskuntza sistemari kolorea jarri. Mundua ezkerreko ideiekin ulertzen zuen, baita hezkuntza ere. Ikasle ohiak lagun, baita hauen haurrak ere, baso gizonekin patxadazko hizketaldiak egin ondoren, lagun kuttunekin literatur gomendioak elkartrukatzen zituen. Edonoren larruan jarri eta hauei entzunaz, hizketaldi goxoak edukitzeko dohaina zuen plazagizon isila zen Berrobiko maisu ohia. Egunerokoan, irakurtzea zuen plazer handi eta erreka bazterrean txorien kantuak entzunaz herrian paseatzea.

2021eko uztailean bere etxeko ateak ireki zizkion ATARIA-ri, eta Agurtzane Belauntzaran kazetariak elkarrizketatu zuen. Bere ibilbideari errepasoa egin zioten, bere burua harrituta utzi arte: «Zenbat gauza egin nituen nik», aipatu zuen askotan. Belauntzaren hitzetan Madinarena «inurri lana» izan da; «atzean beti, isilpean nahiago gainera».

Omenaldia, 2022an

Oso maitatua zen Berrobin. 2022ko abenduan, Euskararen Egunaren biharamunean, omenaldia egin zioten, euskararen alde herrian egindako lana eskertzeko. Jendetza elkartu zen herriko plazan, tartean, Madinarekin lan egin zuten irakasleak, ikasle ohiak eta senideak. Haiek hainbat bertso abestu zizkioten.

Bestetik, Ramon Olasagasti kazetari eta idazleak eta Begoña Olamusu liburutegiko arduradunak Madinaren ibilbidearen errepasoa egin zuten: «Erreferente garrantzitsua izan zara arlo eta modu desberdinetan. Zuk hain goxo eta eskuzabal erakutsitako bidea jarraitzen ari gara, eta badakigu zure beharra dugunean laguntzeko prest zaudela. Atzera begira jarri, eta egin duzun lanagatik merezi duzun aitortza egin nahi dizugu. Horrenbeste eman diozun herri honek badaki nolako pribilegioa izan den Bittor Berrobin izatea».

Herriko dantzariek agurra dantzatu zioten ondoren, eta hiru opari ere egin zizkioten; egur tailan idatzitako bertsoa, lore sorta eta berrobitar guztien izenean egurrezko makila. Oñatiarrak aitortu zuen ezustean harrapatu zuela omenaldiak, eta ekitaldia antolatu zutenak eskertu zituen.

Olasagastiren aitortza

Ramon Olasagastik sarri nabarmendu du Madinak egindako lana, eta elkarrizketa askotan aipatu du haren izena. 2021eko elkarrizketa honetan, honakoa esan zuen: «Gaztetatik garbi nuen idaztearekin zerikusia izango zuen lanbide bat nahi nuela. Idaztea betidanik gustatu izan zait eta irakurtzea ere bai. Gure txikitako irakasle bati, Bittor Madinari, zor diot zaletasun hori; berak sartu zigun irakurtzeko gogoa».

2021ean bertan, Agurtzane Belauntzaranek egindako elkarrizketa tarteko, Olasagastik 2004ko uztailaren 4ko Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitzako 369. zenbakian Bittor Madinari buruz kaleratutako zutabea berreskuratu zuen ATARIA-k.

Duela hilabete elkarrizketatu zuen azken aldiz ATARIA-k Olasagasti, eta elkarrizketa hartan ere aipatu zuen Madina, euskararen testuinguruan: «Nire kasuan, zorionez, euskara etxetik jaso dut, baina Berrobiko testuingurua oso berezia zen gure haur denboran. Espainiatik etorkin asko etorri zen Berrobira bizitzera, eta etorkin haien seme-alabak euskalduntzeko lan handia egin zuten Bittor Madinak eta beste irakasle batzuek. Guk ere, etorkin haien seme-alaben eraginagatik edo gure ergelkeriagatik, askotan gaztelerara jotzen genuen gure haur denboran, eta Bittorri eta beste batzuei esker euskaraz hitz egiten hasi ginen. Inurri lan horretan jarraitu beharrean gara gaur egun ere, euskararen aldeko jarrera hori zabaltzen», esan zuen.

Ataria Irratian, Ikaztegietan

2016ko ekainaren 12an, Ikaztegietan egin zuten Eskola Txikien Festa, eta Ataria Irratiak zuzeneko saioa egin zuen bertan. Protagonista ugari elkarrizketatu zituzten, tartean, Madina.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!