Mendian eta mendiko istorioetan bilatzen du sormena Ramon Olasagastik (Berrobi, 1972). Ofizioz kazetaria da, baina tarteka itzulpengintzan, literaturan edota komikigintzan ere aritzen da. Orain dela gutxi Edurne Pasaban mendizaleari buruzko komikiaren gidoia idatzi du, eta, egun, euskal mendizaletasunaren historiari buruz argitaratu dituzten lau komikien inguruko erakusketa prestatzen ari da. Azarotik abendura bitarte izango da ikusgai, Donostian.
Ofizioz kazetari, tarteka idazle eta itzultzaile lanetan ere aritzen zara. Zertan zabiltza orain?
Azkeneko hiru urteotan, batez ere, kazetaritzan ari naiz. 1993tik hasita kazetaritzan aritu naiz, Euskaldunon Egunkarian hasieran, eta Berria egunkarian ondoren. Gero seme-alaben zaintzagatik kazetaritza utzi eta etxean hasi nintzen lanean, itzultzaile. Duela hiruzpalau urte, berriz, Martxelo Otamendirekin —Berriako zuzendari ohia— kalean topo egin eta komentatu zidan Berriako mendiko atala nahiko fosildua zegoela, norbait behar zela hori koordinatzeko eta ea itzuli nahi ote nuen. Geroztik horretan nabil, Berrian. Hala ere, tarteka, itzulpen lan batzuk ere egiten ditut, gehienbat mendiari lotutakoak, Mendi Film jaialdiko pelikulen azpi-idatziak, adibidez. Azken urteotan, berriz, mendiko liburu batzuk ere itzuli ditut: Iker eta Eneko Pou anaien bi liburuak, Mikel Zabalzarena eta Juan Vallejorena, esaterako.
«Ibilian-ibilian, itzultzaile lanetan ere zerbait ikastera iritsi naiz, baina konturatzen naiz kazetaria naizela itzultzailea baino gehiago»
Lanbide horietako bat aukeratzekotan, zein?
Erosoen, seguruenik, kazetaritzan aritzen naiz. Azken batean, hori da nire lanbidea, kazetaritza ikasi dut eta hor sentitzen naiz erosoen. Kazetarion lanabes nagusia hizkuntza da eta itzulpengintzan ere bai, eta ibilian-ibilian, itzultzaile lanetan ere zerbait ikastera iritsi naiz, baina konturatzen naiz agian kazetaria naizela itzultzailea baino gehiago. Istorioak kontatzea ere gustatzen zait eta kazetaritzak horretarako aukera ematen dizu, baita sormena lantzeko ere: gertatutako istorioak literaturaren jantzi horrekin emateko aukera ematen dizu, eta agian horregatik, kazetaritzan sentitzen naiz erosoen.
«Kazetarion lanabes nagusia hizkuntza da eta itzulpengintzan ere bai»
Bide onetik joan zarela uste duzu?
Ez dakit bide onetik joan naizen, baina urteak bete ahala, ezinbestean, bide bat egin dudala esango nuke. Atzera begiratu eta egindako bidearekin gustura nagoela esango nuke. Mendiak bidezidor asko zabaldu dizkit eta kazetaritzan bide bat egiteko aukera eman dit: Egunkarian eta Berrian mendiko informazioa lantzeko aukera, Mendi Filmeko pelikulen azpidatziak edota mendiko liburuak itzultzeko aukera, euskal mendizaletasunaren historia komiki formatuan kontatzekoa... Jende asko ezagutzeko aukera ere izan dut bide horretan. Orduan bai, mendiari esker eta urteen poderioz bidetxo bat egin dudala esango nuke.
«Ez dakit bide onetik joan naizen, baina urteak bete ahala, ezinbestean, bide bat egin dudala esango nuke»
'Euskaldunon Egunkaria'-n aritu zinen lehenik, eta 'Berria'-n ondoren. Nola gogoratzen dituzu urte haiek?
Urrutiko kontuak dira. Kazetaritza gradua, gure garaian, bost urtekoa zen, eta hirugarren ikasturtearen bukaeran hasi nintzen bekadun moduan Euskaldunon Egunkarian. Euskal prentsan mendiko kazetaritzak beti izan du tradizio bat: garai hartan Eginek bazuen mendiko orrialdea, Diario Vascok eta Correok ere bai, eta Euskaldunon Egunkariak, sortu berri samarra izanik, artean falta zuen mendiko sail hori. Hala, 1993ko uda hartan kiroletan bekadun aritu ondoren, 1994an proposatu zidaten mendiko saila sortzea. Horrela hasi nintzen. Hasieran kezka pixka batekin, ez nekielako gai nahikorik izango ote zen, baina pixkanaka jendea ezagutzen joan nintzen eta konturatu nintzen albisterik ez zela falta, mendizale bat ezagutu ahala besteak ematen zidan hurrengoaren berri. Garai politak izan ziren.
Hasieran mendiko orrialdea bat izan zen, gero bi izan ziren, ibilbideekin ere hasi ginen eta kolaboratzaile saretxo bat sortu genuen. Mendiko sail horrez gainera beste hainbat lan ere egin nituen Egunkarian, politikan, kulturan, zierrean, azala egiten ere bai, baina beti mendiko sailarekin bateratuz. Urte politak izan ziren, karreran ikasitakoa baino askoz gehiago ikasi nuen ibilian, lanean. Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean, zortzi orriko gehigarri bat egiten genuen mendiari eta bidaiei buruz: MunduMira. Itxiera oso gogorra eta traumatikoa izan zen, baina aldi berean garbi erakutsi zuen nolako gaitasuna geneukan gure txikitasunean kolpe hartatik zutitu eta egunean bertan beste egunkari bat hutsetik sortzeko. Gogorra izan zen baina harro sentitzeko modukoa ere bai. Herriaren erantzuna ere izugarria izan zen. Ondoren, Berria sortu zen eta, horrekin batera, gure seme-alabak jaiotzen hasi ziren. Garai hartan, kazetaritza uztea erabaki nuen eta etxean lanean hastea, itzulpengintzan, seme-alaben zaintzarekin bateratzeko.
Nolakoa izan zen itzulpengintzarekin izan zenuen lehen hartu-emana?
Kazetaritzan lanabesa hizkuntza izanda, moldatuko nintzela iruditu zitzaidan, baina konturatu nintzen itzulpengintza ez dela dirudien bezain erraza. Testu bat hizkuntza batetik hartu eta bestera ekartzea da kontua, baina mekanismo batzuk behar dira, ikaskuntza bat behar da. Zerbaitengatik dago itzulpengintzako gradu bat aparte. Ni, egia esan, lotsagabe samar hasi nintzen.
«Itzulpengintzan bezala komikigintzan ere lotsagabe samar aritu gara, baina ikasten joan gara bidean»
Zein izan zen itzuli zenuen lehen lana?
Nik uste lehen lana Arabako Mendizale Federazioaren historia jasotzen zuen liburuxka bat itzultzea izan zela. Lan hori Euskaldunon Egunkariako eta Berriako kolaboratzaile baten bitartez iritsi zitzaidan, Josean Gil Garciaren bidez. Gero Bakun itzulpen enpresan hasi nintzen lanean. Joseba Osak zabaldu zizkidan ateak eta asko eskertu behar diot emandako aukera. Gogoan dut Bakuneko lehen itzulpena ere: Euskal Herriko naturari buruzko bildumatxo bat euskaratzea. Aukera hura ere mendiarekiko loturak ekarri zidan.
Zein hizkuntzatan aritzen zara?
Ehuneko handiena gazteleratik euskarara itzultzen dut. Mendi Filmeko filmetako azpidatzietan egokitu zait jatorriz frantsesez edo ingelesez ziren pelikulak itzultzea, baina beti izan dut makulu gaztelerazko itzulpena ere. Mendiko jardueren hizkuntza, leku izenak eta abar ezagutzea ere lagungarri izan da zeregin horretan.
Gaur egun jarraitzen duzu itzulpengintzan?
Bai, baina orain lan puntualak egiten ditut. Adibidez, azken urteotan Pou anaien bi liburuak, Mikel Zabalzarena eta Juan Vallejoren itzuli ditut euskarara. Innobasquerentzat ere lantxo batzuk egiten ditut, baina gaur egun gehienbat kazetaritzan nabil.
Hutsetik sortzen ere aritzen zara. Noiz hasi zinen liburuak idazten?
Lehen liburua 1999an izan zen. Urtebete lehenago sei lagunek zeharkaldi luze bat egin genuen Eskandinavian, Oslotik Nordkappera eskiatzen. Iosu Iztueta, Ane Miralles, Beñat Azurmendi, Pablo Dendaluze, Nerea Irazusta eta seiok ginen taldean. Handik bueltan Aramaion bidaiarien kronika lehiaketa bat zegoela ikusi nuen eta aurkeztea erabaki nuen. Bidaia horri buruzko kontakizun xume bat idatzi eta lehen saria jaso nuen. Sei arrasto Eskandinavian izan zen lehen liburuxka hura. Ni ez naiz idazlea, kazetaria naiz, baina tira, harez geroztik neure buruari sormen ariketa batzuk jarri dizkiot.
«Tartean neure buruari sormenari lotutako ariketak jartzea gustatzen zait»
Seguruenera, egin dudan lanik mardulena Mendiminez izan da. Mendiko kazetaritzan, gogorrena, istripuei buruz idaztea da. Zoritxarrez, mendizale asko hil da mendian, eta urteen joanean jabetzen nintzen, istripuen ondoren gure idatzi haiek eguneko egunkariaren orriarekin batera iraungi egiten zirela. Horregatik, gogoa nuen arnas luzeagoko biografiak idazteko, batez ere, lagunen eta familien testigantzak jaso eta haiek kontatutakoaren bidez. Horrela sortu zen Mendiminez liburua, 2007an. Hori izan da seguruenik egin dudan lan handiena edo ahalegin handiena eskatu didana. Geroztik, gauza txikiagoak ere egin ditut, Manuel Iradierren biografia liburua, adibidez. Haur literaturarekin ere animatu nintzen, eta haur eta gazte literaturako lau lan argitaratu ditut: Sugaar, Ipurtargien herrian, Sasiolako errotaria eta Memoriaren giltza. Orain kazetaritzan nabil batez ere, baina tartean neure buruari sormenari lotutako ariketak jartzea gustatzen zait.
Nolakoa izan zen 'Mendiminez' liburuaren prozesua?
Lan horretarako, Tene Mujika beka eman zidaten, kazetaritza lanak sortzeko beka bat da, eta urtebete aritu nintzen horretan buru-belarri, Berria utzita. Azkenean biografia dezente izan ziren, hamazazpi biografia eta 50 elkarrizketa baino gehiago. Lekukotza horiei guztiei lotura eta jostura ematea, biografiak osatzea, mendian hil ziren alpinista eta eskalatzaile haien guztien grina azaltzen saiatzea... hori izan zen Mendiminez. Urte oso bateko prozesua izan zen. Gero, gaztelerara itzuli zuten.
Itzulpena ez zenuen zuk egin?
Ez, ez, Jose Luis Padron poetak egin zuen, oso itzulpen ona, gainera. Las cumbres del alma izenburua eman zion. Geroztik, jende askok gogoratu eta aipatu izan dit Mendiminez.
Kazetari ugarik ematen dute literaturara salto, ez al duzu uste?
Elkar igurtzian dabiltzan bi mundu dira, sarri, kazetaritza eta literatura. Mendiko sailean, adibidez, kazetaritzako lan asko literaturatik gertu ibili daitezke. Igoera edo espedizio baten berri emateaz bat, tarteka istoriotxoak kontatzeko eta literaturarekin jolas egiteko aukera izan dezakegu, elkarrengandik gertukoak diren bi mundu direlako.
«Elkar igurtzian dabiltzan bi mundu dira, sarri, kazetaritza eta literatura»
Azken boladan komikiak idazten ere aritu zara. Nola eman zenuen salto hori?
Hori ere Mendi Film jaialdiaren eskutik sortu zen. Jabier Baraiazarrak Mendi Filmeko zuzendariak, duela hamar urte Cesar Llaguno marrazkilariari eta bioi proposatu zigun euskal mendizaletasunaren historia komiki formatuan kontatzea. Polonian eginak zituzten pare bat komiki, eta guk ere antzeko zerbait egin genezakeela pentsatu zuen Baraiazarrak. Horrela abiatu ginen. Lehen komikia Everest. 1980 Euskal espedizioa. Herri oso bat gailurrean lana izan zen: Everesteko lehen euskal igoerari buruzkoa, Martin Zabaletaren igoerari buruzkoa.
Emaitzarekin pozik?
Oso komiki xumea izan zen aurreneko hura, gu ere hasiberriak ginelako, ez genekielako komiki bat zer zen ere. Cesar arkitektoa da baina ilustrazioaren munduan zebilen lanean eta ni kazetaria naiz, ez komikigilea. Gidoiaren lehen bertsioan, adibidez, dena hitzez kontatu nahi nuen, ez nion arnasarik ematen marrazkiari. Gerora, pixkanaka fintzen joan ginen gidoia. Lehendabiziko komikia ikasketa prozesu bat izan zen. Ondoren, bi urtetik behin kaleratu ditugu komikiak, Mendi Filmen eta Sua argitaletxearen eskutik, lau izan dira orain arte. Bigarrena izan zen Iñurrategi anaiak. Mendiari bihotz emanak, eta hirugarrena Andres Espinosa. Bakarrik eta libre. Jende askok ez du Andres Espinosa ezagutzen baina mendizale aitzindari handietako bat izan da, zornotzarra, aurreko mendearen hasieran igoera eta bidaia harrigarriak egindakoa. Azkena Edurne Pasaban komikia izan da. Itzulpengintzan bezala komikigintzan ere lotsagabe samar aritu gara, baina ikasten joan gara bidean. Jende askok aipatu digu antzematen dela zer edo zer ikasi dugula, eta laugarren titulu hau izan dela agian komikiena edo txukunena.
«Askotan bineta mutu batek gehiago esaten du testuak berak baino»
Eta zu ere gaur egun gusturago sentitzen zara horrekin?
Bai, gidoigintzan ikasi dut zerbait. Azkenean hizkuntza grafikoaren eta testuaren arteko elkarlan hori polita da. Askotan bineta mutu batek gehiago esaten du testuak berak baino, eta polita da horretaz konturatzea eta bi hizkuntzen arteko jolas horri buruz ikastea. Aldi berean, komiki hauetan literatura ere badagoela esango nuke. Literaturaren mundutik ez dugu kritikarik jaso, ez txarrik eta ez onik. Ez dakit, mendizaletasunari buruzko komikiak direlako-edo, kritikariek ez dituzte literaturatzat hartu lan hauek, baina esango nuke testuetan literatura egon badagoela. Komikigintza lan polita da, baina neketsua ere bai. Frantzian komikigile batzuk hortik bizi daitezke, baina hemen Euskal Herrian oso zaila da. Batez ere, marrazkilariaren kasuan, dedikazio handia eskatzen du, hilabete askotako lana da eta ordaina askotan ez da egokiena. Orduan neketsua ere bada, eta ez dakigu honek jarraipena izango duen, baina ziklo hauek oso gustura bizi izan ditugu.
Komikiek liburuek bezainbesteko lana eskatzen dute? Edurne Pasabanen komikiak, adibidez, lan asko eskatu dizu gidoia lantzeko?
Komikien injustizia da oso azkar irakurtzen direla; ez dago testu asko, baina atzetik lan handia dago. Edurne Pasabarenen komikiaren kasuan, adibidez, dokumentazio lan bat egon zen hasieran. Berrian nengoela bere ibilbidea jarraitu nuen eta oinarri hori baneukan, baina Edurnerekin hainbatetan bildu nintzen elkarrizketa luzeak egiteko eta hortik ere hainbat hari sortu ziren gidoirako. Behin dokumentazioaren eta elkarrizketen oinarri hori edukita, heldu nion gidoiari. Nire kasuan, ordea, jaten ematen didaten lanekin bateratu behar nuen, eta egia esan, kosta egin zitzaidan haria hartzea. Edurneren kasuan hari hori izenak berak eman zigun eta elurraren hiztegiarekin eta zikloarekin josi genuen Edurnek mendian egindako ibilbidea.
Komikiaren kasuan marrazkilariari dagokio lanik handiena. Bete-betean marrazten hasi aurretik, sotoryboard bat edo zirriborro bat lantzen dugu marrazkilariak eta gidoigileak elkarrekin, eta, ondoren, marrazteari ekiten dio marrazkilariak. Lehen komikian Cesarrek berak koloreztatu zituen marrazkiak, baina ondorengoetan Felipe H. Navarro koloreztatzaileak egin zuen lan hori, eta horrek ere lan handia eskatzen du.
Nolako harrera izan dute komikiek?
Ona, orokorrean bilduma oso harrera ona izaten ari da. Ez dakit zehazki nola dauden edizio kontuak, baina oker ez banaiz Everestekoa hirugarren edizioan doa, Iñurrategi anaiena bosgarrena eta Edurnerena ere bigarrena. Espinosarena apalago joan da, ez da hainbeste saldu, seguruenera lehen esan dugunagatik: gure mendizaletasunaren ezezagun handia delako. Komiki guztiak, jatorriz, euskaraz idatziak dira eta ondoren gaztelaniara itzuliak —Argiñe Areitio Suako zuzendariak itzuli ditu lautik hiru, eta Iñurrategi anaiena, Ander Izagirrek—, eta niretzat oso pozgarria da jakitea komikiek salmenta aldetik euskaraz harrera askoz hobea izan dutela gaztelaniaz baino. Oraindik istorio asko daude kontatzeko eta badut horretarako gogoa, baina lehen esan bezala, lan hau beti beste batzuekin bateratu behar dugu, hamar urtean neke pixka bat ere pilatu dugu, eta ez dakit besterik egingo dugun.
ATARIAn ere tarteka mikrofonoaren aurrean ikusten zaitugu —'Postalak' sailean—. Eroso sentitzen zara?
Bai, eroso sentitzen naiz. Irratia komunikabide oso polita iruditzen zait, baina ni neu erosoago sentitzen naiz idatzian. Irratia medio oso bizia iruditzen zait, baina ATARIAko gure kolaborazioa desberdina da. Hor lankidetza bat dago, azkenean bizpahiru lagun egoten gara, batek esaten duenaren haritik besteari beste zerbait bururatzen zaio eta hartu-eman bat sortzen da. Bidaien inguruan, gustuko gaien inguruan aritzen gara, gainera. Galtzaundik ATARIAn duen Hitzez Hitz atalean, berriz, euskarari buruz aritzen naiz, eta horrek hausnarketa eta lanketa handiagoa eskatzen du.
«Zenbait lekutan euskara oztopotzat hartzen da [...] eta joera hori zabaltzen ari da»
Zer une bizi du gaur egun euskarak zure ustez?
Konturatzen naiz Galtzaundiren eskutik ATARIAn argitaratzen ditudan artikuluetan nahiko ezkorra naizela, artikulu baikor gutxi idatzi izan ditudala, baina ikusi besterik ez dago orain egunotan selektibitatearen kontuarekin gertatzen ari dena eta euskara zein gutxi hartzen den aintzat. Oldarraldi judiziala hor dago, gure gazteen pantailetako kontsumo handiena gaztelaniaz da, arnasguneetan euskara behera egiten ari da... Eskualdean bizi dugun egoera, agian, oasi bat da, baina beste zenbait lekutan euskara oztopotzat hartzen da lanerako edota ikasketetarako eta joera hori zabaltzen ari dela esango nuke. Horregatik, uste dut indar handia egin behar dugula joera horri buelta emateko eta Kontseiluak bultzatu nahi duen euskararen pizkundea gauzatzeko.
Nire kasuan, zorionez, euskara etxetik jaso dut, baina Berrobiko testuingurua oso berezia zen gure haur denboran. Espainiatik etorkin asko etorri zen Berrobira bizitzera, eta etorkin haien seme-alabak euskalduntzeko lan handia egin zuten Bittor Madinak eta beste irakasle batzuek. Guk ere, etorkin haien seme-alaben eraginagatik edo gure ergelkeriagatik, askotan gaztelerara jotzen genuen gure haur denboran, eta Bittorri eta beste batzuei esker euskaraz hitz egiten hasi ginen. Inurri lan horretan jarraitu beharrean gara gaur egun ere, euskararen aldeko jarrera hori zabaltzen.
Lanbide ezberdinetan arituagatik, mendia eta natura beti izan dituzu gertu. Nondik datorkizu mendizaletasun hori?
Ez dakit nondik datorkidan, zeren gurasoak biak ziren mendian jaiotakoak: ama zena Orexan, herrigunetik nahiko urrun, mendi-mendian, eta aita zena Leitzarango erreka-zuloan. Haientzat mendia bizilekua zen, baina inoiz ez zuten mendirako zaletasunik izan, perretxikotara edo kamamila biltzera joateko bai, eta ni ere haiekin joaten nintzen txikia nintzenean, baina mendia kirol bezala hartuta, nik uste gazte denboran hasi nintzela nire kabuz zaletzen.
Horren bueltako erronkak dituzu?
Ez, gazteagoa nintzenean zeharkaldi batzuk egin nituen, lehen aipatutako Eskandinaviako hura adibidez, baina gaur egungo nire erronkak oso xumeak dira. Mendian jarraitzen dut, oinez, iraupen eskian, mendiko eskian eta mendiko bizikletan batez ere, eta noizean behin probaren bat egiten dut, baina gozatzea beste helbururik gabe.
Afizioz, beraz, kirolari amorratua zarela esan daiteke?
Kirolaria, besterik gabe.
Kazetaritzak asko eman dizula uste duzu?
Bai, lanbide bat eman dit, bide bat egiteko aukera eta, lehen esan bezala, ate asko zabaldu dizkit. Lanbide polita da, batzuetan estresagarria ere bai, baina atzera begiratuta konturatu naiz kazetaritzak ate asko zabaldu dizkidala.
Kazetaritzako erreferenterik duzu?
Antxon Iturriza izan da niretzat mendi kazetaritzan maisua. Haren artikuluak, literaturaren eta kazetaritzaren muga horretan, ederrak, zirrara sortzen dutenak eta iradokitzaileak iruditu izan zaizkit beti. Euskal mendizaletasunaren historiagile nagusia ere izan da . Ikaragarria izan da historia hori sakon eta zehatz biltzeko eta ondoren testu bikainez kontatzeko egindako lana. Inoiz ez diogu behar beste eskertuko.
Beste proiekturen bat daukazu eskuartean?
Orain haur literaturako lan batekin ari gara, lagun batzuen eskutik sortutako proiektua da, baina nahiago dut badaezpada gehiago ez aurreratu, ez baitakit argia ikusiko duen, baina esperantzarekin gaude udazkenean ez bada datorren urtean argitaratzeko.
Bestetik, hau azken asteetako kontua da, Donostia Kulturatik deitu ziguten erakusketa bat egiteko. Hasiera batean Edurne Pasabanenen komikiaren inguruan soilik izan behar zuen erakusketak, baina gero egokiago ikusi genuen lau komikiak hartu eta gure gailurretako historia marraztuko duen erakusketa egitea. Azaroan izango da, hain justu, azaroaren 13tik abenduaren 12ra, hilabete batez izango da ikusgai Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. Orain hezurdura finkatzen ari gara eta gero testuak idazteko lana etorriko da. Beraz, momentuz, bi gauzatxo horiekin nabil, eta noski, Berriako lanean, horrek ematen digu jaten eta.
Motzean
Kazetaritza sail bat?
Kirolak eta horren barruan mendia noski, baita kultura ere. Mendiko kazetaritzan aritu naiz gehien.
Idazle bat?
Jokin Muñoz, Uxue Alberdi,
Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano...
Liburu bat?
Normalean, institutu garaian gorrotatu egiten ditugu bidaltzen dizkiguten lanak, baina nire kasuan asko eskertu behar diot Orixe Institutuan irakasle izan nuen Lourdes Otaegiri Jon Etxaideren Joanak joan eta Bernardo Atxagaren Obabakoak liburua irakurtzea agindu izana, ondoren horien inguruan lan bat egiteko. Hasteko, liburu horiek asko gustatu zitzaizkidan eta egindako lanarekin ere gustura geratu nintzen. Luis Garderen Ehiztariaren isilaldia ere aipatuko nuke.
Komiki bat?
Antonio Altarribaren El arte de volar eta El ala rota. Sekulako lanak iruditzen zaizkit, bat bere aitari buruzkoa da eta bestea amari buruzkoa. Gurasoen bidez Espainiako gerraren historia kontatzen du
modu grafikoan.
Mendi bat?
Etxekoa, Goikomendi esaten diogu Berrobin. Belabietako kaskoa da, ez du buzoirik. Erpin geodesikoa baizik. Seguruenik gehien igo naizen mendia izango da, oinez dela edo mendi bizikletarekin dela, asko gustatzen zait kasko horretara joatea. Gainera, hor batzen dira ni bizi izan naizen hiru herriak: Berrobi, Ibarra eta Tolosa.