Ez genuen Frankismoa ezagutu, baina izan genuen azken erregela astinduak jasotzeko aukera, eta arratoien kuartoa ezagutzeko pribilejioa, eta eskuak gurutzean jarrita liburu potoloekin gure giharrak indartzeko zoria. OHOko lehen mailan hasterako —parbulotan—, irakatsi ziguten lau eta bost zenbakiko biderketak eta zatiketak egiten… Franco zenik ere ez genekien, inuxenteak gu, baina arduratu zen Leongo maistra hura Berrobin haren arrastoa gure burmuin gurietan uzten.
Gu OHOko lehen mailan hasi ginen urtean etorri zen, —sarri gogoratu dugu geroztik pasartea— 2 CV beix hartan, hura al zen Berrobi galdezka. Bestelako moldeak ekarri zituen, ordu arte maisuak eskolan inoiz erabili ez zuen hizkuntza batean. Lau zenbakiko zatiketez gain, astelehen goizetan asteburuan zer egin genuen kontatzen genuen beste ikaskideen aurrean, Roulot-en abenturak irakurtzen genituen, xirula-mirularekin musika ikasten, indio eta bakeroen marrazkiak maisuaren errieta beldurrik gabe egiten eta antzerki lantxo batzuk prestatzen. Gure irudimenak zabaldu ederra hartu zuen garai hartan.
Frankismoaz jabetu ez ginen bezala, irakaskuntzan euskara sartzeko ahalegin eta borroka horretaz ere ez ginen konturatu, ni ez behintzat, nahiz eta lekuko zuzenak izan. Umeegiak ginen bibotedun hark, Sebasek, Jonek, Josemak eta abarrek egiten zuten lanaz jabetzeko. Denborarekin zeozer konturatu gara. Urteekin, gainera, maisua izateari utzi eta laguna bihurtu zaigu Bittor. Makina bat belaunaldik jokatu dugu berarekin palan edo frontenisean. Irrifartxoa ateratzen zitzaigun tanto bat sartu eta bere burua “ona, Bittor, ona!” animatzen zuenean.
Gaur, ez dakit gutako zenbat izango den Leongo maistrak irakatsitako lau zenbakiko zatiketak egiteko gai, —ni ez behintzat—, baina irudimena ez zaigu guztiz agortu. Erretiroa hartu duen honetan, beretzat tanto hori ere: “Ona, Bittor, ona!”