Inurri lana izan da berea. Atzean beti, isilpean nahiago gainera. Atariari bere etxeko ateak ireki dizkio eta bere ibilbideari egindako errepasoarekin, bere burua ere harrituta utzi du: «Zenbat gauza egin nituen nik», aipatu du askotan. Irakaslea, eragilea, euskaltzalea, irakurle amorratua, kolaboratzailea izan da eta da Bittor Madina (Oñati, 1944).
Berrobiko ikasleei mundua euskaraz uler zitekeela erakutsi zien eta grisa zen irakaskuntza sistemari kolorea jarri. Mundua ezkerreko ideiekin ulertzen zuen, baita hezkuntza ere, pedagogia aurrerakoi, inklusiboa, euskalduna eta doakoaren alde aritu zen sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik. Berrobi izan du bizileku irakaskuntzak hara bideratu zuenetik, sustraiak ordea Oñatin ditu. Ikasle ohiak lagun, baita hauen haurrak ere, baso gizonekin patxadazko hizketaldiak egin ondoren, lagun kuttunekin literatur gomendioak elkartrukatzen ditu. Edonoren larruan jarri eta hauei entzunaz, hizketaldi goxoak edukitzeko dohaina duen plazagizon isila da Berrobiko maisu ohia. Egunerokoan, irakurtzea du plazer handi eta erreka bazterrean txorien kantuak entzunaz herrian paseatzea. Seneca idazleak deskribatu zuen paradisuan bezalaxe.
1978an Berrobira iritsi zen Bittor gazte hura nola gogoratzen duzu?
Ilusioz eta gogoz etorri nintzen Berrobira. Ahal zena egiteko prest! Aurretik Oñatin lau urte lanean aritua nintzen eta Gasteizen urtebete, orduko erdarazko eskola nazionaletan. 33 urte nituen artean eta aurretik ikastoletako hainbat adiskiderekin batera irakasle heziketa aberasten eta indartzen aritu ginen. Bartzelonako Rosa Sensat eskolan ikastaroa egin genuen, pedagogia aurrerakoia eta ideologia modernoa zuen eta niretzako irakaspen handia izan zen han jaso nuena. Jantzi egin nintzen irakasle moduan. Franko hil gabe zen artean eta politika pil-pilean zegoen, irakasle asko bildu ginen han, hezkuntza sistema aldatzeko gogoz ginen denak.
Ez zen ordea egin zenuen kurtso bakarra izan, ezta?
Ez noski! Eskola nazionaletan lanean nenbilen bitartean ideia berritzaileekin nire mentalitatea zabaltzen joan zen. Tartean, lagun irakasle asko nituen eta pedagogia eta metodologia berriak ezagutzeko gosez ginen, aipatu bezala asko ginen eskola nazionalak barrutik aldatu nahi genituenak. Celestin Freineten pedagogia guretzako berritzailea izan zen, eskola modernoaren eta laikoaren bultzatzailea izan zen. Bere, Pedagogia popular baterako parabolak liburua sakratua zen guretzako, eskola txiki batean aritua zen eta proposatzen zuen pedagogia ordura arte eskola estataletan egin zenaren kontrakoa zen: umeen barruko desirak lantzen zituen, naturan, aire librean aktibitateak egiten zituen, irakaslea eta ikaslearen arteko komunikazioa lantzen zen. Paolo Freireren pedagogiatik ere edan genuen..
70. hamarkadaz ari gara, Ikastolen zabalkundea eman zen garaiaz.
Eskola nazionaletako irakasle euskaldunak metodologia aurrerakoiak ezagutzen eta ikasten hasi ginenerako, Ikastoletan aplikatzen ziren metodologia hauek. Oso jende ona sartu zen Ikastoletan lanean eta Ikastolek ipini zituzten hezkuntza modernoan euskararen lehen zimenduak.
Eskola nazionalak euskalduntzea izan zen zuen ametsa, lana, borroka, errealitatea gero.
Garai hartan, «'Eskola nacionaletako' maisua al haiz, ikastola bertan edukita?», galdetzen ziguten. Eta nik erantzun: «Ez al dituk euskaradunak hor ikasten ari diren asko eta ikasi behar dituzten erdaldunak?». Tira-bira handiko garaiak izan ziren, hezkuntzaren hedapena ikusteko geneukan moduagatik. Baina bukatu dira kontu haiek. Franko hil eta gero eskola publikoan oso jende ona sartu zen eta orain ikusi besterik ez dago hasi genuen lan hark balio izan zuela. D ereduan ikastoletan eta eskola pribatuetan baino ikasle gehiago omen dago. Gure eskola publikoa euskalduna da, doakoa, ideologia euskaldunekoa eta laikoa.
Militantzia urteak izan al ziren?
Militantzia hitza bera ez dut oso gustuko. Beharrezko eta premiazko lan baten aurrean geunden, gabezia materiala eta didaktikoa agerikoa zen eta beharra bezalakorik ez dago antolatu eta arazoari irtenbidea jartzeko. Zenbat bilera! Zenbat batzar! Eskolaz kanpo ordu asko sartu genituen baita uztaileko oporretan ere. Eskola nazionaletako irakasle eta ikasleentzako material didaktikoa sortu genuen. Aise liburuak izan ziren horren emaitza, eskola guztietara zabaldu genituen. Zorionez, urteen poderioz D eredua ezartzean, Aisek bere lana bukatu zuen.
Euskara erakargarri egitea zenuten helburua.
Euskara ez zekiten ikasleek euskara ikasteko pausoak ziren; abestiak, ipuinak, jokoak, olerkiak, bertsoak… bildu genituen Aise izeneko liburuetan. Ikasleek euskara ikasteko eta irakasleek erakusteko modu erakargarrian. Euskara eta euskaraz jolas-giroa zabaltzea nahi genuen. Material didaktiko honen helburua gaztelera soilik zekiten ikasleak ziren eta gero eskola bera zentro moduan euskalduna eta modernoa izatea eta ez ghetto bat, hori oso garbi geneukan. Jomuga, A eredua progresiboki ezabatzea zen, D eredua indartzeko eta aukera bakar izateko etorkizunean. Euskal Herriko neska-mutil guztiek, errealitate ezberdinetakoak izanik ere, denak batera euskaraz ikas zezaten. Azken batean, etorkizuneko Euskal Herritar dibertso euskaldunak gizarte aberatsagoa bilakatuko zutelako eta amankomunean euskara izango genuelako denok.
Euskaldunak ez ziren irakasleak ere izango ziren ba?
Bai noski, gehienak! Hauek ere euskaraz alfabetatu beharra zeunden. Batzuk borondate osoz egin zuten, beste batzuk behartuta, baina irakasleriak euskalduna behar zuen. Hauek euskaldundu bitartean idoneoak izeneko figurak sartu ziren eskoletan. Irakasle titulua ez, baina euskara erakusten zuen jendea.
Hezkuntza sistema publikoa modernizatzeaz eta euskalduntzeaz gain, aktibista lanak ere egin zenituen. 80. hamarkadako hemerotekari gainbegiratu bat eman besterik ez dago. Kontzientziazio lana ezinbestekoa al zen?
Xabier Arruti adiskideak eta biok arazoari buruzko artikulu batzuk idatzi genituen, Eginen, La Vozen, Argian… publikatu ziren. Prentsan gure tokia nahi genuen, Eskola Publikoak ez zuen oihartzunik komunikabideetan, Ikastolek egiten zutena ageri zen, Kilometroetako festei buruzko informazioa… baina gurea aipatu ere ez. Ezkerreko politikarien aldetik ere babes gutxi geneukan. Ezker abertzalearen babes ofiziala eta publikoa jasotzea kosta zitzaigun. Kontzientziazio lana egin nahi izan genuen artikulu hauek publikatzean, beharrezkoa zen gure lana gizarteari erakustea.
«Jomuga, A eredua progresiboki ezabatzea zen, D eredua indartzeko eta aukera bakar izateko etorkizunean»
Berrobi mapan kokatu behar izan zenuen eta gabezia asko zituen eskola baten gidaritza tokatu zitzaizun.
Citroen CV2 batean etorri nintzen, 1978an, Berrobi herritxoa non zegoen jakin gabe, Tolosa bakarrik ezagutzen nuen. Irailaren 29a zen, ondo gogoan dut Oñatiko festak ziren eta gabezien artean latzena, irakaslerik gabeko eskolara iritsi nintzela da. Ordura arte eskolan eduki zuten Leongo andereñoa ez zegoen. Ikasleak ia hilabete zeramaten eskolarik gabe, kalean zenbiltzan denbora-pasa eta eskola itxita.
Gurasoen babesa jaso al zenuen?
Bilerak egiten hasi nintzen beraiekin, egoera azaldu eta euskaraz zekien irakasleria presentziaren garrantzia azpimarratzen nien astero egiten genituen bileretan. Berrobiko eskolan gainera alde batetik euskaraz arrastorik ez zeukaten ikasleak eta etxean eta kalean euskaraz eta gaztelania eskolan soilik egiten zuten ikasleak nituen. Bi hizkuntz errealitate oso ezberdinak. Alde nuen ere, guraso elebakar horiek umeak euskalduntzea nahi zutela. Pazientzia eskatzen nien, irakasle euskaldun gehiago lortu artekoa. Martutenen egiten zen irakasleen hautaketa eta inor ez zuten Berrobira bidaltzen. Ione Imaz irakaslea laguna nuen, batzarretan ezagututa eta Berrobira etorri nahi zuen galdetu eta baiezkoa eman zidan, bere adiskide Sebas Herrero ere etorri zen, honek euskaraz ez zekien arren. Egutegiak urriaren 23a zuen Berrobiko eskolako ateak ikasleei eta euskarari ireki genizkienean. D eredurako bidea egiten ari ginen.
«Kontzientziazio lana egin nahi izan genuen artikulu hauek publikatzean, beharrezkoa zen gure lana gizarteari erakustea»
Eta Bittor Madina oñatiarra, ile luzea eta pasta betaurrekoduna Berrobin irakasle. Garai hartako Berrobin, zure estetika berritzaileak, irakasle talde harekin batera hezkuntza eredua iraultzeari ekin zion: bertsolaritza, ipuinak, sexualitatea, antzerkia, kantuak eta irakurketa euskaraz…
Berrobiko eskola txikiko zuzendari gisa, lantalde oso onarekin, hezkuntza eta euskara bera erakargarriago egiten saiatu ginen. Bertsolaritza oso gustukoa dut eta ikasleekin bertsoak lantzen genituen, bertso zaharrak ikasi, kantuak euskaraz, euskal kulturaren baloreak eman.
Sexualitate klaseetan adibidez, katalanetik itzulitako komiki-koaderno bat erabili genuen. Gurasoei erakutsi nien lehenengo, beldurtxoak baitzituzten. Liburua erakutsi eta komiki liburua zela ikustean akabo beldurrak. Aitortu behar dut zenbait herritan, zenbait gurasok errezeloz ikusten zutela gai batzuen lanketa eta denborarekin beharrezkoak zirela ikusi da, gaiak naturalizatu egin dira.
Eskola Txikien gabeziak gehiegi azpimarratzen ote ziren orduan?
Orokorrean eskola publikoarekin gertatu zen hori hasieran eta zer esanik ez eskola txikia bazen, gabeziak egon bazeunden arren. Euskara hezkuntzan ezarri behar zen garaian, guraso batzuk galdetzen zioten bere buruari edota guri: «Baina euskaraz zer ikasiko dute ba?». Galdera horrek ezkutatzen zuen beldurra desagertu genuen, mundua euskaraz ulertzeko eta ikasteko instrumentuak eta baliabideak sortzean. Berrobiko gurasoen kasuan hasieran bazuten beldurra neska-mutilak Tolosako eskoletara joatean ikasketa maila onarekin iritsiko ote ziren edo ez. Ikastetxe handietan ikasi zutenen pare egongo ote ziren zen kezka. Praktikak erakutsi zuen maila ona zutela eta gu eskola txikietan gauzak ondo egiten ari ginela. Unibertsitatera iritsi zen gure lehen ikaslea Ramon Olasagasti izan zen, Berrobira irisi nintzenean zazpi-zortzi urteko mutil kozkorra zen artean.
«Besteen pentsamenduetatik aurkikuntza asko egin dut, burua ireki didate, gogoetara bultzatu»
Eta balore positiboak ere asko eskola txikietan, ezta?
Eskola txikietan maila ezberdinak batera egoten ziren, beharko espazio eta irakasle espezialistak ere gutxi genituen eta. Orain zenbait tokitan adin ezberdinetako ikasleak borondatez nahasten dira, pedagogikoki ona delako. Bizitza bera ziklikoa da. Lehen batzuk gaizki ikusten zutena orain oso ona delako iritzia dute edo dugu. Denok goaz ikasten poliki-poliki. Gurasoekin eta familiekin oso harreman gertukoa da landa eremutik gertu bizi gara txangoak bertatik bertara egiteko. Gaur egun alde guztietatik abantailak besterik ez dauzkate.
Balore horien artean ere, Eskola Txikiak indartu nahi zituzten irakasleen lana, ez al da hala?
Elkarlana handia izan zen Eskola Txikietako irakasleen artean. Gogoan dut urtebetez, astean behin Berrobiko Urkola tabernan elkartzen ginela bazkaltzeko, eskualdeko Eskola Txikietako dozena bat irakasle: kezkak konpartitzen, materiala, proiektuak, arazoak, lan egiteko moduak… kalitatezko hezkuntza bat eskaintzeko gogoz.
Eskola Txikiekin herriak bizirik.
Zalantzarik gabe. Eskola txikiak itxi diren herri txikiak ikusi besterik ez dago. Eskolak herriaren nukleo sozial eta kultural garrantzitsuak dira. 1988an egin genuen lehenengoz Eskola Txikietako festa Bidanian. Gizarteari ozen esan nahi genion gu ere bertan geundela eta beharrak ere bagenituela. Bestalde, eskola txikietako haurren arteko erlazioa ere lantzea dakar eta eskolartekoa ere bai. Adin batetik aurrera, herriko eskolako kabi goxotik atera eta Tolosa, Alegia edo Villabonako eskoletan elkartzeko berriro.
Berrobiko eskolan 26 urte irakasle izanda, zenbat esperientzia gozo eta gazi pilatu ote dituzu?
Esperientzia asko izan dira, gogoeta asko sorrarazi dizkidate urte hauetan bizitakoek. Denek erakutsi didate zerbait, ongi egindakoek eta oker egindakoek. Baina ez ditut hutsak konkretatuko. Dakidana da, eurei esker ere neu aldatu naizela. Azken urte hauetan, mesedea eskaini didate eta pozago bizi izan naiz. Une guzti-guztiak bihotzeko disko bigunean gordeak ditut eta oroitzapen guzti horiek behin ere agortzen ez diren opari magikoak dira.
Irakasle lanak utzi eta ekintzaile lanari ekin zenion berriro, euskaraz sortuz eta harilkatuz letrak. Barruan duzun sortzaile eta gogoeta zaleak ezin atsedenik hartu?
Erretiro hitzaren esanahia edo pisua nekeza zait, ez dut gustukoa. 2004an irakasle izateari utzi eta Tolosaldeko Hitzan kolaborazioak egiteko eskatu zidaten, ariketa ederra izan zen niretzako letra gutxian mami asko eta gogoetara zeramaten istorioak landu eta sortzea. Oñatiko Kontzejupetik herri aldizkarian ere nire ideiak eta hausnarketak idazten ditut. Berrobin berriz, Berrobiberri urtekariaren sortzaileetako bat eta kolaboratzailea naiz. Badira ia 22 urte lagun talde bati, ikasle ohiak gehienak, herri aldizkari bat egiteko proposamena egin niola, Altzoko eredua hartuta. Herriko istorioak, testigantzak, gertaerak, pasarteak bildu eta herriari euskaraz irakurtzeko tartea ematen diogu.
Egutegiko poesiak, atsotitzak, esaerak edota esaldiak mimoz aukeratuak direla ba al dakite herritarrek? Gogoetara daramaten hitzak dira, mundua aldatzeko letra tantak ote?
Literaturako liburuetan jasotako perlak dira azken urteetako egutegietako poesiak eta kontakizuntxoak. Literatura asko irakurtzen dut eta gustuko ditudan poesiak, esaldiak apuntatzen ditut. Maitasun handiz eta kontu handiz aukeratzen ditut lanak. Gogoetara eramaten dute egutegian dauden esaldiek, baina ez nuke esango mundua aldatzen dutenik, bizitza ulertarazi eta goxatu baizik. Irakurtzeak goxamena eta aberastasuna sortzen dit, elikatzearen pareko da niretzako. Besteen pentsamenduetatik aurkikuntza asko egin ditut, burua ireki didate, gogoetara bultzatu. Liburuak lagun onak ditut.
Euskarari ere egin zenion zure ekarpena literaturan.
Leon Tolstoiren Alegiak liburua euskaratzeko aukera eman zidan Baroja argitaletxeak 1985an. Idazle errusiarra gustuko nuen eta ipuin motzak ere erakargarri zaizkit, letra gutxitan irakaspen asko baitute. Gustu handiz egin nuen lana eta eskolan ikasleei irakurtzen nizkien ipuinak.
«Ariketa ederra izan zen niretzako letra gutxian mami asko eta gogoetara zeramaten istorioak landu eta sortzea»
Zure ikasleek irakurzaletasuna bultzatu zeniela esaten dizute orain. Ramon Olasagasti kazetariak halaxe aitortu zuen egunkari honetan…
Pozgarria da oso hori ikasle ohiengatik entzutea. Nik pasioz egiten dudana transmititzeko gai izan naiz batzuei eta hori eskertzea eskertzeko da. Balore aberatsa da irakurzaletasuna. Senecak hala zioen: «Eskergabea da, eskerra isiltasunera mugatzen duena». Eta alderantziz nik, asko eskertzen diet hori adieraztea.
Zer litzateke Bittor Madina euskararik gabe?
Bittor euskararik gabe? Ba… Madina litzateke edo Medina, arabiarra baita! [Barrez]. Jatorriz nire abizena ekialdetik omen dator: pentsa zein kultura eta literatura aberatsa hangoa!