BE! Artzain kultur asteburuak zenbait aldaketa izango ditu

Ataria 2024ko otsailaren 29a

Eguraldi iragarpena dela eta, iganderako antolatutako ibilbidean zenbait aldaketa egin dituzte Berastegiko Udalak eta herriko Artzain-mahaiak, «gune guztiak babesean mantenduz».

Bihartik igandera bitarte artzaintzaren alor ezberdinak ezagutzeko aukera izango da Berastegin. Izan ere, Be! Artzain kultur asteburua antolatu dute Berastegiko Udalak eta herriko Artzain-mahaiak, zenbait herritarrekin batera. Andoni Zuriarrain alkateak jakinarazi duenez, «eguraldi iragarpena dela eta, zenbait aldaketa egin dituzte iganderako programatutako ibilbidean zehar, gune guztiak babesean mantenduz».

Honela, 10:00etatik aurrera emango diote hasiera igandeari. Frontoian, ardien gunea, herriko musikariak eta photocall-a eta azoka gastronomikoa izango dira. Udaletxeko ganbaran, berriz, artzainen lan tresnen erakusketa, haurren txokoa eta gazta dastatzeko aukera izango da. Asto itzuliak plazan egingo dituzte, Astotrek enpresaren laguntzaz. Euskal artzain txakurraren erakustaldia, berriz, bertan behera geratu da. Biharko eta larunbateko ekitaldiak berdin mantenduko dira.

Igandeko ibilbidean gunerik ez egon arren, nahi duen orok ibilbidea egiteko aukera izango duela esan du alkateak. Era berean, jakinarazi du asteburu guztian zehar eskolako aldagelak eta dutxak zabalik izango direla, «dutxa bat hartu edo aldatu nahi duten bisitariei horretarako aukera eskainiz».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!