Berastegiko Udalak eta herriko Artzain-mahaiak, hogei herritar ingururen laguntzarekin Be! Artzain Kultura Asteburua antolatu dute bigarren urtez. Martxoaren 1etik 3ra izango da, eta artzain kultura berastegiarrekin nahiz kanpotik datozenekin konpartitzea izango du xede.
Andoni Zuriarrain Berastegiko alkateak adierazi duenez, Berastegi mapan kokatu eta herriak artzaintzarekin duen lotura erakusteaz gain, tokiko garapenean artzaintzari dagokionez egiten ari den lanketari jarraipena ematen zaio ekimenaren bidez. Hala, asteburuan zehar artzaintzarekin lotutako askotariko ekimenak izango dira, hala nola, jardunaldiak, astoekin itzuliak borda eta gaztandegira bisita eginez, artzain gazteekin haurrentzat tailerrak, azoka gastronomikoa eta artzain kultura ezagutzeko zirkuitua.
Hainbat berrikuntza izango dituela azaldu du alkateak: «Herriko taberna zein jatetxeek artzaintzarekin lotura duten elikagaiez osatutako menuak eskainiko dituzte eta produktuak erosteko aukera ere izango da. Gainera, azoka gastronomikoa ere izango da, bertan otordua egin ahal izateko». Horrekin batera, egun horietan Berastegira joaten direnentzat erraztasunak eskainiko dituzte, autokarabanak uzteko eremua edota herriko landetxeetan ostatu hartzeko aukera, esaterako.
Hausnartzeko tartea
Artzain Kultur Asteburua ekitaldiz betetako ondo pasatzeko festa izango da. Baina, ez hori bakarrik. Jose Inazio Ugartemendia herriko artzainak adierazi duenez, zentzua eman nahi zioten ekimenari: «artzainei ahotsa eman nahi genien, eta euren bizipenak eta hausnarketak jaso». Helburu horrekin ekimeneko lehen egunean Hausnartu eta ekin! jardunaldiak antolatu dituzte. Artzantzarekin loturiko hainbat gai jorratuko dituzte udaletxean, eta herritar oro gonbidatu dute bertan parte hartzera, «lehen sektorea eta herritarrak elkartu behar dugu, denok batera aurre egin».
Bigarren egunean, lehendabiziko edizioan egin bezala, astoekin itzuliak egiteko aukera izango da, Astotrek enpresari esker. Batetik, Besabietako bordara joango dira, eta han, Koro eta Andres herriko artzainek bordaren erabileraz hitz egingo dute eta ardiak erakutsiko dituzte. Bestetik, herriko belazeetatik ibiliko dira, eta Gazpio gaztandegira joko dute, bertan artzain baten gaur egungo errealitatea ezagutzeko aukera izango delarik. Bi ibilbideetan gazta dastatu ahalko da, eta parte hartzeko beartzainkultura@gmail.com helbidera idatzi edo 600 567 730 zenbakira deitu beharko da.
Herriko bi artzain gaztek gaztetxoei zuzendutako hitzaldia ere eskainiko dute, eta eguna borobiltzeko azoka gastronomikoa izango da: «gure etxeetan izaten ditugun produktuen ezagutza, elikagaia gure ahoetara iritsi bitartean izaten duen ibilbidearen eta bilakaeraren berri jasoko dugu», azaldu du Iraitz Garaiburu herriko artzainak.
«Mimo eta ilusio handiz»
Asteburuari amaiera emateko, hirugarren egunean bi kilometroko zirkuitua prestatu dute. Xabi Saralegi zinegotziak adierazitakoaren arabera, «Berastegiko belazeak aire libreko museo bilakatuko dira, eta eskaintza anitzen bitartez, jai giroan bizipen ezberdinei bidea irekiko zaie, artzain kultura bertatik bertara ezagutuz».
Hainbat gunez osaturiko zirkuituan askotariko jarduerak izango dira, eta aurreko egunean bezala, azoka gastronomikoa ere izango da. Frontoian ardi esnearekin egindako kroketak, arkumea burruntzian, mondejua, gazta tarta, mamia eta gazta postuak egongo dira.
Igande goizean zehar, Gazpio artegia bisitatzeko aukera ere izango da, eta horretarako, beartzainkultura@gmail.com helbidera idatzi edo 600 567 730 zenbakira deitu beharko da.
Zuriarrainek nabarmendu duenez, «mimo eta ilusio handiz», auzolanean antolatu dute ekimena: «herriari gerta dakiokeen gauzarik onena da hori, herria elkartu eta elkarrekin herriaren alde lan egitea, alegia». Lagundu dutenei eta erakundeei eskerrak eman dizkie, eta herritar oro gonbidatu du asteburuan parte hartzera.
Egitaraua
Martxoak 1, ostirala
- 14:30. Kafea.
- 14:45. Aurkezpena, Andoni Zuriarrain alkatearen eskutik.
- 15:00. Ardi ile moztaile baten hausnarketak, Joseba Attard-en ahotik.
- 15:45. Berastegiko arkumea proiektua ezagutuz, herriko artzainekin tertulian.
- 16:15. Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain, solasaldia Josebe Blanco artzainarekin.
- 17:15. Mahai ingurua: Zein dira etorkizuneko gakoak?, parte hartzaile guztiekin.
- Ondoren, luntxa parte hartzaile eta entzuleen artean.
Martxoak 2, larunbata
- Astoekin itzuliak artzain kultura ezagutuz, Astotrek enpresaren laguntzarekin:
- 10:00. Garai bateko artzaintza eta bordara bisita. 60 lagunentzat.
- 15:00. Berastegiko belazeetara eta Gazpio gaztandegira bisita. Amaieran, gazta dastaketa. 30 lagunentzat.
* Haurrekin egiteko itzuli aproposak izango dira. Aurretik izena eman behar da: beartzainkultura@gmail.com edo 600 56 77 30 telefono zenbakira deituta.
- 15:00. Udaletxe azpiko aretoan, haurrentzat arkumearen inguruko hitzaldia Oier Ugartemendia eta Iraitz Garaiburu herriko artzainen eskutik.
- Ondoren, arkumea saltzeko kartel baten diseinua egin beharko dute haurrek.
- 19:00. Azoka gastronomikoa, trikitilarien laguntzarekin. Eskualdeko herritarrak eta Euskal Herriko bisitariak gonbidatu dituzte ardikia eta arkumea modu desberdinetan dastatzera. Postu desberdinak jarriko dituzte.
Martxoak 3, igandea
- 2 kilometroko ibilbidea herrian barrena, 10:00etatik 14:00etara, 10 gune desberdinekin.
- Lehen gunea: Hasiera gunea. Plazan izango da 10:00etatik aurrera. Edozein momentutan hasi ahalko du jendeak zirkuitua.
- 2. gunea: Ardien gunea. Ardi latxaren azpi-arraza desberdinen erakusketa. Ilea nola mozten zaien eta nola jezten diren erakutsiko da.
- 3. gunea: Asto itzuliak haurrentzat. Astotrek enpresari esker.
- 4. gunea: Euskal artzain txakurraren erakustaldia. Ardiak nola bildu eta txakurrak nola lan egiten duen ikusteko aukera.
- 5. gunea: Artzainen lan tresnen erakusketa. Andres Etxeberria herriko artzainak egindako tresnen erakusketa eta Aranzadiren artzaintzaren inguruko erakusketa uztartuko dituzte eliza atarian.
- 6. gunea: Herriko musikariak eta photocall-a. Belazeak atzean dituztela argazkiak atera eta sare sozialetara igotzeko aukera.
- 7. gunea: Haurren txokoa. Giltzatakoak egiteko tailerra.
- 8. gunea: Gazta dastaketa azkarra. Herriko artzain gazteen azalpenekin, ordu erdiro.
- 9. gunea: Azoka gastronomikoa. Frontoian. Bazkaltzeko aukera ere egongo da.
- Gazpio artegira 3 bisita:
- 10:00etan, 11:30ean eta 13:00etan. Aurrez izena eman behar da: beartzainkultura@gmail.com edo 600 56 77 30 telefono zenbakira deituta.