ELKARRIZKETA

«Artzaintzarik ez balego, hemengo berdetasuna amaitu egingo litzateke»

Leyre Carrasco 2024ko ots. 29a, 07:58
Jose Inazio Ugartemendia Gazpio gaztandegiko arduraduna. ENERITZ MAIZ

2015az geroztik, enpresako lana utzi eta ardiekin jarri zen buru-belarri Jose Inazio Ugartemendia berastegiarra. Lan sakrifikatua izan arren, gustura aritzen da lanean. Gazpio gazta ekoizten du, eta bere gaztandegiak hainbat bisita jasoko ditu asteburu honetan.

Gazpiora hainbat bisita jasoko dituzu. Nola antolatu dituzu bisitak?

Nondik gatozen, zein bilakaera izan dugun eta zer egiten dugun azaltzen ahaleginduko naiz. Bertan ditugun ardiak ere erakutsiko ditut, baita gazta nola ekoizten den ere. Alegia, eguneroko lanketa eta makinen erabilera azalduko dut.

Lan polita baino gogorra ezta?

Bai, lana oso polita da, baina hau bizitu egin behar duzu. Ni 21 urterekin hasi nintzen mundu honetan, terreno koxkor bat erosi eta ardiak jarri nituen. 2015ean eman nuen saltoa. 40 urte nituela fabrika utzi nuen, 20 urte bertan lanean egon ostean, eta ardiekin buru-belarri jartzea erabaki nuen. Ez naiz damutzen. Ordu asko eskatzen duen lana da, eta sakrifikatua. Asko gustatu behar zaizu, eta nik horregatik jarraitzen dut hemen.

Zer ematen dizu artzaintzak?

Naturarekin lotuta nago eta bizia ematen dit horrek. Ziurrenik artzaintzarik ez balego, hemengo berdetasun polit eta eder hauek amaitu egingo lirateke. Fabrikan nengoenean 8 ordu lanean egotea ikaragarri luze egiten zitzaidan, lan oso monotonoa baitzen eta hemengo lana egunero desberdina izaten da eta bizipen handiak ematen dizkizu honek.

Gizarteak baloratzen du artzainek egiten duzuen lana?

Askok baiezkoa esaten dutela uste dut, baina barrutik ez dute ikusten zenbat orduko lana den. Ez dut inoiz ahaztuko behin azoka batean gertatutakoa, esperientzia txar hark izugarrizko mina eman zidan. Azokara iristean bezeroak ondo ari ziren gazta erosten, baina horietako batek gazta oso ona nuela baina oso garestia zela esan zidan. Nik hau dedikatzen dizkiodan ordu guztiak eta gero ez badut prezio duin batean kobratu behar, askoz hobea izango dut etxean etzanda gelditzea. Hala ere, orain ematen du gazte batzuk hasi direla mundu honetan, baina nik zera aldarrikatu nahi dut: bertako produktuak baloratzen hasten ez bagara eta bertako produktuak kontsumitzen hasten ez bagara, oso ibilbide motza izango dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!