ELKARRIZKETA

«Artzaintzak naturarekiko lotura eta askatasuna ematen dizkit»

Leyre Carrasco 2024ko ots. 29a, 07:57
Ane Urkizu antolatzailea. ITZEA URKIZU

Artzaintza gertu gertutik bizitu du Ane Urkizu berastegiarrak; gurasoak artzainak ditu eta ardi ugari izan dituzte betidanik etxean. Iaz bezala, aurten ere Be! Artzain kultur asteburuarekin bat egingo du berak, «Berastegiko artzain kulturaren alde».

Iazko edizioan antolaketan ibili zinen. Nola gogoratzen duzu?

Iazko edizioa oso positiboa izan zen, batik bat, eguraldiak asko lagundu zuelako eta jende aldetik oso gustura gelditu ginen. Herritar ugarik parte hartu zuten, eta kanpoko jende asko ere etorri zen. Aurten ere iazkoa berdintzea gustatuko litzaiguke, baina ea eguraldiak ez digun baldintzatzen.

Aurten ere tartean izango zara. Zer moduz ari zarete lanean?

Oso ondo. Batetik, udalak lan pilo bat ari da egiten, baina horrez gain, Artzain Mahaia ere badago eta herritar ugari gaude talde desberdinetan antolatuta gaudenak bere aletxoa jartzen hau dena aurrera atera ahal izateko. Baloratzekoa da, eta aldi berean, eskertzekoa Berastegiko artzain kulturan alde ematen ari diren laguntzagatik.

Urtebete honetan helburuak betetzea lortu duzue?

Jendea sektore honekiko kontzientzia hartzen ari dela esango nuke, eta horiek betetzea lortu ditugula uste dut. Jendeak ordu asko dedikatzen dizkio sektore honi eta atzetik dagoen lan guztiak argi utzi du zein gutxi baloratzen dugun askotan.

Zer ematen dizu artzaintzak?

Artzaintzak naturarekiko lotura eta askatasuna ematen dizkidala esan dezaket. Animaliak eta mendia gustuko ditut eta bi horiek uztartzeko lekua dela esango nuke.

Jendea animatzeko mezurik?

Astebururako plan polita iruditzen zait, eta animatzeko, beti dagoela zerbait ikasteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!