Dena prest Berastegiko artzain kultur astebururako

Tolosaldeko Ataria 2024ko ots. 29a, 07:59
Iazko edizioan Juangone baserriko bordara bisita egin zuten. IRATI SAIZAR

Bihartik igandera arte artzaintzaren alor ezberdinak ezagutzeko aukera izango da Berastegin; BE! Artzain kultura asteburua antolatu dute, bigarrengoz

Bigarrengoz ospatuko dute BE! Artzain kultur asteburua Berastegin, artzain kultura erakutsi eta balorean jartzeko asmoarekin. Hain zuzen, ostiralean emango diote hasiera, hausnarketarako prestatu dituzten jardunaldien bidez, eta larunbata eta iganderako, astoekin bordara bisita gidatuak, herriko artzain gazteen eskutik haurrentzat gazta kultura ikastaroa, azoka gastronomikoa, artzain kultura ezagutzeko aire libreko museoa edota arkume jatea izango dituzte, besteak beste.

Aurtengo edizioak, ordea, hainbat berrikuntza izango dituela azaldu dute Berastegiko udaletik: «Herriko taberna zein jatetxeek artzaintzarekin lotura duten elikagaiez osatutako menuak eskainiko dituzte eta produktuak erosteko aukera ere izango da». Larunbat eta iganderako azoka gastronomikoa ere antolatu dute. Postu desberdinak jarriko dituzte eta bertan hainbat produktu jateko zein edateko aukera ere egongo da. Larunbatean, gainera, trikitilariek alaituko dute azokako giroa. Udalak eskualdeko herritarrak eta Euskal Herriko bisitariak gonbidatu nahi izan ditu ardikia eta arkumea modu desberdinetan dastatzera.

Horrekin batera, asteburu honetan Berastegira gerturatzen diren herritarrentzat erraztasunak eskainiko dituzte, autokarabanak uzteko eremua edota herriko landetxeetan ostatu hartzeko aukera izango baitute.

IZEN EMATEA ZABALIK

Lehendabiziko edizioan egin bezala, larunbatean, astoekin itzuliak egiteko aukera izango da, Astotrek enpresari esker. Batetik, Besabietako bordara joango dira, eta bestetik, herriko belazeetatik ibiliko dira, eta Gazpio gaztandegira joko dute. Bi ibilbideetan gazta dastatu ahalko da, eta parte hartzeko beartzainkultura@gmail.com helbidera idatzi edo 600 567 730 zenbakira deitu beharko da. Igande goizeko Gazpioko bisita gidatuetarako ere aurrez izena eman beharko da helbide eta zenbaki berean.

Ikusi egitarau guztia hemen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!