Hasi da Euskal Herria zeharkatzen bi urtean behin itzularazten duten euskara bolada. Euskara Gara lelopean Atharratzetik (Zuberoa) atzo abiatu eta, Bilbora bidean, bi txandatan pasatuko da 24. Korrika eskualdetik: martxoaren 23an eta 28an. Aurtengo edizioak, guztira, 2.175 kilometro eta 3.346 lekuko hartze inguru izango ditu; eta zuzenean jarraitu ahal izango da hainbat euskarriren bitartez, horien artean, hedabideen saio berezietan eta zuzeneko emisioetan.
Astelehenean, hilaren 23an, Lizartzara iritsiko da lehenik, 21:33ean, eta 23:59an heldu da Adunara, tartean, Leaburu, Tolosa, Ibarra, Anoeta, Irura, Amasa-Villabona eta Zizurkil gurutzatu ondoren. Bigarren egunean, martxoaren 28an, berriz, 12:58an iritsiko da Ikaztegietara, eta 14:31ean joango da Bidania-Goiatzera, bidean Alegia, Altzo, Tolosa eta Albiztur igarota.
Arrakasta herriz herri
Xabier Etxaniz eskualdeko Korrika arduradunak gogobeteta egin du hitz aurreko lanaren inguruan: «Oso motibagarria da ikustea zenbateko konpromisoa hartzen duten batzordeetako kideek. Haizea alde daukagula arraun egitea da horrelako jendearekin lan egitea».
Tolosaldeko ia herri guztietan hartu du norbaitek antolatzeko ardura, eta herri gehienek prestatu dute plangintza Korrika iristen denerako zein aurreko egunetarako: «Txokolatadak, herri kirolak, meriendak, bingo musikatua, dantza saioak, herri afariak... Egitarau aberatsak prestatu dituzte, bai martxoaren 23aren bueltarako, eta baita martxoaren 28rako ere».
Aterpe zabala
Ekimenaren barruan antolatzen duten proiektuetako bat da Korrika Kulturala, eta aurten Kaka komedia ari dira ematen. Korrika Kulturala ekimenaren aurretik eta bitartean antolatzen diren jarduera kulturalek osatzen dute, eta helburu du, besteak beste, euskararen erabilera eta sormen kulturala herriz herri sustatzea.
Horrez gain, aurreko ediziotik sormen beka bat ere prestatzen dute, Korrika Kulturaleko ekitaldi nagusia sortzeko proiektu artistiko bat saritzeko. Hain zuzen, sari hori irabazi zuen Kaka antzerki obrak, eta eskualdean lasterketa pasa ondoren antzeztuko dute, zehazki, maiatzaren 16an, Tolosako Leidor antzokian.
Kultur ekitaldiez aparte, bidean, jakina, kilometroz kilometro eramango dute lekukoa, eta instituzioek, elkarteek zein askotariko eragileek hartuko dute parte, beste urte batez, ekimenean. Xabier Etxaniz eskualdeko Korrika arduradunak «lekuko hartze berezi asko» egongo direla aurreratu du, eta horien artean nabarmendu ditu pare bat: «Adibidez, Naizen haur transexualen elkarteak Ikaztegieta eta Alegia artean hartuko du lekukoa. Horrez gain, euskal diasporaren lagunek ere hartuko dute lekukoa Olarrainen; horrekin ere gogotsu gaude, pozgarria baita euskara gure mugetatik kanpora entzutea». Zentzu horretan, Etxanizek nabarmendu du «oso altua» izango dela parte hartzea, norberak egiten duela «berezi» lekuko hartze bakoitza, eta guztiak izango direla «azpimarragarriak».
Ahaleginaren lekuko
Aitortzak, omenaldiak, izendapenak, erreleboak... Asmo adina arrazoi egon litezke lekukoa nork eramango duen erabakitzeko; eta, Baliarrainen, ahalegina sarituko dute. Hain zuzen, Zartagi Ostatuko Maria Martinez zerbitzaria aukeratu dute «ohore handiz» ordezkari gisa, «euskararekin eta herriarekin izan duen jarrera» dela-eta.
Azaldu dutenez, euskaraz ematen du zerbitzu osoa, zenbait kasutan gaztelerara jotzea errazagoa bazaio ere: «Badakigu esfortzu mental handiagoa eskatzen dizula euskara erabiltzeak batzuetan, baina hortxe saiatzen zara, inongo lotsarik eta beldurrik gabe». Eta ildo beretik goraipatu dute jarrera, besteak beste, hitzen bat bururatzen ez zaionean sinonimoak bilatzen hasten delako «bertsolarien tankeran»; eta, bestalde, euskarari eusten diolako herritarren batek berarekin gaztelerara jotzen badu ere.
Martinezek, bestalde, adierazi du «sorpresaz eta ilusio handiz» jaso zuela proposamena. Jaiotzez gasteiztarra bada ere, gaur egun Baliarrainen bizi da eta aipatu du «ohorea» dela herriko lekukoa eramatea. Bestalde, kontatu du B ereduan ikasi zuela, eta txikitatik «asko» gustatzen zaiola euskara: «Nire hizkuntza sentitzen dut, eta Korrika hori mugiaraztea da. Ilusio handia egiten dit, benetan».
«Esker hitzak besterik ez ditugu, Baliarrain euskaldunago egiten duzulako», horrela adierazi dute esker ona herritarrek Martinezi zuzendutako gutun batean. Eta hari berari tiraka gaineratu dute haren erabaki pertsonala izan bada ere, «eragin handia» duela herrian: «Halako herri txiki batean euskarak duen garrantziagatik; bai komunikazio, identitate eta mundu ikuspegiagatik. Ohore handiz, harrotasunez, zure atzetik joango gara aurtengo Korrikan, irribarre batekin».